NAIZ

Iciar Bollain, Fernando Leon de Aranoa, Paco Plaza eta Jonas Trueba, Zinemaldiko lehian

Espainiar Estatuko hamalau ekoizpen hautatu dituzte Zinemaldiko Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Perlak sailetan. Zuzendarien artean, Iciar Bollain, Fernando Leon de Aranoa, Paco Plaza, Jonas Trueba, Manuel Martin Cuenca eta Alejandro Amenabar, besteak beste.

Javier Bardem ‘Buen patrón’ filman. (NAIZ)
Javier Bardem ‘Buen patrón’ filman. (NAIZ)

Lau film espainiar arituko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian: ‘Maixabel’, Iciar Bollainena; ‘El buen patrón / The Good Boss’, Fernando Leon de Aranoarena; ‘La abuela’, Paco Plazarena; eta ‘Quién lo impide’, Jonas Truebarena.

Gainera, honako hauek Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo hartuko dute parte: Manuel Martin Cuencaren ‘La hija / The Daughter’; Alejandro Amenabarren ‘La Fortuna’ telesaila; Carlos Sauraren ‘Rosa Rosae. La Guerra Civil / Rosa Rosae, The Civil War Elegy’ film laburra, inaugurazio ekitaldian parte hartuko duena; eta Daniel Monzónen ‘Las leyes de la frontera’, Zinemaldiari amaiera emango diona.

Iciar Bollainek ‘Maixabel’ aurkeztuko du. Bertan Blanca Portillok Juan Mari Jauregi ETAk hildako Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren alargunaren rola betetzen du. Luis Tosarrek atentatuaren arduradunetako baten papera egin du, 2011n Langraiz bidearen bidez bultzatutako lehengoratze-topaketa berrikusten duen film honetan; izan ere, plan horren bidez Maixabel Lasak bere senarra hil zutenekin elkartzeko aukera izan zuen espetxean.

Fernando Leon de Aranoak hirugarren aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean. Lehiaketan parte hartuko duen film berri honetan, errealizadore madrildarrak Javier Bardem aktorea izan du protagonista ‘El buen patrón / The Good Boss’ kontakizun tragikomikoan, non harreman pertsonal eta lanekoei begirada basatia ematen baitzaie.

Paco Plaza lehen aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, ‘La abuela’ filma ere beldurrezko zinemaren generokoa da. Carlos Vermutek idatzi du istorioa Plazaren ideia original batean oinarrituta. Filmak neska gazte baten istorioa kontatzen digu: Parisen modelo gisa zuen lana utzi eta Madrilera itzuliko da, bere amona gaixoa zaintzera, baina egonaldi hori amesgaizto bihurtuko zaio.

Jonas Trueba Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da aurten ere, 2016an ‘La Reconquista / The Reconquest’ filmarekin parte hartu ostean. ‘Quién lo impide’ filmak (izena Rafael Berrioren abesti batetik dator), nerabe gazte batzuen gogoetak, orainari buruzko aburuak eta etorkizuneko itxaropenak jasotzen ditu, eta konfinamenduaren aurretik, konfinamendu garaian eta horren ondoren filmatu da. Bost urtean filmazio eta muntaketa ugari egin ondoren buru eman zaion proiektu zinematografiko luze baten emaitza da filma.

Bollain, Leon de Aranoa, Plaza eta Trueba lehiaketa ofizialaren parte diren zinemagileen zerrendan –jada jakinaraziak– sartu dira: Ines Barrionuevo, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Tea Lindeburg, Claudia Llosa eta Claire Simon.


Lehiaketaz kanpo

‘La hija / The Daughter’ lanak Manuel Martin Cuenca ekarriko du berriro Zinemaldira. Javier Gutierrez, Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra –‘Ane’, ‘La peste’– eta Irene Virguez Filippidis protagonista dituen thriller dramatikoa da filma.

Lehiaketaz kanpo estreinatuko da ⁄La Fortuna’, Alejandro Amenabarrek zuzendutako akzio eta abenturazko telesaila; sei atal ditu eta bost orduz dirau.

Sail Ofizialaren barruan, lehiaketaz kanpo, Carlos Sauraren ‘Rosa Rosae. La Guerra Civil / Rosa Rosae. A Spanish Civil War Elegy’ film labur dokumentala emango da inaugurazio ekitaldian. Jose Antonio Labordetaren izen bereko abestian oinarrituta dago eta Saurak berak egokitu eta animatutako artxiboko argazki batzuetan funtsatuta gerrako haurrei egindako omenaldia da filma. Aragoiko zinemagileari ohorezko Urrezko Maskorra eman zitzaion 2007an, ibilbidea goraipatuz.

Ekoizpen espainiar bat izango da Zinemaldiaren amaieraren protagonista. Daniel Monzonen ‘Las leyes de la frontera’ filma. Javier Cercasen izen bereko eleberriaren film egokitzapena da, 70eko hamarkadaren amaieran girotua, Gironan. Hiru gazte oso ezberdinen bizipenak eramango ditu pantaila handira.