
Aratusteetarako 50 egun falta direnean, ostiral honetan Bilboko Arriaga plazan egindako agerraldi baten bidez 2021eko Aratusteak ez egitea proposatu dute Bilboko konpartsek. «Prebentzio irizpideei eta elkar-zaintza filosofiari jarraiki», osasun baldintzarik ez dagoela uste dute eta Aratusteak bertan behera uztea proposatuko dute Bilboko Jai Batzorde Mistoan, eragile guztien artean erabakitzeko.
Konpartsak aztertzen ari dira modu telematikoak. Hala ere, zail ikusten dute Aratusteen «balore nagusiak diren kritika sozial eta politikoari eta anabasari bide telematiko duina ematea, fribolitatean erori barik». «Ez genuke nahi programatzeagatik programatzea, baina aztertzen gabiltza aukerak eta ez gaude bestelako proposamenei itxita», adierazi dute Itsaso Aldaiturriaga eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsen bozeramaileek.
Proposamen hori Jai Batzorde Mistora eramango dute, erakunde horrek antolatzen baititu Bilboko Aratusteak, «bertan denon artean ditugun proposamenak baloratu eta erabaki dezagun». Konpartsek azaldu dutenez, aurretik eskatu izan dute batzorde hori abenduan batzea. Izan ere, uste dute «oso berandu» dabilela batzordea aurten eta premiazkotzat jo dute ahalik eta lasterren informazioa eta ziurtasunak ematea bilbotarrei, elkarteei, kolektiboei, sortzaileei eta artistei, nork bere planak egin ditzan.
Horregatik, Itziar Urtasun jai zinegotzi eta Jai Batzorde Mistoko presidenteari eskatu diote batzordea «premiaz» batu dezan, «Gabonak baino lehen, edo gutxienez, Urtebarria baino lehen».
«Ardura kolektiboa»
«Ardura kolektiboa dugu herritar, elkarte eta kolektibo orok pandemia garaian kutsatze bideak murrizteko. Baina argi esan beharra daukagu gure harri koxkor hori jartzea ez dela nahikoa. Ez da posible pandemiari aurre egitea bitartean erakundeek osasungintza publikoan murrizketak egiten segitzen badute», adierazi dute Bilboko konpartsek.
Bestalde, gogorarazi dutenez, asteazkenean Deustuko Elkartasun Sareak deitutako kontzentrazioan parte hartu zuten konpartsek Deustuko anbulatorioko osasun langile eta erabiltzaileekin batera, gauez osasun zentroa itxi ez dezaten aldarrikatzeko.
Bide horretatik, bilbotarrei eskatu diete Aratusteen balore nagusiak berreskuratu eta kritika sozial eta politikoa erabiltzea, osasungintza eta bestelako zerbitzu publikoak defendatzeko, lan baldintzen alde egiteko eta okerren daudenak babesteko sareak sustatzeko.
«Denon artean lortuko dugu covid-19aren krisi krudelarekin batera pairatzen dugun krisi ekonomiko larria betikook ordain ez dezagun!», amaitu dute.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El PNV defiende a Imaz y el PP lo elogia tras doblegarse ante Trump y una pintada en Zumarraga

Guardia Zibilak Altsasuko gaztetxearen eta Udalaren aurka egin du, zazpi kontzertu aitzaki

La Ertzaintza registra el Ayuntamiento de Getxo por el derribo del palacete Irurak Bat
