Imanol Carrillo

Lazkano, Arregi eta Crespo hurrengo fasera sailkatu dira muturreko eslalom proban

Hiru euskaldunek hartu dute parte ostiral honetan Bratislavako Piraguismoko Munduko Txapelketan, eta hirurek lortu dute hurrengo faserako sailkapena Pariseko Joko Olinpikoetan estreinatuko den proban.

Atzo ez bezala, Olatz Arregik hurrengo faserako sailkapena lortu du ostiral honetan Bratislavako Munduko Txapelketan. (BASQUE TEAM)
Atzo ez bezala, Olatz Arregik hurrengo faserako sailkapena lortu du ostiral honetan Bratislavako Munduko Txapelketan. (BASQUE TEAM)

«Emakumeak eta Kirola» izena zeraman hitzaldi telematiko batean, Maialen Chourrautek esan zuen muturreko eslaloma, Pariseko Joko Olinpikoetan estreinatuko den proba, «txispa» eta «jarraitzeko gogoak» ematen dizkiola. Lasarte-Oriako txapelduna ez da egun hauetan Bratislavako Munduko Txapelketan lehiatzen ari, atseden bat behar duela uste duelako, baina bere ordez badaude beste euskaldun batzuk oso itxura ona ematen ari direnak.

Aipatutako muturreko eslalom proba izan da gaur nagusi Bratislavako kanalean. Bertan aritu dira Miren Lazkano eta Olatz Arregi, emakumezkoetan, eta Joan Crespo, gizonezkoetan, eta hirurek lortu dute hurreno kanporaketarako sailkapena.

Lazkano eguneko zazpigarren denborarik onena egin du 59.50 markarekin, eta Arregik hamazazpigarrena, 60.72ko denborarekin. Biek hutsik egin gabe egin dute jaitsiera. Azkarrena Ricarda Funk alemaniarra izan da (57.33), Jessica Fox australiarraren aurretik (57.45).

Aurreko egunean, ostegunean alegia, Miren Lazkanok –Klara Olazabalekin batera– C1eko finalerdietarako txartela eskuratu zuen, eta baita K1eko finalerdietarako sailkapena ere. Olatz Arregik ez zuen zorte bera izan eta kanporatua geratu zen. Lazkano eta Klara Olazabalez gain, Ander Elosegik (C1) eta Pau Etxanizek eta Joan Crespok (K1) txartela eskuratu zuten baita ere.

Joan Crespo, gainera, hurrengo kanporaketarako sailkatu da ostiral honetan gizonezkoen muturreko eslalom proban. Hutsik gabeko jaitsiera batean, gipuzkoarrak eguneko seigarren denborarik onena egin du (55.69). Vit Prindis txekiarra izan da azkarrena (54.99), Giovanni De gennaro iraliarra izan da bigarren (55.03) eta Boris neveau frantsiarra izan da hirugarren (55.16).