NAIZ

Covid-19 agerraldiak atzeman dituzte Basurtoko ospitalean eta Barakaldo-Sestaoko ESIan

Osakidetzak covid-19 agerraldiak atzeman ditu Basurtoko ospitaleko Revilla pabilioian eta Barakaldo-Sestaoko ESIan. Oraingoz, 25 kasu positibo detektatu dituzte baina datozen orduetan kopurua handitu daiteke.

Basurtoko Revilla pabiloiko sarrera. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Basurtoko Revilla pabiloiko sarrera. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Osakidetzak ohar baten bidez Basurtoko ospitalean eta Barakaldo-Sestaoko ESIan atzemandako bi agerraldiren berri eman du ostegun honetan ohar baten bidez. Gaur gaurkoz, 25 kasu atzeman dituzte baina baheketa prozesuak martxan diharduenez posiblea da positibo gehiago detektatzea.

Zehazki, 5 positibo atzeman dituzte Basurtoko ospitaleko Revilla pabiloian. Positiboak pazienteengan detektatu dituzte, hortaz, Revilla 3 solairuan sarrera ukatuko diete paziente berriei. Hortaz gain, abenduaren 9an ospitaleratutako pertsona guztiek baheketa prozesu batean parte hartu beharko dute; baita ospitaleko langileek ere. Gainera, bisitak erabat debekatuta geldituko dira Revilla 3 pabiloian.

Beste aldetik, Barakaldo-Sestao ESIan atzemandako agerraldia osasun etxeko plantillan detektatu da. Guztira, hogei bat kasu positibo detektatu dira, ospitaleko oftalmologia-zerbitzuko langileei baheketa bat egin ondoren. Lakuako Gobernuak azaldu duenaren arabera, kasuen eta kontaktuen jarraipena egiten ari dira eta langile hauek bigarren proba bat egiteko zain daude, protokoloak ezartzen duen bezala.

Egoera kontuan hartuta, Osasun sailak iragarri du oftalmologiako Barakaldoko eta Sestaoko kontsulta anbulatorioen «jarduera guztia» eta oftalmologiari buruzko San Eloy Ospitaleko kontsulten «zati bat» bertan behera utziko dela. Hori horrela, oftalmologia alorrean goizez zein arratsaldez programatuta dauden jarduera kirurgikoak ere bertan behera geldituko dira. Hala ere, premiazko edo atzeraezinezko jarduera kirurgikoak «bermatu» egingo direla baieztatu du Lakuak.

Hortaz, Barakaldo-Sestaoko ESIko oftalmologia zerbitzua jada bertan behera utzita zeuden Osakidetzako kontsulten zerrendara pasatu da. Izan ere, kontsulta «ez larri» oro, gaixotasun kronikoen jarraipen hitzorduak barne, atzeratuak izango zirela jakinarazi zuen abenduaren 7an Gotzone Sagarduik, Lakuako Osasun sailburuak.