Asier Aiestaran

Ondarroak irabazi du Petronor Bandera itsasoko baldintzen aldaketa baliatuz

Lehen txandan arraun egiteak mesede egin dio kasu honetan "Antiguako Ama" ontziari. Bizkaitarrek denbora onena ezarri dute eta itsasoko baldintzek nabarmen okerrera egin dutenez, inork ezin izan du haien denbora hobetu. Euskotren Ligan, Orio izan da garaile eta lider ipini da.

Ondarroako arraunlariak, ezusteko garaipena ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Ondarroako arraunlariak, ezusteko garaipena ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Ondarroak irabazi du ezustean Zierbenan jokatu den Petronor Bandera. “Antiguako Ama” ontzia onena izan da lehen txandan eta itsasoaren baldintzak nabarmen okerrera egin dutenez, inork ezin izan du bizkaitarren denbora hobetu.

Eguneko beste garaile nagusia Lekittarra izan da, lehen txandako baldintzak baliatuz bigarren izan delako gaur eta puntu sorta ederra sartu dielako Tirani (bogarren) eta Zarautzi (hamargarren). Santurtzik ere, hirugarren amaitu arren, lidertza indartu egin du.

Lehen txandan garaipen argia

Ondarroarrak, Eneko Bilbao patroi zutela, bigarren kaletik egin dute arraun Zarautz, Lekittarra eta Tiranekin batera. Espero zen bezala, Iñaki Errastik prestatutako ontziak azkar ireki ditu tarteak aurkariekiko eta erlojuaren aurkako estropada egin du. Azkenean, 20:32ko denbora ezarri dute helmugan.

Haizea indarra hartzen ari zela nabaritzen zen estropada eremuan, eta kanpoaldean itsasoa gero eta mugituagoa somatzen zen, arraunean egiteko olatu oso deserosoekin. Eta baldintzak zer puntutaraino okertu diren bigarren txandako ontzien denborak ikustean egiaztatu da.

Donostiarra, Cabo, Urdaibai eta Ares izan dira bigarren txanda horrretan arraun egin dutenak, eta aurreneko ziabogan bermeotarrek lortu dute denbora onena: 5:11, Ondarroak baino lau segundu gehiago. Lan erditan, Ondarroaren abantaila jada zortzi segundukoa zen Urdaibaireikiko.

Santurtzik eguna salbatu du

Baldintzek okerrera egiten jarraitu dute hirugarren eta azken txandan. Santurtzi, Zierbena, Orio eta Hondarribia izan dira azkenak irtetzen, eta lehen luzeak argi utzi du zein zen egoera: Hondarribiaren denbora onena (5:19), Ondarroarena baino 12 segundo kaskarragoa izan da, eta Oriorena (5:28), denetan txarrena alde handiarekin.

Itzulerako luzean haizea alde zutela esan daiteke, baina baborretik sartzen zenez traineruek lan handiak izan dituzte ontzia zuzen eramateko. Baldintza horietan Santurtzi izan da ohorezko txandan lanik onena egin duena, eta azkenean hirugarren postuarekin salbatu ahal izan du eguna. Hondarribia laugarren izan da, Zierbena bederatzigarren postura erori da eta Orio hamaikagarrenera.

«Gure helburua txanda irabaztea zen, eta lortu dugu. Baina gero baldintzak gure alde ipini dira eta oso pozik gaude garaipen honekin. Elkartearentzat egun historikoa da eta herriari eskaini nahi diogu», adierazi du amaieran Hasier Etxaburu Ondarroako delegatuak.

Talde irabazlea hauxe izan da: Jon Carrillo, Ivan Lopez, Aitzol Elu, Josu Elu, Ugaitz Elu, Iker Eizmendi, Iñaki Errasti, Iñaki Goikoetxea, Xabat Olaetxea, Asier Irueta, Iker Murgiondo, Eneko Zabala eta Julen Arostegi, Eneko Bilbao patroi zutela.

Eusko Label Liga - XXXVIII. Petronor Bandera
1. Ondarroa     20:32.20
2. Lekittarra     20:39.66
3. Santurtzi     20:41.66
4. Hondarribia 20:45.42
5. Tiran          20:46.86
6. Cabo           20:52.05
7. Donostiarra 20:54.41
8. Bermeo       20:58.54
9. Zierbena     21:01.66
10. Zarautz     21:01.84
11. Orio          21:05.70
12. Ares           21:25.10

Eusko Label Liga - Nagusia
1. Santurtzi         42 puntu
2. Hondarribia     36
3. Zierbena         35
4. Donostiarra     31
5. Bermeo           28
6. Orio                27
7. Ondarroa         25
8. Cabo               22
9. Lekittarra         20
10. Ares              18
11. Tiran              16
12. Zarautz           12

Orioren garaipena Euskotren Ligan

Euskotren Ligako estropadan, garaipena Oriorentzat izan da estu izan arren. Lehen luzean lehia oso parekatua izan da Orio, Donostiarra eta Arraun Lagunaken artean, baina itzulerakoan Oriok gehiago asmatu du eta ozta-ozta izan arren branka Donostiarraren aurretik sartu du. Arraun Lagunak hirugarren izan da lau segundora eta Hondarribia laugarren.

Emaitza horien ondorioz, Orio lider ipini da sailkapen nagusian, nahiz eta Arraun Lagunaken puntu kopuru bera eduki –azken emaitza hartzen da kontuan berdinketa hausteko–.

«Kanpotik ikusteko estropada polita izan da, baina barrutik bizitzeko oso gogorra. Estropada eremu honetan inoiz ez dakizu nor doan aurretik eta nor atzetik, eta horrek topera jarraitzera behartzen zaitu amaierara arte. Horrela egin dugu, burua galdu gabe segi dugu, eta zorionez garaipena guretzat izan da», azaldu du Nadeth Agirre patroiak.

Talde irabazlea: Sandra Piñeiro, Garazi Oliden, Itxaso Azkonobieta, Amaia Galdos, Lyudmyla Davidenko, Edith Uranga, Udane Hoyos, Amaia Arregi, Maddi Alkain, Olatz Agirregabiria, Leyre Garate, Ohiane Iraola eta Mireia Uranga, Nadeth Agirre patroi zutela.

Euskotren Liga - Edinor Bandera
1. Orio                     10:49.66
2. Donostiarra           10:50.20
3. Arraun lagunak     10:53.78
4. Hondarribia           11:01.04

Euskotren Liga - Nagusia
1. Orio                      13 puntu
2. Arraun Lagunak     13
3. Donostiarra            9
4. Hondarribia            5

Tolosaldea garaile ETE Ligan

Tolosaldeak denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu du Lekeition jokatu den II. Uribarren Abaroa Banderan. Deusturekin daramaten lehia bizian garaile irten dira kasu honetan gipuzkoarrak eta lidertza indartu dute, bizkaitarrekiko aldea bost puntura handituz.

Talde irabazlea hauxe izan da: Uxue Zuriarrain, Uxune Urkia, Naroa Becerril, Janire Izagirre, Ane Celaya, Eider Barba, Ane Egües, Itxaso Aranburu, Irati Liceaga, Arene Portularrume, Myriam Aizpurua, Irati Hernandez eta Itsaso Aizpurua, Aiora Sorozabal patroi zutela.

Hala ere, Tolosaldea eta Deusturen arteko lehia bezain garrantzitsua da play-offerako txartela ematen duten lehen bi postua jada nahiko finkatuta daudela, hirugarren den Hibaika Deusturengandik zortzi puntura dagoelako. Borroka horretara begira, Galizako Ligan hiru estropada jokatuta oraingoz Cabo da Cruz eta Chapela dira indartsuenak. Eta Euskotren Ligan Hondarribia da oraingoz laugarren postuan doana.

ETE Ligak datorren larunbatean izango du jarraipena, 18.00etan hasiko den Zumaiako IV. Ikurrinarekin.

II. Uribarren Abaroa Bandera
1. Tolosaldea    11:08.45
2. Deustu         11:12.33
3. Zumaia        11:20.09
4. Hibaika        11:21.53
5. Isuntza        11:32.04
6. San Juan     11:32.77
7. Ondarroa     11:39.87
8. Lutxana       11:40.93
9. Lapurdi        12:12.57
10. Zarautz      12:18.21
11. Castro        12:36.73

ETE Ligako sailkapen nagusia
1. Tolosaldea    75 puntu
2. Deustu         70
3. Hibaika         62
4. Zumaia        53
5. San Juan      50
6. Ondarroa     44
7. Isuntza        38
8. Lutxana       26
9. Zarautz       21
10. Lapurdi     15
11. Castro        8