Jon Ormazabal

Garaipen ez osoa Jaka-Martijak, esperantzarako bide ematen duen porrota Ezkurdia-Galarzarentzat

21-15 aurretik joan diren Jaka-Martijak asko sufritu dute euren lehen puntua (22-21) eskuratzeko hobekuntza nabarmena izan duten Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka.

Julen Martijak eman dio oreka partida ero eta gorabeheratsuari. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Julen Martijak eman dio oreka partida ero eta gorabeheratsuari. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Nahi baino gehiago sufrituta lortu dute Jaka eta Martijak Binakako txapelketa honetako euren lehen puntua, partida oso gorabeheratsu batean Ezkurdia-Ladis Galarzari tanto bakarraren aldeaz gailenduta. Garaipenak ziurra zirudien 17-10 eta 21-16 aurreratu direnean, baina bikote nafarrak ez du amorerik eman eta gauzak ikaragarri zaildu dizkiete partida 21-21 berdinduta. Erik Jakak, ordea, ez da kikildu, azken tanto horretan gantxo bikain batez Ezkurdia zabalean behartu eta txokoan lortu du tanto erabakigarria.

Ez da askotan gertatzen, baina partida amaieran bi bikoteek zituzten pozik eta kezkatuta egoteko arrazoiak. Txapelketa batean garaipena izaten da ia helburu bakarra eta hura eskuratuta, lasai joan dira etxera Lizartzakoa eta Etxeberrikoa, nahiz eta nahi baino gehiago sufritu behar izan duten partida ixteko. 22ra heldu ezinik, ezin gustura egon Ezkurdia eta Ladis Galarzak, baina batez ere partidaren amaieran, orain arte ez bezala lehiakorrak izan dira nafarrak, bikote bezala jokatzea lortu dute eta oraindik geratzen den guztiari begira esperantzarako bide bat ireki dute.

Gehienean presaka jokatutako partida ero batean, Julen Martija izan da gorrien garaipenari beharrezko pausa jarri dion pilotaria. Unerik txarrenean, partida 21-19 zela egin du partidako bere huts bakarra atzelari nafarrak, pilota bat goiko koltxoira botaz, baina lehia osoan zehar sekulako bermea eman dio Erik Jakari eta hori gauza handia da horrenbeste arrisku hartzen dituen pilotari batentzat. Tarteka eskuina erreta izatearen itxura eman du lizartzarrak, baina ausart aritu da eta ausardia horrek azkenerako saria izan du azken tanto bikain horrekin.

Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzak, euren aldetik, askoz gorabehera gehiago izan dituzte partidan zehar eta azkenerako ihes egin die eskuetan ikusi duten lehen puntu desiratu horrek. Partidak hiru fase bezala izan ditu, hirurak urdinek egindako akatsek baldintzatutakoak hein handi batean. zabalera ihes egindako pilota batekin eta erantzun gabeko sake batekin, ez du partida ondo hasi Ladis Galarzak, baina partida aurreko koadroetan jokatu da gehienbat eta Joseba Ezkurdia gai izan da lehia lehen erdi horetan orekatuta eta baita aurretik zirela mantentzeko ere (7-9).

Hortik aurrera, ordea, gauzak asko zaildu zaizkie nafarrei. Hutsen emaria geratzea lortu badu ere, Ladis Galarzak ez dio konfiantza gehiegirik eman Ezkurdiari, hau presaka antzean aritu da eta Jaka-Martija sendo batzuek ez diote aukerari pasatzen utzi markagailuan ihes egiteko (17-9).

Pilotak, ordea, gastatu egin dira eta lurrean gutxiago ibiltzen zen batekin askoz erosoago aritu da Baraibarreko atzelaria, eginda zirudien partidaren norabidea erabat aldatuz. Agintzen hasi da Galarza, Ezkurdiak aukera hobeak izan ditu aurrean eta inork gutxik espero zuenean, partida (21-21) orekatzeko gai izan dira. Ez dute punturik lortzerik izan, baina gutxienez euren jokoak nondik joan behar duen ikusteko modua izan dute.

 

PARTIDAKO FITXA:


Jaka-Martija: 22

Ezkurdia-Ladis Galarza: 21


Pilotakadak: 604. Iraupena: 73,57 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1,4-1, 4-4, 5-4, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-9, 14-9, 14-10, 17-10, 17-13, 18-13, 18-15, 20-15, 20-16, 21-16, 21-21, 22-21. Sakeak: 1 Jakak eta 0 Ezkurdiak.  Tantoak: 9 Jakak, 2 Martijak, 11 Ezkurdiak eta 2 Ladis Galarzak. Hutsak: 7 Jakak, 1 Martijak, 6 Ezkurdiak eta 4 Ladis Galarzak. Gorabeherak: Binakako txapelketaren hirugarren jardunaldiko jaialdia Eibarko Astelenan, ateak itxita.