NAIZ

Araba Euskaraz egunean Laudion izango diren ekitaldiak aurkeztu dituzte

Ekainaren 20an Laudion ospatuko den Araba Euskaraz egunean izango diren ekitaldiak aurkeztu dituzte antolatzaileek. Ikuskizunak, jolasak, dantza emanaldiak, zunba tailerra eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. Pandemiaren aginduz, izena eman beharko da.

2021ko Araba Euskarazeko egitarauaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU).
2021ko Araba Euskarazeko egitarauaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Laudio Ikastolak, Arabako Ikastolen Federazioarekin eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin hartutako erronkari eutsita, ‘Zabal bideak’ lelopean ekainaren 20an ospatuko den Araba Euskaraz egunerako programa anitza aurkeztu du.

«Bizi dugun osasun egoeraren ondorioz etorkizunerako espektatibatan nagusitu den ezjakintasuna uxatu eta eraldatzera goaz orain arte jai egun erraldoi baten inguruan abiatzen genuen ekimena. Egoerara egokitutako eguna antolatu dugu, berrasmatu beharra nagusitu da antolakuntzan», adierazi du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.

Edonola ere, ikastolen hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko, «eta are gehiago pandemiak horrenbeste kaltetu dituen euskara eta euskal kulturari bidea (ber)zabaltzeko» Araba Euskaraz ekimenak «garrantzitsua» izaten jarraitzen duela nabarmendu du Jon Bengoetxea Martinezek, Ikastolako zuzendariak.

Azaldu duenez, erronka bikoitza dute aurrean. Batetik Laudio Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztea eta hauspotzea. Bestetik, «berrasmatu eta egun bizi dugun egoerara egokitu behar izan duten Araba Euskaraz eguna bera biziberritu eta indartzea, kasu honetan, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarteen eta erakundeen arteko harremanak sakonduz».

Covid-19ak sortu duen egoera dela eta, Laudioko bi gune handitan banatuko da aurtengo Araba Euskaraz eguna eta bertan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera, aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskarazen web gunean.

Egitaraua

Euskararen Plaza izango da lehenengo gunea, eta herrigunean kokatuta egongo da. 10.00etan izango da irekiera ekitaldia eta 11.00etatik 13.00etara Eidabe taldearen ‘Gora kasete’ ikuskizuna egongo da herriko plazan. Ordu berean, ‘3 kluba, Go!azen’ kontzertua egongo da Aldai plazan.

Arratsaldean dantza emanaldia egongo da Laudioko Akelarre, Itxarkundia eta Untzueta dantza taldeen eskutik (16.00etan) eta zunba tailerra eskualdeko Izaskun del Cerroren gidaritzapean (17.30ean) egongo da Herriko Plazan. Aldai plazan, berriz, Maider Zabalegiren kontzertu akustikoa egongo da 17.30ean.

Bigarren gunea, Euskararen Basoa deituraz, parkean kokatuko da. Kultura etxeko lorategian, kasinoan, pergolan eta Lamuza frontoian banatuko dira ekitaldiak. Goizez umeentzako tailerrak eta jolasak, ‘ihes gela’ jokoa, ‘Kaiku: elikagaien taupadak’ antzerkia eta Arabako herriarteko eskupilota txapelketako finala egongo dira. Arratsaldez karaokea, bertso saioa Laudio eta Arabako bertsolariekin eta ‘Ene bada! Aiama eta Ane Guria’ musika emanaldia eta dekatloia egongo da.

Azoka, tonbola eta denda

Aipatutako ekintza horiez gain, bertako ekoizleei ere bidea zabaldu nahi izan diete eta 41 postuz osatutako azoka ipiniko dute Laudioko institutuko jolastokian. Azoka ikusi nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango.

Modu berean, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin eta herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin tonbola osatuko dute eta Lamuza plazan egongo da. Bertatik pasatzen den orok saria jasoko du euskara babestearen truke.

Azkenik, eta abendutik irekita dagoena, Araba Euskaraz denda ere egongo da zabalik