NAIZ

Igandeko martxara doa Satorralaia, metroaren gastua osasun arretarako izan dadila eskatzera

Satorralaiak Donostiako metroaren gastuak osasun arretara bidera daitezela eskatu asmoz batuko da datorren igandean Osakidetzaren gainkarga salatzeko sindikatuek deitu duten manifestaziora. Bertaratzeko deia egin dute Gipuzkoako pentsiodunek ere.

Satorralaiak Donostian egin dituen elkarretaratzeetako bat. (Jon URBE/FOKU)
Satorralaiak Donostian egin dituen elkarretaratzeetako bat. (Jon URBE/FOKU)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzako Lehen Arretaren «kolapsoa» eta ospitaleetako arretaren gainkarga salatzeko Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitu dituzten manifestazioetara batuko dela agertu du ohar baten bitartez.

«Osasungintza publikoaren eraispena eta Lehen Arreta zerbitzuen utzikeria salatzeko datorren igandean, hilaren 23an, egingo den manifestaziora biltzeko deitzen du», agertu du Donostiako metroaren kontrako herritarren plataformak.

Satorralaiak kritikatu du osasungintza publikoaren arloan oinarrizkoak eta lehentasunezkoak diren zerbitzuak «gainbehera» diren bitartean, «baliabide publikoak Donostiako metroa bezalako obra behargabegoetan xahutzen direla».

Hori dela eta, metroaren gastuak osasungintzara bidera daitezela aldarrikatuko du igandean, eta herritarrei dei egin die egun horretan 12.00etan Donostiako Boulebarretik abiatutako den manifestazioan parte hartzera.

Igandean EAEko hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioek Osakidetzaren «kolapsoa» salatu eta egoera honi konponbidea emateko Lakuako Gobernuari neurriak bultza ditzan eskatzea izango dute helburu, ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek azaldu zutenez.

Han izango dira pentsiodunak ere

GEPE Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak ere datorren igandean Osakidetzako sindikatuek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Jakinarazpen batean, deialdi honetara joango dela iragarri du GEPek eta pentsiodun guztiak manifestaziora joatera animatu ditu, izan ere, azpimarratu duenez, «adinekoak gara osasun publiko, unibertsal eta kalitatekoaren premia handiena dugunak».