NAIZ

Oier Oa atxilotu du Polizia frantsesak

Arratsaldeko laurak aldera, Baionara lan egitera zihoanean atxilotu du Polizia frantsesak Oier Oa, Larresoron bizi den Donostiako preso ohia. 2015eko uztailaren bian geratu zen aske Oa, Polizia frantsesak Polizia espainiarren esku utzi ostean. 

Oier Oa Sartrouville hirian, berriki Mediabask-ek argitaratu duen erreportaje baterako hizketan.
Oier Oa Sartrouville hirian, kartzelatik atera ostean konfinatua izan zenean. MEDIABASK.

Larresoro eta Baiona artean Polizia frantsesak ezarri duen kontrol batean geratu ostean izan da atxilotua Oier Oa donostiarra, azaroaren 25ean, arratsaldeko laurak aldera.

2015eko uztailean aske geratu zenetik Larresoron bizi da bere emazte eta hiru semeekin eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan lan egiten du hezitzaile moduan.

Hain zuzen azaroak 26an, 13.30ean, elkarretaratzea eginen dute lizeoan atxiloketa salatzeko.

Oier Oak sarritan egin du Larresoron bizitzeko eskaera, baina ez du inoiz oniritzirik jaso. Preso ohiak lurralde debekua badu Estatu frantsesean.

Atxilotua izan ostean donostiarra Hazparneko komisariara eraman dute. Bidean, eskuburdinik gabe zegoela eta mugikorra oraindik soinean zeramala, lagun bat deitu du Oak, arratsaldeko 16.17an, atxilotua zeramatela esateko.

Gauzak honela, senideek eramandako arropa jaso ahal izan du Oak Hazparneko komisaldegian, baina gaua han pasako duela jakinarazi dute poliziek.

Jerome Bourrier prokuradoreak Kazeta.eus-i azaldu dioenez Fijait fitxategia ez errespetatzeagatik atzemana izan da Oa. PNAT, Parisko Terrorismoaren aurkako Fiskaltzarekin harremanetan den prokuradoreak arratsaldean zehaztu behar luke ea prozedura zabalduko duen.

Oier Oa 2012ko otsailaren 24ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Angelun eta lau urteko espetxe zigorra beste ostean aske geratu zen 2015eko apirilaren 4ean, baina Paris inguruan dagoen Saint-Germain-en-Laye herrian konfinatu zuten.

Urte bereko ekainaren 17an berriz atxilotu eta erretentzio zentro batean atxiki zuten uztailaren 3a arte. Egun horretan Madrilgo Barajas aireportura eraman zuten eta aske geratu zen. Ordutik Larresoron bizi da familiarekin Donostiako preso eta iheslari ohia.

Kontroletan beste hainbat atxiloketa

Azkenaldian kontrolak areagotu ditu Estatu frantsesak bai mugan baita errepide zein hiri nagusietan ere. Jihadismoaren mehatxuari erantzutea eta osasun protokoloa betearaztea lukete xede Prefeturak agindutako kontrol horiek.

Gauzak horrela, hainbat preso ohi kontroletan gelditu eta Oa bezala atxilotuak izan dira. Hala gertatu zen Igor Uriarterekin, Urruñan bizi den arabarrarekin.

Uriartek Gasteizera itzuli behar izan du Parisko auzitegiari lurralde debekua altxatzeko eginiko galderaren erantzunaren zain. Igor Uriarteri bere egoera administratiboa erregularizatzeko urtebeteko epea eman zion Baionako auzitegiak joan zen urriaren 8an.

Uriarterena ez da kasu bakarra. Peio Alcantarilla kontrol batean gelditu zuten joan zen azaroaren 11n lanetik bere Urruñeko etxera bueltan zihoala.

Heldu den abenduaren 14an aztertuko dute Baionako auzitegian Fijait fitxategia dela-eta zein den preso ohi irundarraren egoera.