NAIZ

Bizipozak ‘Mundu berri bat guztiontzat 2’ diskoa kaleratuko du bere elkarteei hauspoa emateko

Iazko arrakasta ikusirik, aurten ‘Mundu berri bat guztiontzat’ bildumaren bigarren zatia ateratzea erabaki dute, 12 kanta eta 12 bideoklipez osatua. Abestiek Bizipozaren parte diren hainbat elkarteren ekimenen berri emango dute musika, hizki zein irudien bitartez.

Bizipoza elkarteak ‘Mundu berri bat guztiontzat’ diskoa eta DVDa atera zuen iaz. Aurten proiektu horren bigarren zatia dator, arrakasta ikusita. Hala, datorren larunbatean argitaratuko dute bilduma berria.

Asteleheneko aurkezpena girotzearen ardura Motxila 21 taldeari egokitu zaio. Bilduma berria 11 abesti eta 11 bideoklipez osatutako lana da. Bizipoza osatzen duten elkarteentzako bereziki ekoiztutakoa denez, barruko liburuxkan bakoitzari buruzko informazioa biltzen da. Era berean, abesti bakoitzari dagokion letra eta ilustrazioa ageri dira, baita sortzaileen eta elkarteetako kideen taldeko argazkiak ere.

Bizipoza osatzen duten elkarteak 36 badira ere, aurtengo proiektu honetan parte hartzeko 12 aurkeratu dituzte (iazko bilduman, Spotifyn entzungai dagoena, beste 12ri eman zioten ikusgarritasuna). Bakoitzaren mezua zabaltzea da egitasmo honen helburua, eta hori lortzeko, musika, hitza eta irudia erabili dituzte.

Elkarteen eta euskal kultur sortzaileen arteko elkarlana sustatu dute abesti zein bideoklip bakoitza sortzerako garaian. Hala, elkarteek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta errealitatea islatu ahal izan dute.

Doinuak Xabier Zabala konpositoreak sortu ditu; letrak 12 idazle eta bertsolariek sortu dituzte; eta 10 abeslari eta 4 taldek kantatu dituzte.

Bizipozaren parte diren elkarte guztiak honakoak dira: AMPGYL, ADEMGI, AFESTA, Agipase, Arnasa, Aspanif, Aspanogi, Aspanovas, Banaiz Bagara, Beroa, Biak Bat, Bihotzez, Dravet Sindrome Fundazioa, Chernobilen Lagunak, Etiopia Utopia, Gehitu, GKEF, Gure Nahia, Gure Señak, Guztiok, Hiru Hamabi,  Junere Hegoak, Kale Dor Kayiko, Marea Urdina, Mindara, Naizen, Ndank Ndank, Nuala, Oporrak Bakean, Pausoka, SD Fundazioa, Seaskako Integrazio Batzordea, Super H, Ume Alaia, Ulertuz eta Vass.