Ekonomialari euskaldunen sarea sortzea izango du xede Ekonomialari euskaldunen II. Biltzarrak

Azken joera teorikoen berri izan eta pil-pileko gaiez modu kritikoan eztabaidatu, unibertsitatea eta profesionalen arteko zubi-lanak egin eta sarea sortzea du helburu azaroaren 26an Bilbon, UEUk, Ekonomisten Euskal Elkargoak eta EHUk antolatu duten Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarrak.

Ezkerretik eskuinera: Unai Tamayo, Oskar Arantzabal, Joseba Barandiaran eta Kepa Sarasola. (UEU)
Ezkerretik eskuinera: Unai Tamayo, Oskar Arantzabal, Joseba Barandiaran eta Kepa Sarasola. (UEU)

Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra egingo da azaroaren 26an Bilbon, UEUk, Ekonomisten Euskal Elkargoak eta EHUk antolatuta. Azken joera teorikoen berri izan eta pil-pileko gaiez modu kritikoan eztabaidatu, unibertsitatea eta profesionalen arteko zubi-lanak egin eta sarea sortzea du helburu topaketa honek, eta izena emateko epea zabalik dagoela adierazi dute antolatzaileek.

Asteazken honetan egin duten aurkezpen agerraldian Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia sailburuak, Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko ordezkariak eta Unai Tamayo EHUko ordezkariak parte hartu dute.

Kepa Sarasolaren esanetan, UEUren egitekoa topaguneak eskaintzea da: «Hausnartu eta eztabaidatzeko guneak behar beharrezkoak ditugu aurrera egin nahi baldin badugu. UEUk unibertsitateko adituak eta alorreko profesionalak biltzen ditu, euskaratik eta euskaraz eraikitzeko».

Hori egiteko, gainera, bidelagun ezin egokiagoa topatu dutela adierazi du UEUko idazkari nagusiak: «Elkarlanaren sinergiak aberatsago egiten gaitu. Hori dela eta, Ekonomisten Euskal Elkargoarekin abiatu dugun bideak urrutira eramango gaituela ziur gaude».

Joseba Barandiaranek, Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko kidearen esanetan, Ekonomista Euskaldunen Biltzarra mugarri polita da beraien lanbiderako.

Haren ustez, ekonomialari euskaldunak elkarrekin egon, elkar ezagutu eta lanbidea euskaraz ere garatu daitekenaren erakusgarri dira, nahiz asko duten oraindik egiteko.

«Bide horretan, Ekonomisten Elkargoak badu Euskara Komunitatea, pausu txikiak ematen ari dena ahal duen heinean. Ekonomisten profesioa eta orokorrean profesio gehienak oraindik oso erdaldunak dira, baita ikasketak euskaraz burututa ere», azaldu du. 

Eta gaineratu du Elkargoak, ekonomian «erreferente», lan munduan lanbide hau «euskalduntzeko eta ekonomia mailan euskara bultzatzeko konpromisoa» ere baduela. Horretarako, gehitu du, sortu da Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitatea eta, indarrak metatu asmoz, abiatu du elkarlana Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU).

Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia sailburuaren esanetan, helburu bat baino gehiago lortu nahi dute biltzar honekin: «Alde batetik, ekonomialari euskaldunen sarea sortzen hasi nahi dugu. Bestalde, unibertsitatea eta alorreko profesionalen arteko zubiak eraiki nahiko genituzke. Azkenik, azken joera teorikoen berri izan eta pil-pilean dauden gaiez modu kritikoan eztabaidatu nahi dugu, eta ondorioak gizartean zabaldu».