NAIZ

Aurrekontuak elkarrizketaren bidez hobetu dituztela nabarmendu dute Lakuak eta EH Bilduk

Lakuako Gobernuak eta EH Bilduk elkarrizketaren bidez aurrekontuak hobetu dituztela nabamendu dute, Pedro Azpiazuk eta Maddalen Iriartek egin dituzten adierazpenetan. Herritarren bizi baldintzetan hobekuntzak lortu dituztela azpimarratu du EH Bilduk.

Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu aurrekontuei buruz hitz egiteko bilera batean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu aurrekontuei buruz hitz egiteko bilera batean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Lakuako Gobernuak aurrekontuei buruz EH Bildurekin sinatu duen akordioa «garrantzi politikoa» duela nabarmendu Ekonomia eta Osasun sailburu Pedro Azpiazuk. Komunikabideei etxetik egindako adierazpenetan (konfinamenduan da koronabirusa dela eta), «oso positibotzat» jo du Azpiazuk akordioa.

«Euskadin gauzak beste modu batean egin daitezkela frogatu dugu beste behin. Euskadin elkarrizketaren eta bideragarritasunaren politika posible da», gaineratu du Azpiazuk. Honekin batera, EH Bildurekin lorturiko akordioa hiritarren arazoak konpotzeko politikaren eredua dela gaineratu du Azpiazuk.

Hitzarmen hau soilik aurrekontuei buruzkoa dela gaineratu du Azpiazuk. Hortik aurrera beste gaietan ere hitzarmenak lortzen badira «ongi etorriak» izango direla gaineratu du, baina une hauetan solik aurrekontuei buruz adostu dutela nabarmendu du. Aurreko urteotan Lakuak PP eta Elkarrekin Podemos-IU taldeekin ere aurrekontuei buruzko akordioak lortu zituela gogoratu du sailburuak.

Negoziazioa «sendoa» eta «zuhurra» izan dela gaineratu du Azpiazuk, horretan hogei egun eman dituztela nabarmenduz. Lakuaren eskaintza «egingarria, ekonomia arloan eskuzabala eta arlo politikoan neurtua» izan dela azaldu du. Beti ere, Lakuaren eskumenen esparrura mugatu direla gaineratu du.

EH Bildu, jendearen bizi-kalitatea hobetzeko

EH Bilduren eledun Maddalen Iriartek ere pozik dagoela adierazi du komunikabideen aurrean egindako agerraldi batean «batez ere beren bizi-baldintzak hobetzen ikusiko dituzten pertsona eta kolektibo horiengatik, eta azkenean lortu dugulako gobernu hau mugitzea eta berebiziko garrantzia duten hainbat aldarrikapen onartzea».

«Jakina, hauek ez dira EH Bilduk egingo zituen aurrekontuak; hauek ez dira erronka handiak parean ditugun honetan gure herriak behar dituen aurrekontuak. Baina badakigu aurrekontu proiektuan hobekuntzak sartzea lortu dugula, eta hobekuntza horiek erantzun hobea ematen dietela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek dituzten beharrei», gaineratu du Iriartek.

«EH Bilduk bere akordioak edukien arabera lantzen ditu, eta akordio horiek jendearen bizi baldintzetan eragina izatea lehenesten du.  Hala egin dugu Nafarroan, Madrilen eta baita Jaurlaritzarekin egindako akordio honetan ere. EH Bildu beti dago akordioetara iristeko prest, Espainiako ultraeskuinekin izan ezik, baldin eta akordio horiek pertsonen bizi kalitatea hobetzen badute. Atzo iragarri genuen akordioak berrestu du egiten duguna esaten dugula eta esaten duguna egiten dugula», azaldu du EH Bilduren parlamentariak.

«Baina, era berean, uste dugu komenigarria dela azpimarratzea aurrekontu horiek onartuta zeudela EAJk eta PSEk duten gehiengo parlamentarioari esker. EH Bilduk hainbat hobekuntza egin ditu aurrekontu proiektu honetan», matizatu du.

«Ate bat ireki zitzaigun, hobekuntza batzuk sartzeko aukera ematen zuena, eta horixe egin dugu. Jakin badakigu ez dugula lortu herri honek dituen premiei erantzun ahal izateko aurrekontu proiektu honek eskatzen zituen egiturazko aldaketak egitea, baina, era berean, badakigu aurrekontuak hobeak direla Gobernuak aurkeztutakoak baino. Aurrez aurre genuen aukera honako hau zen: abstenitu eta aurrekontu horietan zenbait hobekuntza sartzea lortzea, edo adostutako hobekuntzarik gabe utzi Osakidetza eta haren erabiltzaileak eta langileak, energia-krisiari aurre egin behar dioten pertsonak, klima aldaketaren aurka egunero borrokatzen direnak, emantzipatu nahi duten gazteak. Ez dugu zalantzarik izan», azaldu du.

«Gure lehentasuna herritarren ongizatea eta bizi kalitatea dira, eta horretan oinarrituta hartu dugu abstenitzeko erabakia. Izan ere, uste dut denok izan behar dugula argi: EH Bilduk ez badu erabaki hori hartzen, hobekuntza horiek guztiak ez ziren aurrekontuetan sartuko», nabarmendu du Iriartek.

Urkulluren poza

Iñigo Urkullu lehendakaria poza azaldu du Lakuako Gobernuak EH Bidurekin aurrekontuei buruzko hitzarmena lortu duelako. Honekin batera, Parlamentuan aurrekontuak onartzeko gehiengo nahikori badu ere zuzentzen duen Gobernua akordioetara heltzeko prest dagoela erakusten duela gaineratu du Urkulluk.

«Elkarlanerako esparrua beti egon da eta elkarrizketarako prest izan ginen aurreko agintaldian ere. Bakoitzak jakingo du zertan oinarritu den orain posible egiteko iraganean ezinezkoa izan dena», gaineratu du.

EAJren izenean EBBko presidente Itxaso Atutxak «bikaintzat» jo du akordioa eta ezker abertzaleak jeltzaleekin hitzartzeko «zuen beldurra» alboratu izana txalotu du. «Ongi etorriak izan daitezela akordioen politikaren partehartze aktibora», gaineratu du Herri Irratian egin dioten elkarrizketan.

Honekin batera, Atutxaren arabera, aurrekontuei buruz negoziatzeko oposizioko taldeei egin zien deia ez zela hutsala frogatu da.

ELA: «Propaganda hutsa da»

ELAk «faltsutzat eta propagandatzat» jo du Lakuak eta EH Bilduk 2022ko aurrekontuetarako lortutako akordioa. «Ez du egiturazko aldaketarik ekarriko, eta ontzat ematen du Eusko Jaurlaritzaren hurrengo urterako aurrekontu kontinuista eta neoliberala», dio sindikatuak.

Ohar baten bidez adierazi duenez, akordio horrekin, EH Bilduk «ontzat eman du, adibidez, 2022an aurten baino gutxiago bideratzea Hezkuntzara, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketak egitea edo zerga-erreformarik ez egotea».

Lakuako Gobernuaren politiken sakoneko aldaketa eskatzen duten sindikatu- eta gizarte-erakundeen aldarrikapenei «bizkarra ematea» egotzi dio ELAk EH Bilduri. «Akordioak Jaurlaritzaren aurrekontuaren %1era ere iristen ez diren partidak aldatuko ditu, azaleko aldaketarik suposatzen ez dutenak eta aurrekontuen joera neoliberalari eusten diotenak», laburbildu du sindikatuak.