naiz

Mugen aurkako mobilizazioarekin amaitu da EMMren V. nazioarteko ekintza

Mugen eta transnazionalen kontrako manifestazio eta performance-arekin eman diote bukaera larunbat honetan Emakumeen Mundu Martxaren V. nazioarteko ekintzari, ‘Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!’ leloarekin.

Emakumeen Mundu Martxaren mobilizazioa. (Bob EDME)
Emakumeen Mundu Martxaren mobilizazioa. (Bob EDME)

Hendaiako plazatik hasi da Emakumeen Mundu Martxan (EMM) deitutako mobilizazioa 11.00etan, ordu erdiren buruan Irun eta Hendaia arteko Santiago zubira iritsi den manifestazioarekin. Aurreko astean beste ibilbide bat egin zuten gaurko mobilizaziora deitzeko.

Santiago zubian elkartu dira Hendaiatik zetozenak Hego Euskal Herritik abiatu diren emakumeekin. Handik, bi ilaratan atera dira emakumeak, bikote bakoitza Euskal Herri osotik jasotako zapiak helduta. Artista desberdinek ekintza girotu dute manifestazioaren gidatu duten kamioitik.

Irungo San Juan plazara abiatu dira, eta handik buelta eman ostean itxita dagoen Avenida zubira joan dira, mugara berriz. Han, performance bat egin dute emakume migratu eta arrazializatuek. Alternatiben zubiak irudikatu dituzte zapien bidez eta muga zurrunak, migrazio politikak eta transnazionalak sostengatzen dituen sistema arrazista gaitzetsi dituzte.

Identifikazioak

Abenida zubian performance-a egin bitartean, paradoxikoki, metro gutxira dagoen Santiago zubian Polizia frantsesak galarazi egin die zenbait emakumeri muga zeharkatzea eta identifikazioak ere egon dira, antolakuntzak salatu duenez.

EMMren hasierako asmoa Santiago zubian alternatiben azoka egitea zen, baina, segurtasun neurri guztiak beteko zituztela segurtatuta ere, Irungo Udalak ez zien baimenik eman. Horregatik, egun gutxitan ekintza birplanteatu eta manifestazioa egin dute.