Mikel Zubimendi

Egon zitezkeen agertoki txar guztien artean okerrena ekarri duten emaitzak

AEBetako sistema politikoa eta gizartearen barne loturak mehatxupean daude, krisi konstituzional baten atarian, hauteskundeen emaitzokin. Giroa erabat gaiztotuta, gerra judizial luze eta latza espero da.

Kezkarekin, aztoraturik begiratzen dio munduak AEBetako hauteskundeek utzi duten linboari. Trumpek ez du galdu, ezta Bidenek irabazi ere. Hauteskunde gaua izan beharko litzatekeena, hauteskunde astea bilakatu da, irabazle argirik gabe, dena ikuskizun. Bitxia da giroa, handia eta oso itsusia den zerbait gerta daitekeela sumatzen da, mundu osoan, hizkuntza guztietan.

Gauzak argi: herriak ez du Trump gaitzetsi. Ezta, Trumpek nahi zuen bezala, berretsi ere. Bidenek promesa bera mailukatu du, behin eta berriro: eman iezadazue botoa eta hau guztia bukatu da, Trumpen eromena, inkonpetentzia eta anabasa. Trumpek, baina, 2016an baino marka hobea lortu du. Ez da bere aurkako zaplazteko historikorik egon. Pandemiak ez du trumpismoarekin amaitu, are, koronabirusak gogorren kolpatu duen eremuetan botoa eman diote. Bere oinarria ez da desegin, ez da gogogabetu, hazi egin da, latinoen artean bereziki. Hamar estatubatuarretatik lau bere aldekoak dira, egin kontu.

Irabaz dezake Bidenek, bai horixe, baina gal dezake lasai asko ere. Irabazi, gainera, ez inkestak aurreikusten zuten aldearekin, Trump jo eta bertan KO utziz. Bidenek irabazten badu ere, Senatua ez du kontrolatuko. Eta Trump joaten bada, errepublikanoek ez dute arbuiatuko, ez dute lurperatuko, kopiatu nahi izango dute. Trumpen itzala eta kontrola alderdi errepublikanoan luzerako izango da.

Zuriek, edadetuek batez ere, eman diote botoa Bideni, latinoek ez, eta afro-amerikarrek bai, baina ez uste bezain beste. Hillary Clintonek emaitza hobeak izan zituen boto-emaile talde horietan. Baina Barack Obamarenak baino kaskarragoak ziren. Beraz, patroi bata nabarmentzen da hemen, ezkerrarentzat hausnartzeko moduko kontua: demokratek bototan behera egin dute gutxiengoen artean; eta, jakina, Trumpek gora.

«Hauteskundeen lapurreta», «iruzurra», hitz oso larriak dira presidente baten ahotan. Baina sorpresarik gabeko sorpresa dira, Trumpek aurreratu egin baitzuen bere gidoia. Eta emaitzak utzi duten egoera eta giroa nola berotzen ari den ikusita, profezia autobetea dirudi, goitik behera. Prebentiboki zalantzan jartzen zituen emaitzak, eta, behin emaitzak jakinda, dena dago zalantzan. Eta aurreratu du jada bere jokaldia: ez du amore emango, irabazle aldarrikatu eta Auzitegi Gorenera joko du.

Aurreikus daitezke Trumpen kanpainak jarriko dituen salaketa judizial amaigabeak, saiatuko dela iltzea behin eta berriz mailukatzen: hauteskunde egunean zenbatu ez diren botoak ez dira legalak. Nolabait baliogabetuta geratzen direla. Guztiz faltsua dela gauza jakina da, estatuek postazko botoak hauteskundeen ondorengo egunetan zenbatzen baitituzte. Eta Trumpen abokatuek hori badakite.

Berdin da, baina. Trumpek ez du bere porrota onartuko, azken zirrikituraino luzatuko du auzia, eta, epaitegiek arrazoi emango ez baliote ere, ez du amore emango, sekula. Horrek dimentsio berri bat zabaltzen du, krisi konstituzional baten mehatxua, AEBen historian inoiz ezagutu ez den ataka. Presidentea nor den ebazteko gerra judiziala luzea eta latza izango da.

Trumpen presidentetzak familiak banatu eta lagunak haserretu ditu. Utzi duen kaltea ez da erraz konpontzekoa. Gerra zibilak anaia anaiaren kontra jarri zuen, Vietnamgo gerrak gurasoak seme-alaben kontra, eta Trumpen aroak itsaso batetik besterainokoak diren harremanak sortu ditu, polarizatuak eta tirabiratsuak. Jendea jarrera bat hartzera behartu du, «nire alde» edo «nire kontra».

AEBetako gobernuaren oinarrizko erakundeak etengabe auzitan jarri ditu Trumpek, eta lortu du zerbait, agian nahi zuena: bere sisteman sinesten ez duen superpotentzia dira gaur egun AEBak. Herrialdearen erreputazio demokratikoa kolokan dago, lehertzear, eta Europara helduko da uhina. Noiz arte egingo dio Trumpek uko Etxe Zuria uzteari? Ba al da norbait Trump gelditzeko gai? Auskalo! Ziurgabeegia eta oso arriskutsua da egoera erantzun ahal izateko.