Ramon Sola

Almeriatik Zuerara lekualdatuko dute Lexuri Gallastegi presoa

Presoen lekualdatzeen erritmoa moteldu da ostiral honetan, hurbilketa bakarra iragarri da eta: Lexuri Gallastegirena. Almeriatik Zaragozara ekarriko dute. Beste lekualdatze tekniko bat dago, Iruñetik Martutenera. Honezaz gain, bi presoen egoera malgutuko dute.

Presoen aldeko enkartelada Iruñean, apirileko azken ostiralean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Presoen aldeko enkartelada Iruñean, apirileko azken ostiralean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ikasturte honetako erabakien ondorioz, dozena bat preso politiko dago Madrildik hegoaldera urrunduta, eta testinguru horretan lekualdetzei emandako erritmoa moteldu du Espetxe Zuzendaritzak aste honetan. Gaur ostiralean hurbilketa bakarra eman du jakitera: Almerian den Lexuri Gallastegi Zaragozako Zuerara ekarriko dute.

Berangoa da Lexuri Gallastegi Sodupe. Mugituko dutenean, Almerian beste bi preso geldituko dira oraindik; Iñaki Krutxaga eta Alberto Viedma.

Beste lekualdatze bat teknikotzat har daiteke. Duela aste batzuk Ocañatik Iruñera ekarri zuten Karlos Apeztegia, baina Gipuzkoan bizi da preso hau, eta azkenean berak eskatu bezala Nafarroako hiriburutik Donostiara eramango dute, Martutenera.

AVTk eman du gaurkoan honen berri, Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi aurretik. Ezaguna denez, mugimendu guztiak biktima elkarte honi helarazten dizkio Gobernuak aurretik.

Beste bi euskal presori egoera malgutuko zaiela erantsi du AVTk, salaketa gisa. Joseba Segurola eta Xabier Perez Aldunate dira. Jada bigarren graduan ziren baina orain, beste espetxeratu askori bezalaxe, 100.2 artikulua onartu zaie, erregimenaren aldetik zenbait aurrerapen dakarrena.

Burgoseko espetxean dago gaur egun Segurola eta Iruñekoan Perez Aldunate.