Zenbakien mintzoa: hilketa sexisten laurdena %10eko biztanlegoa duen Ipar Euskal Herrian

Bortizkeria sexistak salatzeko telefono zenbakia Estatu frantsesean. (BOB EDME)
Bortizkeria sexistak salatzeko telefono zenbakia Estatu frantsesean. (BOB EDME)

Gizarte politikak eta biztanlegoaren kontzientziazioa zenbakietan neurtu daitezke, biztanlegoaren %10a duen Ipar Euskal Herrian 2003tik izan diren hilketa sexisten %25a gertatu da (‘Berria’k Emakunderen babesarekin eman datuen arabera). 2003tik eta orain arte 110 feminizidio egon dira Euskal Herrian, eta horietatik 27 iparraldeko hiru lurraldeetan.

Biarritzen hilketa sexista bat izan da aste honetan, Poliziak gailentzen duen teoriaren arabera. Eta horrek izan duen erantzunean ere zenbakiek hitz egiten dute: eremu politikoan bortizkeria matxistaren salaketen kopurua 1 izan da, EHBai koalizioaren eskutik.

Elkarretaratzea deitua izan da, Ipar Euskal Herriko Asanbladaren eskutik, Biarritzeko herriko etxearen aitzinean. Bertan parte hartzera auzapeza hurbiltzeko aukera %0,1ekoa dela esango nuke, Herriko Etxeak ez baitu adierazpenik egin, eta orain arte izan diren mota honetako hilketak salatzeko bertaratu diren auzapezen kopurua adierazgarria delako: 0.

Elkarretaratzeetan parte hartzen duten pertsonen kopuruari ere begiratu behar zaio. Duela ez hainbeste urtera arte, hilketa nonahi izanik ere protesta ekintza Baionan solik egiten zen, bertan bakarrik zegoelako aski moblizizazio gaitasuna hori antolatzeko. Kontzentrazioetan sarritan 10-15 bat pertsona ikus zitezken pankarta atxikiz, eta bertaratutakoen adinari begiratuta, batezbestekoa 50 urtekoa zela esan daiteke, %90a emakumeak zirelarik.

Elkarte feministei begiratuta gauza bera gertatzen zen, garaian Baionako elkarretaratzeak antolatzen zituen Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feminista zen interlokutore finko bakarra.

Orain zenbakiak aldatzen ari dira, elkarte feminista gehiago badira, zehazki zenbatu ahal izatea zaila izateko aski, herrika, eta inguru ezbedinetako jendeari lotuta, eta abiadura aski handian sortzen ari dira. Sortzaile eta parte-hartzaileen artean gazteak dira anitz, horrek batezbestekoa anitz jaisten duelarik.  

Ondorioz elkarretaratzeetan ere aldaketa ematen ari da, parte-hartzaileak hamarnaka zenbatu daitezke, gazteak ere badira, eta hilketa izan den herrietan ere egiten hasi dira. 2018an Donibane Garazin izandako hilketa sexista aldaketaren adierazlea izan zen, eta birako bat suposatu zuen, Nafarroa Behereko hiriburuan berean hamarnaka zenbatu ahal izan zirelako salaketa adierazpenak eta elkarretaratzean bildutako pertsonen kopurua.

Gaiarekiko sentsibilizaio kanpainak ere handitu dira, 2019an gogoeta prozesu bat abiatu zuen Gobernu frantsesak, bikote barneko bortizkeriaen kontra borrokatzeko. Euskal Elkargoa ere horretan ari da, eta herriko etxeen artean ere kopuruak handitzen ari dira, duela gutxira arte Donibane Lohizunekoa baitzen horrekiko sentsibilizazio kanpaina egiten zuen bakarra.  

Erakunde publiko horien eskutik heldu da bortizkeria sexista pairatzen zuten emakumeei harrera egiteko toki berezituak sortzeko gaitasuna. Eta horretan ere kopuruak mintzo dira: 0 ziren duela lau urtera arte; orduan, larrialdi egoeran zeuden pertsona guztiak zeuden tokietan egiten zitzaien harrera. Baina horretan ere abiadura handiarekin hori aldatzen ari da, 8 apartamentu eman zirelako plantan 2020ra bitarte. Nahiz eta zenbaki hori ez den aski, eskaera eskaintzaren oso gainetik dagoelako oraindik.

Harrera egiteko tokien disposizioan, nabarmendu behar da Estatu frantses mailan zonalde aitzinatuetako bat dela Ipar Euskal Herria, bortizkeria sexistari dagokion beste eremuetan bezala. Zeren eta, gogora ekarri egin behar da, Euskal Herria bi estaturen artean banatuta dagoela eta eraso sexisten kontrako tolerantzia eta baliabide mailak nabarmen ezberdinak direla batean eta bestean, horren arabera ematen den bortizkeriaren txikitzearekin, nahiz eta Estatu frantsesean denbora oso gutxian anitz aldatzen ari den.

Frantsesez dioten bezala «hitza askatzen ari da» eta horren atzetik ekintzak datoz. Kopuruetan ikusten da hori, esaterako #MeToo mugimedua abiatu zelarik 2017ko urrian, Estatu frantsesean bortxaketa salaketek %30a egin zuten gora.

Hilketa sexistak, matxistak edo feminizidioak bortizkeria horren erpina dira, eta egoera ez da bera Bidasoaren bi aldeetan. 2020an 45 emakume hil ziren bortizkeria sexistaren ondorioz Estatu espainiarrean, eta bikoitza izan ziren frantsesesan, 90 hain zuzen ere, nahiz eta biztanlego kopurua %30 handiago besterik ez izan. Baina ezberdintasuna askoz nabarmenagoa izan zen 2019an, urte hartan 146 izan baitziren Estatu frantsesean eta 55 espainiarrean, beharbada frantses gizartean hain abiadura handian ematen ari diren aldaketen seinale? Hurrengo urteetan ikusi beharko da.

Argi dagoena kontzientziazioek, ekintzek eta baliabideek biktimak sostengatuak sentitzera, eta salaketa publiko edo judiziala egitera bultzatzen dituztela, erpina den heriotzera ailegatu baino lehen. Orain, kopuru horiek guztiak eskutan, emaitza hilketa sexisten kopurua 0 izatera heltzeko bidea segitu behar da.