NAIZ

Hezkuntza erreforma langileekin osatzea eskatu dute sindikatuek; greba egun bat deitu dute

ELA, LAB, Steilas eta CCOOk greba egingo dute martxoaren 25ean, EAEko hezkuntza legea hezkuntza komunitateko langileekin batera ondu behar dela aldarrikatzeko. Halaber, elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizko Legebiltzarraren aurrean hilaren 18an eta 28an.

Grebarako deialdi bateratua egin dute LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek.
Grebarako deialdi bateratua egin dute LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. (LAB)

ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek adierazi dute ez daudela ados Lakuaren hezkuntza akordioaren zirriborroarekin eta lege parte-hartzaile baten alde egin dute,  hezkuntza komunitateareko langileak aintzat hartuko dituena. Mobilizazioak iragarri dituzte martxoaren 18 eta 28rako, eta greba eguna martxoaren 25ean.

Hezkuntza Legeak jaso beharko lituzkeen edukiak aurkeztu dituzte sindikatuek, zortzi puntutan bilduta, Hezkuntza Plazara plataformak martxoaren 5ean jaso zituenaren antzekoak. Batetik, egungo hezkuntza-sistema duala gainditu eta euskal hezkuntza-sistema publiko baterako bidea sustatu behar dela iritzi dute. «Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da. Hezkuntza- sistemarako publifikazio-marko orokor eta adostua bat ezarri behar da, bertako langileen eta ikasleen eskubideak bermatuz eta baita langileen parte hartzea eta adostasuna prozesuan zehar ere», aldarrikatu dute.

Hezkuntza lege propioa nahi dutela diote eta, horretarako, EAEko Hezkuntzan «erabateko eskumenak eskuratu» eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotu beharko litzatekeela pentsatzen dute.

Hirugarrenik, hezkuntza legeak behar dituen inbertsio eta baliabideak sustatu eta handitzeko galdegin diote Lakuari, gutxienez BPGren %6 bideratuz, ratioak jaitsiz, eta 0- 18 urte arteko hezkuntzaren doakotasuna bermatuz.

Segregazioa eta euskara

Segregazioaren gaiari ere heldu diote ELA, LAB, Steilas eta CCOOk. «Gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu. Segregazioari aurre egiteko neurri sorta urgentziaz onartu behar da, besteak beste, matrikulazio prozesu gardenak, irregulartasunik gabekoak eta ikasleak ez segregatzeko helburua luketen administrazioaren menpeko matrikulazio bulego publiko eta bakarra ezartzeaz ari gara, eskualde, herri eta hiri guztietan», agertu dute.

Bestetik, euskara eta bizikidetzaren balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege baten alde kokatu dira. Euskararen auzian, murgiltze eta mantentze eredu orokortua deritze ikasle euskaldun-eleanitzak hezteko modurik egokiena.

Halaber, hezkuntza komunitatea osatzen duten beharginen lan-baldintza egokiak bermatu beharko luke lege berriak, sindikatuen ustez. Eta, zentzu horretan, zazpigarren puntuan jasotzen dute azpikontratazio eta pribatizaio prozesuekin bukatzeko beharra.

Amaitzeko, hezkuntza lege parte hartzailea aldarrikatu dute sindikatuek, «langileak aintzat hartuko dituena».

Mobilizazioak eta greba

Gizartearen eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatzea helburu, mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek, "Publikoa euskalduna eta propioa, hezkuntza legea langileokin eraiki". 

Hala, martxoaren 18an elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, 10.30ean; hilaren 25ean greba deitu dute sindikatu guztiek batera eta manifestazioa egingo dute Bilbon, 11.30ean Arriagatik hasita. Bestalde, martxoaren 28 berriz elkartuko dira, 10.30ean, Legebiltzarraren aurrean.

Greba deialdi «harrigarria»

Lakuaren batzarraren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak, gaitzetsi du «nekez uler daitekeela» greba-deialdia egitea «ezagutzen ez den» Hezkuntza Legearen testu baten aurrean.

Zehaztu duenez, une honetan, Hezkuntza Legearen zirriborroari aurkeztutako ehun zuzenketa baino gehiagoren «negoziazio-prozesuan» daude legebiltzarreko taldeak, ondoren «behin betiko testua lortzeko». Ildo horretatik, esan du «harrigarria dela ezagutzen ez den testu baten aurrean greba deitu izana».

Hala, Bildarratzek uste du greba deitzea «elkarrizketaren eta ulermenaren mezu horren aurkakoa» dela.