Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

M1: hamaika arrazoi borrokarako, beste hainbeste deialdi kaleak hartzeko

Garai zailak bizi ditu munduak eta, harekin batera, langileriak, eta horren ondorioz hamaika dira irekita dauden borrokarako esparruak. Horietako askok isla izango dute Maiatzaren Lehenerako deitutako mobilizazioetan, berriz ere kaleak betetzeko xedea izango dutenak.

Bandera gorriak eta ukabil itxiak ikusiko dira, ohi bezala, gaur Euskal Herriko kaleetan.
Bandera gorriak eta ukabil itxiak ikusiko dira, ohi bezala, gaur Euskal Herriko kaleetan. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Maiatzak lehenengo eguna du gaur, munduko beste herrialdeetan bezala, Euskal Herrian ere langileriaren aldarrikapenak plazaratzeko hitzordu nagusia. Oraindik pandemiaren itzala gainetik kendu gabe gabiltza, baina 2020ko etenaldiaren eta 2021ko pauso zalantzatiaren ondoren, kaleak betetzeko gogoz aterako dira sindikatuak eta gizarte eragileak, bizi dugun aro aldrebestu honetan langileon eskubideak defendatzeko xedez.

Batez ere goiz eta eguerdirako, baina arratsalderako ere Maiatzaren Lehenaren karietara egindako deialdiak asko dira, borrokarako esparruak ugariak direlako, alde batetik, eta leku gehienetan batasun sindikalaren irudirik ez delako izango.

Salbuespena, alde horretatik, Ipar Euskal Herria izango da, bertan sindikatu zein eragileek elkarrekin ateratzea hobetsi baitute. “Mundu justu, jasangarri, solidario eta baketsu baten alde: gu gara alternatiba!” lelopean, LABek, CGTk, Bizi-k, FSUk, ALDAk, EBAk, CFDT-k eta Etorkinekin Solidarité Migrants-ek manifestazio bana egingo dute Baionan eta Maulen, 11.30ean.

Besteak beste, «bizigarria den lan bat», «zerbitzu publiko azkar bat», «itxuraldaketa ekologikoa», «emazteen eta gizonen arteko berdintasuna» eta «migranteei harrera egokia» galdegingo dituzte deitzaileek.

ELAk, prekaritatea jomugan

Hego Euskal Herrian, Bilbok, Donostiak, Gasteizek eta Iruñeak hartuko dituzte mobilizazio nagusiak, nahiz eta beste zenbait herritan eta eskualde buruetan ere deialdiak egin diren.

ELAk, “Borrokan ari gara, prekaritatearekin amai dezagun” leloa hartuta, lan prekarioen aurkako borroka lehenetsiko du gaurko hitzorduan. Sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak iragan astelehenean salatu zuenez, enpresek inoiz baino etekin gehiago izan zituzten 2021ean baina, aldi berean, gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute. «ELAk ez du errenta-itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen», azaldu zuen gaurko mobilizazioen aurkezpenean, eta adierazi zuen «milaka pertsona egoera prekarioan» dauden une honetan, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitzea direla berak zuzentzen duen sindikatuaren borroka nagusietako batzuk.

Era berean, ELAk salatzen du Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daudela, eta emakumeak direla errealitate hori gehien jasaten dutenak.

Prentsaurrekoan, Lakuntzak eta ELAko antolakuntza arduradun Leire Txakartegik etxebizitzaren egoera ere nabarmendu zuten: «Espekulazioari oztoporik jarri gabe, 80.000 etxebizitza hutsik daude eta alokairu sozialeko parke publikoa hutsala da, eta etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da biztanleriaren parte handi batentzat». Maiatzaren Leheneko ekitaldiak aurkezten ari zirela, gaineratu zuten botere sindikala sortzeko antolatzea dela «edozein militante sindikalen zeregin nagusia eta ekarpenik onena».

LAB: banaketa hirukoitza

LABek, bitartean, zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatu behar direla aldarrikatuko du Maiatzaren Lehenean. “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” lemapean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik agerraldia egin zuten apirilaren hasieran, deialdien berri eman eta sindikatuak egiten duen irakurketa azaltzeko. Adierazi zutenez, aurten enplegua eta zaintzak banatzeko eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra sindikatuak. «Izan ere, banaketa hirukoitzaren alde egiten dugu, zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde», gaineratu zuen Aranburuk.

LABen aburuz, «lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira», eta, bide horretan, «aberastasuna birbanatzeko politiken alde» egiten du, soldatak zein zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala egikarituz.

Lehen puntuari dagokionez, «erosahalmena ez galtzeko» KPIaren araberako soldata igoera eta 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea ezinbesteko jo zuten Aranburuk eta Jauregik. Gainera, adierazi zuten sindikatu abertzaleak ez duela «inolako errenta pakturik onartuko, langileok galdu dugun erosahalmena berreskuratzeko ez bada».

Agerraldian, azaldu zuten LAB ez datorrela bat gastu militarra handitzeko asmoekin. «Bizitza duinak bermatzeko inongo neurririk hartu ez eta, kontrara, bizitzak suntsitzeko diru gehiago jartzeko nahiarekin ez gaude batere ados», adierazi zuten, eta gaineratu zuten «zerbitzu publikoen suntsiketari amaiera eman eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatu» behar direla osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitza politiketan eta politika sozialetan. Zaintzarako zerbitzu publikoa garatzea ere ezinbesteko ikusten dute.

Erreforma fiskalaz, berriz, zehaztu zuten «kapitalaren errentei eta enpresen irabaziei zergak igo» beharko litzaizkiekeela.

«Hori guztia hemen, Euskal Herrian, egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, tokian toki sustatu beharrekoa, elikadura burujabetzan aurrera eginez, baita energia burujabetzan ere; burujabetza, langileen bizi-baldintzei dagozkien erabakiak hartzeko», laburbildu zuen Garbiñe Aranburuk.

CCOO-UGT: gerraren kalteak

CCOOk eta UGTk elkarrekin antolatu dituzte mobilizazioak, “Konponbidea” leloari helduz. Soldatak igotzea, prezioak mugatzea eta berdintasun handiagoa eskatuko dituzte, batez ere.

Aste honetan bertan, Nafarroako CCOOko eta UGTko idazkari nagusi Chechu Rodriguezek eta Augusto Paredesek agerraldia egin dute elkarrekin, Maiatzaren Lehenari begira beren mezua zabaltzeko. Azken honek adierazi zuenez, «Errusiak Ukrainari egindako inbasio bidegabearen eta prezioen igoera neurrigabearen ondoriozko testuinguru ekonomiko eta sozial delikatu eta ziurgabean iritsi gara Maiatzaren Lehenera», eta horrek «egoera jasanezin batera eraman ditu etxe eta enpresa asko, muga-mugan baitaude dagoeneko». Testuinguru honetan, UGTko buruak adierazi zuen «neurri eraginkorrak» behar ditugula «gerraren ondorio kaltegarrienak arintzeko».

«Era berean, ezinbestekoa da familien erosteko ahalmena bermatzea, batez ere baliabide gutxien dituztenena eta egoera ahulenean daudenena», adierazi zuen Paredesek, azpimarratuz «jasaten ari garen inflazioaren aurrean, langileok erosteko ahalmena berreskuratu» behar dugula eta, beraz, «soldatak igo» behar direla.

ESK-Steilas: etekinak banatu

ESK eta Steilas ere batera doaz –goizeko manifestazioetan CGT eta CNT batuko zaizkie, eta Nafarroan, Solidari–, eta “Kapitalak gehiago nahi du” idazkian, errenta-ituna kritikatu eta etekinak birbanatzea eskatzen dute. «Bi urtez pandemiari eta hura kudeatzeko hautatu den moduaren ondorio sozialei eta ekonomikoei eutsi ondoren, langile-klasea egoera berri batean dago, Ukrainako gerrak eta hark utziko dituen ondorioek zeharo baldintzatuta», azaltzen dute.

Haien iritziz, «krisi ekonomiko berri honetan, 2008ko leherketa finantzarioaren ostean bezalaxe, kapitalismoak agerian utzi du ez duela alternatiba baliozkorik», eta salatzen dute gobernuak, ez batzuk ez besteak, ez direla «gizarte justuago baten alde borrokan ari». «Estatua eta diru publikoa esku pribatuetan uztearen alde ari dira, lotsarik gabe, eta langileen errentak kapital handiaren enpresa- eta finantza-etekinetara bideratzen», salatzen dute ESK-k eta Steilasek, gaineratuz «Gobernuak, kapitalaren ordezkari, larrialdi galgari eragin beharrean, krisia sakontzen duten neurriak hartzen» ari direla, «bizitzaren prekaritatea eta herritar gehienen pobrezia areagotzen», beraz.

Deialdi nagusiak

Ondokoak dira sindikatu nagusiek hiriburuetan deitu dituzten mobilizazioak:

ELA: Bilbon 11.30ean (Jesusen Bihotzetik), Donostian 11.30ean (Alderdi Ederretik), Gasteizen 12.00etan (Andre Maria Zuriaren plazatik) eta Iruñean 11.30ean (Gurutze plazatik).

LAB: Bilbon 11.00etan (Zabalburutik), Donostian 12.00etan (Easo plazatik), Gasteizen 12.00etan (Andre Maria Zuria-Mateo Morazatik), eta Iruñean 12.00etan (Gaztelu plazatik).

CCOO eta UGT: Bilbon 11.30ean (Jesusen Bihotzetik), Donostian 12.00etan (Alderdi Ederretik), Gasteizen 11.00etan (Andre Maria Zuriaren plazatik) eta Iruñean 12.00etan (Zaragoza etorbidetik).

ESK eta Steilas: Bilbon 11.30ean (Kale Nagusia 56tik), Errenterian Donostiara martxa, 10.45ean (Zumarditik), Gasteizen 12.30ean (Europa Jauregitik), eta Iruñean 12.00etan (Baratxurien plazatik).

Ipar EH-ko eragileak: Baionan 11.00etan (Lan Burtsatik) eta Maulen 11.00etan (Gurutze Xuritik)