NAIZ
DONOSTIA

EH Bildu: «Surf park bat bateraezina da larrialdi klimatiko egoerarekin»

Martutenen eraiki nahi duten surf park-aren Plan Orokorraren izapidetzea bertan behera uzteko eskatuko du koalizioak. «Bateraezina da larrialdi klimatiko egoera batekin», adierazi du «aurkako ahots asko, bai eremu ekologistatik bai surflariengandik» sortu dituela gogora ekarriz.

Markel Ormazabalek eta Garbiñe Alkizak Antondegiko Surf park eta larrialdi klimatikoaren egoeraren inguruan eman duten prentsaurrekoa. (EH BILDU)
Markel Ormazabalek eta Garbiñe Alkizak Antondegiko Surf park eta larrialdi klimatikoaren egoeraren inguruan eman duten prentsaurrekoa. (EH BILDU)

Donostiako EH Bilduk mozio bat eramango du bihar gipuzkoar hiriburuko udaletxean egingo den osoko bilkurara. «Surf park-en eraikuntza bateraezina da larrialdi klimatiko egoera batekin», adierazi dute ohar baten bidez.

Mozio horretan, proiektua gauzatzeko behar den Plan Orokorraren aldaketaren izapidetzea bertan behera uzteko eskatuko du koalizioak, Donostiako Udalak, 2020ko martxoaren 17an, adostu zuen Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioan jasotzen diren erronkak lortzeko «lehen urrats» gisa.

Era berean, hiriko surfaren sektorea garatzeko «proiektu jasangarriak eta alternatiboak abian jartzeko» eskatuko dute. Eta, bide beretik hiriburuko Udal Gobernuak «lehenbailehen larrialdi klimatikoaren deklarazioa ezartzen hastea» defendatuko dite. Izan ere, onartu eta 10 hilabete geroago, oraindik ez da martxan jarri.

Gogora ekarri dutenez, adierazpen horri lotutako ekintza proposamenean, ‘Lurraldea’ atalean zehazki, besteak beste, honako hau jasotzen da: «Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea». Eta EH Bilduren iritziz, «parke tematiko berri honek Martutene auzoan urbanizatu gabeko lurzorua artifizializatzea ekarriko luke».

Proiektuak «aurkako ahots asko» sortu dituela azpimarrtu du, «bai eremu ekologistatik bai surflariengandik». Izan ere, irabazi asmorik gabeko Surfrider elkartea Europako surflariek sortua, 12.000 kide baino gehiago dituena, azpiegitura horien aurka agertu da. «Funtsean, surf-park hauen ingurumen-inpaktua surfari egiten dioten ekarpena baino handiagoa dela diote. Izan ere, azpiegitura horiek energia eta ur kontsumo handia eskatzen dute, eta lurzoruaren artifizializazioa dakarte, eta ez da igerileku erraldoi bat eraikitzera mugatzen, errepideak, aparkalekuak eta abar eraiki behar dira, habitatak suntsituz eta biodibertsitatea desagerraraziz», azpimarratu du koalizioak.

Donostiako proiektua aurkeztu baino egun batzuk lehenago Donibane Lohizunen antzeko egitasmo bat bertan behera utzi zela ekarri dute gogora. Kasu horretan 60.000 sinadura baino gehiago lortu ziren egitasmoaren aurka.

Aldaketaldia dinamikarekin bat

EH Bilduk hiri ereduaren inguruko «gogoeta sakona egin eta berau berregokitzea» defendatu du. «Klima aldaketak izan behar du gure garapen ereduak birpentsatzeko aukera, baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen, baita gure inguruko ekosistemekin dugun harremana berriz ere pentsatzeko».

Zentzu horretan ‘Aldaketaldia’ dinamikak egun hauetarako antolatu dituen ekitaldiekin bat egin du koaliziak. Honela, Galdys Enea parketik, larunbatean, 17:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.