Ramon Sola

Itzuli den 201. euskal iheslari politikoa, falta diren 40en zain

Perspektiban jarrita, soka luze-luze baten katebegia da Joseba Sarrionandiaren itzulera, hamarkada honetako prozesua baino lehenago abiatzen dena eta oraindik ere osatzeko dagoena. Agustin Azkarate ere bueltan da.

Iheslari politikoak etxeratzeko konpromisoa irudikatu zen Biarritzen 2013an. (Gaizka IROZ)
Iheslari politikoak etxeratzeko konpromisoa irudikatu zen Biarritzen 2013an. (Gaizka IROZ)

Azkar esaten da baina hiru hamarkada eta erdi eman ditu Joseba Sarrionandiak atzerrian iheslari politiko gisa, bere kultura jarduerak eta horrekin hartu duen itzala horren gainean geratu den arren. Egun hauetan ez da Euskal Herrira itzuli den bakarra, Agustin Azkaratek ere bide bera egin duelako. Izan ere, 1998tik aurrera lehenengo bultzada izan zuen prozesuak bigarren olatu are handiagoa izan du azken hamarkadan.

Erabaki pertsonalak apustu politikoarekin uztartu dira, beraz. ‘Herria dugu arnas’, 2013, urtean Biarritzen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak erabilitako leloak, barnebiltzen ditu bi aldagai horiek. Agerraldi jendetsu eta adierazpen hartan, «bueltatzeko garaia da eta gure eskuetan dauden urratsak emateko prest gaude», adierazi zuten.

Zenbait idazkitan eta Habanatik 2016an emandako elkarrizketan, konponbideak bilatzen dituen prozesu politikoaren alde egin du nabarmen Iurretako idazleak: «Bake prozesua beharrezkoa zen, eta hogei urte lehenago egin izan balitz, hobe, nire ustez; desgrazia pila bat izango genituen gutxiago», adierazi zuen.

Perspektiban ikusita, Sarrionandiak ordaindu duen zigorrak aurrekari gutxi du, ia 1977. urtean amnistia eman zenetik hona izan baitu Polizia atzean, espetxeratua egon da, edo atzerrian izkin eginez: «Ni ETAko komando batean ibili nintzen 70eko hamarkadaren amaieran, orain kriminalizatzen nauten batzuk bezala. Gero, luzaroan, alde batetik bestera ihesean eta ezkutuan ibili banaiz, ez da izan ETAkoa izateagatik, baizik eta Polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako», nabarmendu zuen elkarrizketa horretan.

2016an, Euskal Herrira etortzeko oraindik oztopo bat edo beste bazuela aipatu zuen Sarrik. Lainoak uxatu dira hortik hona. Eta batez ere gogoak eta beharrak bat egin dute azkenik, etxerako bideari ekin ziezaion.

Lizarra-Garaziko lehen olatu horretatik hona 200 inguru izan dira itzuli diren euskal iheslari eta deportatuak, pasa den larunbatean ospatutako Preso Politikoen Nazioarteko Egunean jakinarazi zenez. Gauzak hala, Sarrionandia –grafikoki ulertuta noski, kopuru hori ez baita borobila– 201.a da.

Bat gehiagotzat har dezakegu... edo bat gutxiagotzat. Izan ere, «erroldatuta» diren euskal iheslariak 34 izan dira bera eta Azkarate itzuli aurretik. Eta zortzi gehiago erantsi behar zaizkio multzo honi: oraindik deportazioa jasaten ari direnak, lege eta arau guztietatik kanpo, munduan galdurik balira bezala.

Horientzako Auzitegi Nazionalaren oztopoak ezagunak dira. Zenbait delituren preskripzio epeak etengabe eta trikimailuak erabiltzen luzatzen dira, polizia-txostenak izkutatu egiten zaizkie abokatuei, eta oraindik ere hamarkada ugari kanpoan eman dituzten lagunak Espainiaratzeko ahalegin bizian dira Estatuko botereak. Adibide gertuena Jaione Jauregirena da: 42 urte etxetik kanpo zeramatzan Belgikak azaroan entregatu zuenean eta orain preso dago, noiz epaituko zain.

Euskal iheslariak Kuban

Eta non ibili da ba Joseba Sarrionandia 35 urte hauetan? Berak erantzun du galdera, bere modura, idatzi dituen liburuak arretaz irakurri dituenak erantzuna eskura duela adieraziz. Azkenekoak behintzat, aurretik nahiko jakina zenez eta azken lau urteotan jada aurpegia emanez eta jatorrizko izenarekin, Kuban eman ditu. Euskal iheslariek asko zapaldu duten lurraldean, beraz, iraultzaren gerizpean.

Bere kasuan egonaldia itxuraz lasaiagoa izan bada ere, Iñaki Egaña historialariak azaldua du ez dela beti toki samurra izan, «azpijoko eta intriga ugari» gertatu baita bertan. Euskal ihesari buruz osatu zuen Euskal Memoriaren liburuan kontatzen du.

Euskal iheslari batzuek, gainera, ezin izan dute etxera itzuli. Joxe Mari Larretxea 1996an hil zen irlan, bai eta Luziano Izagirre 2012an ere. Beste batzuk han geratu dira, Burgoseko Auzian epaitu zuten Txutxo Abrisketa kasu.

Azkarate ere etxean

Sarrionandia bizirik eta etxean da azkenik, aurretik beste 200 bezala. Eta bera bezala Agustin Azkarate ere, 69 urteko oreretarra, 1986an Guardia Zibilak atxilotua eta tortura latzak pairatu zituena, Sortuk gogoratu duenez (epaileak kartzelako erietxean sartzea agindu zuen, bere egoera ikusita).

(Irudian, Azkarate, jada etxean dela)

Zenbaki-jokoari segida emanez, 202a. dugu Azkarate, falta diren 40 horiei bidea irekiz.