NAIZ

Martin Ugalderen lan osoa digitalizatu eta sareratu du Jakinek

Guztira Martin Ugaldek idatzitako edo bere figuraz mintzo diren 2.049 lan digitalizatu eta sareratu ditu Jakinek. Ugalderen jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez aurkeztu dute bere ekarpenaren digitalizazioa.

Ugalderen lanaren digitalizazio eta sareratzearen aurkezpen ekitaldia, Andoainen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Ugalderen lanaren digitalizazio eta sareratzearen aurkezpen ekitaldia, Andoainen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Martin Ugalde jaio zenetik 100 urte pasatu direlarik, Jakin Fundazioak Ugalderen lan osoa digitalizatu eta sareratu duela iragarri du, ostegun honetan, Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen. Guztira, 2.049 idazlan sareratu dituzte, zeinak horietatik 1.662 Ugaldek berak idatzitakoak diren. Gainerako 387 lanak Ugalderen inguruan beste autore batzuk idatzitako testuak dira: elkarrizketak eta liburu kritikak batik bat. Hortaz gain, testu bilduman Ugalderen biografia eta bere ekarpenaren azterketa-testu bat daude.

Azken emaitza orain plazaratu den arren, Jakin fundazioak 90. hamarkadan ekin zion idazle andoaindarraren ekarpena sareratzeko lanari. Digitalizazioaren aurkezpena bukatu eta jarraian Ugalderen liburuetako baten, ‘Itzulera baten historioa’-ren, irakurketari ekin diote. Bertan, Ugalderen familiaz gain, erakunde eta eragile desberdinetako ordezkariak egon dira: Lakuako Gobernukoak, Foru Aldundikoak, Andoaingo eta Hondarribiko Udaletakoak, Jakinekoak, Elkar argitaletxekoak, EIEkoak, Berria egunkarikoak, EH Bildukoak, EAkoak eta abar.

Ugaldek idatzitako 1.662 idazlanetatik, 46 liburuak dira eta gainerakoak, aldiz, artikuluak. 58 urtetan zehar egindako produkzio hau «asko» eta «ikaragarria» dela deritzo Martin Ugalde Kultur Parkeak: «Dimentsio ikaragarria du neurriz, Txillardegi edo Joxe Azurmendi baten parekoa».

Horren dimentsio handia duen lana ordenatu eta klasifikatzeko thesarus propio bat sortu du Jakin Fundazioak. Hau da, bere ibilbidean zehar Ugaldek landutako gaien arabera beren-beregi egindako bilatzaile bat. Martin Ugalde Kultur parkeak Jakin goraipatu du thesarus honegatik, izan ere Jakinen «digitalizazioaren ekarpen handienetako bat» dela deritzo. Hori horrela, sail desberdinak sortu dituzte: euskararen historia soziala, euskal hedabideak, euskal nazionalismoa, nazioarteko historia, lana eta sindikalismoa esaterako.

Hortaz gain, Ugalde «erreferentziazko» kazetari, idazle eta pentsalaria izan zela deritzo Martin Ugalde Kultur parkeak. Izan ere, Ugaldek idatzitako testuak komunikabide ezberdin askotan argitaratu zirela nabarmendu du: «Artikulu hauek gainera, 69 egunkarietan eta aldizkarietan argitaratu zituen, Euskal Herrian eta Venezuelan. Horrek erakusten digu zer nolako irisgarritasuna, zabaltasuna eta sarbidea izan zuen Ugaldek».