Oihane Irazu

Komunitatea indartzeko kultur egitarau zabala antolatu dute

Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ez da egun bakarreko ospakizunera mugatu eta urtean zehar hainbat ekitaldi egin dira. Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek euren gain hartu dute 2021eko Ibilaldia antolatzeko ardura.

«Liburu ibiltaria» ekimena Nafarroa Oinez festan bukatuko da.
«Liburu ibiltaria» ekimena Nafarroa Oinez festan bukatuko da.

Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek euren gain hartu dute 2021eko Ibilaldia antolatzeko ardura, denok dakigunez, gaur egungo egoerak erabat baldintzatuta. Hala ere, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ez da egun bakarreko ospakizunera mugatu eta komunitatea indartzeko kultur egitarau zabala egin dute aurretiaz. Urtean zehar hainbat ekitaldi egin dira, batzuk tamalez, bertan behera geratu behar izan diren arren osasun egoeragatik. Urtean zehar egindako ekitaldiak hauek izan dira: bertso saioak plazaz plaza, komiki lehiaketa, liburu ibiltaria eta irrintzi deiadarra. Bi ekitaldi bertan behera geratu dira: bote luze txapelketa eta “Amaren intxaurrak” mendi martxa.

Eskolartekoa, plazaz plaza

Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie bertsolari gazteei. Horretarako, Eskolartekoa antolatzen duten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak “Eskolatik plazara” ekimena antolatu dute, gazteak egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartu dituen proposamena.

Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen.

Urtarrilaren 29an, Gernika-Lumon egin zen lehenengo saioa. Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolartekoetatik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga aritu ziren Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolari zailduekin, Igor Menikak gidatuta.

Bigarren eta hirugarren saioetarako Arabako eta Nafarroako eskolartekoetako ordezkariak elkartu zituzten Iruñean otsailaren 5ean. Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde gaztetxoak, Alaia Martin eta Julio Sotorekin aritu ziren. Josu Sanjurjo aritu zen gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izan zen hitzordua.

«Liburu ibiltaria»

Ander Deuna eta Betiko ikastolak izan dira, esan bezala, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak. Hori dela eta, bi ikastola horietatik igaroko da “Liburu ibiltaria”, ikasleen artean osatu dezaten. Hori bai, bi horiez gain, beste hainbat ikastolak ere hartuko dute parte ekimenean: guztira Euskal Herri luze zabaleko 21 ikastolatako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleek hartuko dute parte “Liburu ibiltaria”-n.

Liburuari amaiera emateko ardura Lizarrako ikasleena izango da. Beraiek amaituko dute, eta Nafarroa Oinez egunean panel handi batzuetan ikusgai jarriko dute. Era berean, ekimenean parte hartuko duten ikastolek “Liburu ibiltaria”-ren ale bana jasoko dute oroigarri gisa.

Komiki lehiaketa

Gure herriko historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki kontakizun bilakatzeko helburuarekin ekin diote ikastolen jaiek Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketari, 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua. Komiki lehiaketaren lehen edizio honetako gaia Amaiurko gazteluaren setioa da.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 30ean bukatu zen eta aurkeztutako lanak ikastolen jaien webguneetan egongo dira ikusgai. Puntu gehien eskuratzen dituen lana “Xabiroi” aldizkarian argitaratuko da, 2021eko urriko zenbakian.

Irrintzi deiadarra

Ibilaldiaren barnean kokatzen den irrintzi deiadarraren baitan, kate erraldoia osatu zuten maiatzaren 22an. Konkretuki, Betiko ikastolaren eta Ander Deuna ikastolaren artean dauden 8,5 kilometroak irrintzi deiadarrez osatutako kate erraldoian lotu zituzten: 100 pertsonak bat egin zuten egitasmoarekin eta irrintzika talde batek besteari lekukoa pasa zion Leioatik Sopelaraino.

Urtean zeharreko kultur egitarauari esker, Ibilaldia antolatu duten ikastola bietako komunitatea osatzen dutenek zein ikastola beretzat sentitzen dutenek (guraso, ikasle ohi, langile, herritar…) parte hartzeko aukera izan dute, elkarren arteko lotura indartuz.