NAIZ
Iruñea

Punto de Vista jaialdiak Programazio Batzorde berria aurkeztu du

Bi emakumek eta bi gizonek osatuko dute Nafarrako Punto de Vista zinema jaialdiaren Programazio batzorde berria, gaur aditzera eman denez. Manuel Asín zaragozar zinema-programatzaileak eta idazleak hartu berri duen zuzendaritza artistikoaren etapan arituko dira.

Manuel Asin zuzendari artistiko berria, ezkerrean, eta batzordeko partaidea. (PUNTO DE VISTA)
Manuel Asin zuzendari artistiko berria, ezkerrean, eta batzordeko partaidea. (PUNTO DE VISTA)

Manuel Asín zuzendari artistikoak aukeratu du, bera izango du buru, eta sektoreko lau profesional ezagunek osatuko dute Punto de Vista Jaialdiko Programazio Batzorde berria. Zuzendari berriarekin batera, lau profesionalek, bi emakumek eta bi gizonek, osatuko dute batzordea, joan den ekainean zuzendaritza artistiko berria izendatu ondoren hasi den etapa berri honetan.

Jaialdiaren 16. edizioa 2022ko martxoaren 14tik 19ra bitarte izanen da, Iruñean.

Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Filologia Hispanikoan lizentziaduna, Manuel Asín (Zaragoza, 1978) zinema-programatzailea, argitalpen-editorea, irakaslea eta idazlea da. 

Lucía Salas, Miguel Zozaya, Lur Olaizola eta Pablo García arituko dira, Asínekin batera, 2022–2025 edizioetan Sail Ofiziala osatuko duten filmen ebaluazioa eta hautaketa egiten. 



Manuel Asínen hitzetan, talde berriak «programaziotik, kritikatik, ikerketatik eta baita sorkuntzatik ere datozen hainbat talentu osagarri biltzen ditu, eta denek dute ideia zabal eta konprometitu bat jarduera zinematografikoa izan daitekeenari buruz; espero dugu horrek isla izatea, lehiatuko diren filmak aukeratzean ez ezik, baita jaialdiko programazio integralean ere».

Programatzaileen izenak

Lucía Salas programatzaile, kritikari eta zinemagile argentinarra Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da. ‘La Vida Útil’ aldizkariaren koeditorea eta We Can’t Go Home Again podcastaren gidarietako da. IFFR Critic's Choice, Woche der Kritik, DocumentaMadrid, eta Mar del Platako Nazioarteko Zinemaldian lan egin du, besteak beste. LaSiberia kolektiboko kidea da.

Miguel Zozaya 

Teoria, Analisi eta Dokumentazio Zinematografikoan doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea). José Germán Huici gidoilariari buruzko monografia bat egin du eta zinemari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu dibulgazio aldizkarietan, aldizkari akademikoetan eta liburuetan. Nafarroako Unibertsitateak X Films ekoizpen etxearen inguruan egindako bi ikerketa proiektutan parte hartu du ere. Programatzaile gisa, Punto de Vista jaialdiko hautaketa-badortzeko kide izan de 2019tik 2021era, eta Ateneorako eta Nafarroako Filmategirako zikloak komisariatu ditu, besteak beste.

Lur Olaizola zinema programatzailea eta zinemagilea da, eta Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da. 2015az geroztik, Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailea da. 

Tabakalerako taldean sartu aurretik, New Yorken lan egin zuen kultura kudeatzaile gisa. 2013an eta 2014an Architecture & Design Film Festival (New York, Los Angeles) koordinatu zuen. 

Zinemagile gisa bi film labur zuzendu ditu: ‘Xulia’ (2019) eta ‘Zerua blu’ (2020; Espainiako Film Labur Onenaren Saria, Zinebi 2020). Gaur egun, bere hirugarren proiektu zinematografikoan dihardu: ‘Hirugarren koadernoa’.

Pablo Garcia hainbat film labur eta ertain zuzendu ditu, eta gidoilaria izan da beste zinemagile batzuentzat, jada filmatuta dauden eta etortzeke dauden filmetan. Zenbait liburu itzuli ditu, beste batzuetan parte hartu du eta ‘Ozu, multitudes’ (Athenaica, 2020) idatzi du. Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko ‘Contactos’ zikloaren programatzaileetako bat da.