Maite Ubiria

Ipar Euskal Herrian egoera egonkortu bada ere 100.000 biztanleko 450 kasu dira Zuberoan

Ipar Euskal Herrian egoera egonkortzen den bitartean, Zuberoan alarma piztu dute osasun arduradunek. 100.000 biztanleko 450 kasu neurtu ziren azkeneko zazpi egunetan biztanle kopuru gutxien duen euskal herrialdean. Testak eta txertaketa aragotzeko neurriak iragarri dituzte egoerari aurre egiteko.

Ipar Euskal Herriko datuak jasotzen dituen Geodes plataformaren mapa. (Santé Publique France)
Ipar Euskal Herriko datuak jasotzen dituen Geodes plataformaren mapa. (Santé Publique France)

Ipar Euskal Herri mailan egoera egonkortzen den bitartean, Zuberoan alarma piztu zuten atzo osasun arduradunek.

15.000 biztanle baizik ez dituen herrialdean 100.000 biztanleko 450 kasu neurtu ziren azkeneko zazpi egunetan.

Populazio txikiena duen euskal herrialdea da Zuberoa eta kasuak aski isolatuak direnez osasun arduradunek prebentzio neurriak zorroztuz egoera normaltasunera itzultzea espero dute.

Agerraldirik ez dela atzeman baieztatu zuten bart, agiri baten bidez, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak eta Eskualdeko Osasun Agentziako arduradunek.

Heldu den astean testak areagotuko dituzte, bai eskoletan baita dispositibo ibiltari baten bidez. Era berean txertaketa prozesua azkartuko dute.

Hala %30 dosi gehiago bidaliko dituztela Zuberoara baieztatu zuten osasun arduradunek. Bestalde, heldu den astelehenetik 18 urtetik gorakoak txertatzen hasiko dira Ipar Euskal Herri osoan.

Oloroe-Donamariako Suprefekturak antolaturik, Zuberoako auzapezekin aztertu zuten bilera batean covid-19ak eragindako pandemiak izan duen bilakaera «kezkagarria».

Pandemiaren kartografiari beha

Prefekturak ez bazituen datu zehatzak eman, Geodes Sante France plataforma baliaturik argiki azalduko zaizkigu egoera txarrenean diren hainbat herri.

Hala, muturreko egoeran (milatik gorako kasuak dituzten herriak markatzeko balio duen kolore urdin ilunean) Zuberoko herri hauek agertzen dira: Barkoxe, Mendikota, Mitikile-Larrori-Mendibile, Ürrüstoi-Larrabile, Sarrikotapea, Mulkuldi eta Gamere.

Nafarroa Beherean kokatzen den Jatsu ere covid-19 kasu gehien duten herrien zerrendan sartu behar da frantses osasun erakundeak eskainitako datuak baliatuz egiten den kartografia horren arabera.

500 eta 1000 kasu arteko langan kokatu behar dira berriz Larraine, Garindaine, Gotaine eta Bildoze-Onizepea. Donaixti-Ibarre Nafarroa Behereko herria zerrenda horretan agertzen da.

250-500 kasu arteko langan, berriz, 16 bat herri azaltzen dira, horien artean Zuberoko hiriburua, Maule. Hiru lurraldeetako herriak atzeman daitezke eragin maila horrekin. Horien artean Uztaritze, Bidarrai, Luhuso, Irisarri, Banka, Irulegi, Lasa, Izpura edo Urdiñarbe daude.

Pandemiaren eragina abantzu desagertu da berriz Biriatu, Bidarte, Arbona, Heleta edo Santa Engrazin. Orotara 10 covid-19 kasutik beheko langapean hamar bat herri agertzen dira. Egoera onean (10-20 arteko kasuen marra) daude Azkaine, Urketa, edo Donibane Lohizune.

50 eta 150 kasuen langan atzematen da herri kopururik handiena. Multzo horretan ditugu Senpere, Arrangoitze, Ezpeleta, Kanbo, Urepele, edo Muskildi. 150 eta 250 kasuen artean agertzen da, finean, Baiona.

Paueko Prefekturak atzo eman zituen datuen arabera 100.000 biztanleko 81 kasuko intzidentzia tasa neurtu zen azkeneko astean Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan.