Arnaitz Gorriti

Bigarren itzulia eta Berezhynska fitxaketa berria garaipenaz estreinatu gura ditu Araskik

Extremadurako Al-Qazeres eraberritua izango du aurkari Gasteizko taldeak 18.30etan hasita Mendizorrotzan. Etxean jokatuko duen 2020ko azkenengo neurketan hirugarren garaipena segidan bilatuko du talde arabarrak, Kopatik at geratu ostean playoffetarako sailkatzeko ahaleginean murgilduta.

Gernikan bi denboraldi egin ondoren, ostiralean Araskirekin debuta egingo du Valeriya Berezhynska ukrainiarrak. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Gernikan bi denboraldi egin ondoren, ostiralean Araskirekin debuta egingo du Valeriya Berezhynska ukrainiarrak. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularreko bigarren itzulia hasiko du ostiral honetan Kutxabank Araskik 18.30etan eta, bide batez, 2020ko azkenengo neurketa jokatuko du talde arabarrak. Hori gutxi ez eta, Zamarat taldetik fitxatu berri duen Valeriya Berezhynska hegal-pibot ukrainiarrak ere debuta egingo du Madelen urietaren aginduetara. Gernika Bizkaiako jokalari ohiak –34 urte 1,93 metro– 9,9 puntu eta 4,8 errebote lortu ditu batez beste aurreneko itzulian, eta bere altuera zein eskumutur fina baliatuko ditu Gasteizko taldeak ostiraletik aurrera.

Aurkaria Extremadurako Al-Qazeres izango da, Emakumeen Ligako hamahirugarren sailkatua 4-10eko balantzeaz, Araskik baino partida bat gutxiagorekin. Aurreneko itzulian arabarrak ez ziren fin aritu Extremadurako lurretan eta 78-62 galdu zuten. Orain berriz, itxura baten Araski sasoiko mementorik txukunenean dago. Nahiz eta Anna Cruz galdu –Casademont Zaragozarekin sinatu berri du eskolta katalanak–, Araskik aurreneko itzuliko azken bi neurketak irabazi ditu eta sailkapen nagusiko hamaikagarren postuan joan, 6-9ko balantzearekin, zazpigarren postua –uneotan IDK Euskotrenen esku– garaipen bakarrera dauka.

Izan ere, Kopatik at geratu da talde gasteiztarra, baina denboraldia ez zaio amaitu, ezta gutxiago ere, Ligako playoffetarako sailkatzea baitu xede Madelen urietaren taldeak. Horretarako sailkapeneko zortzi onenen artean sailkatu beharra dago eta, ondorioz, Mendizorrotzako partidetan ezin da barkatu.

Ezin da, ordea, Araski bere aurkariaz fidatu. Aurreneko itzulia amaitu den honetan, hainbat aldaketa egin berri ditu, baina ez du kalitaterik galdu. Becca Hitner hegalekoa Donostiara joan zaie, baina haren lekuan Alexis Jones estatubatuarra ekarri berri dute. Ez da hau Jones Extremadura aldera joango den aurreneko aldia; izan ere, 2017/18 denboraldian hegaleko iparramerikarrak 21,6 puntu, 3,8 errebote eta 2,5 asistentzia lortu zituen batez beste.

Horrez gain, argi ibili beharko dute Eleanna Christinaki greziarrarekin, aurreneko itzulian 20 puntu sartu baitzizkion Araskiri eta Vicky Llorente pibot argentinarrarekin, uztaipean sekulako borrokalaria baita.