NAIZ

Gure Zirkuak ostiral honetan ekingo dio Durangon bosgarren birari

Ostiral honetan abiatuko du Gure Zirkuak bere bosgarren bira, Durangon. Apustuak egitea «garrantzitsua» dela iritzita, eszenografia desberdin bat estreinatuko du euskal zirku ibiltariak denboraldi honetan.

Ezkerretik eskumara: Patxi Lakuntza, Joseba Usabiaga, Iraitz Lizarraga, Ane Abanzabalegi, Ekain Ibarguren eta Iker Galartza.
Ezkerretik eskumara: Patxi Lakuntza, Joseba Usabiaga, Iraitz Lizarraga, Ane Abanzabalegi, Ekain Ibarguren eta Iker Galartza. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Herriko bazterrak zeharkatzen hasi zenetik, lehen aldiz emango dio Durangok ongi etorria Gure Zirkuari. Izan ere, ostiral honetan, maiatzaren 6an, ekingo diote bertan Gure Zirkuko lagunek bosgarren birari. Nobedade bezala, Gure Zirkuak eszenografia estreinatuko du, ikusleei dekoratu berezi bat eskainiz eta ohiko teloi gorria alde batera utziz. Era berean, artistek aurreratu dute espektakulu berria «arriskatu samarra» izango dela eta «hatzak gurutzatuta» datozela, baina egindako lana «gustatzen» zaiela.

Ildo honetatik, Iker Galartzak, aktoreak, ‘Poxpolo’ pailazoak eta gidoilariak, jakinarazi du publiko bizkaitarrak atzemango dituela aldaketa gehien ikuskizunean: «Esan daiteke iaz Bizkaian egin ziren emanaldietatik bakar bat ere ez dela errepikatzen. Hau da, iaz baten bat Bakiora joan bazen, aurten Durangon erabat ikuskizun desberdina topatuko du».

Dena den, Galartzak aitortu du askotan «zaila» egiten zaiela show-ak aldatzea lantaldean «pila bat» ez direlako. «Diziplinak ere oso konkretuak ditugu. Ekain ez dugu trapezioan ikusiko, malabarista eta pailazoa delako. Iraitz akrobata da, ez da malabarismoak egiten hasiko. Hala ere, apustua erabat diferentea da», argitu du aktoreak.

Gainera, Joseba Usabiaga aktoreak nabarmendu du lantaldea erabat indarberrituta dagoela oholtzara irteteko: «Bira hasieran denok % 100ean egoten gara; Ikerrek eta biok ahotsa ondo dugu, Iraitz fisikoki errekuperatu da, Ekain malabarismoa praktikatzen aritu da negu guztian… Bira hasieran oso motibatuta eta gogotsu egoten gara, inolako lesiorik gabe, eta uste dut hiru aste hauek oso onak izango direla».

Hortaz gain, bi aktoreek nabarmendu dute, nahiz eta karpa erdi beteta egongo den, «errespetu handia» emango dietela aglomeraziorik nahi ez duten ikusleei. Musukoaren aferan, Usabiagak konfesatu du «irribarreak ikusteak asko motibatuko» dituztela.

«Lehen, jendea zirku-gosez bazegoen, orain, uste dut, gero eta gehiago, jendeak barre egin, gozatu eta krispeta batzuk jan nahi dituela. Zirkura bere kit konpletoan etorri nahi duela eta ez % 50ean», adierazi du Galartzak.

Kolaborazio «naturalak»

Aurreko biretan, Gure Zirkuak Gozategi musika taldearekin edota bertsolariekin emanaldi bereziak eskaini izan ditu. Denboraldi honetan ere gonbidatuak aurreikusten ote dituzten galdetzean, Galartzak gogorarazi du horiek «era naturalean» loratutako kolaborazioak izan zirela, eta ez aurretiaz programatutakoak.

Konkretuki, Gozategik eta Gure Zirkuak batera emandako ikuskizunari dagokionez, Galartzak zehaztu du pandemia testuinguruan izan zela, kanpoan gauzak egin ezin zirenean eta Gure Zirkuak segurtasun distantziak errespetatzeko azpiegitura bat zuela aprobetxatuz, musikariei espazioa eskaini zietela: «Gu lanean ari ginen, ahal zen neurrian, eta, pentsa zer den Gozategi batentzako abuztuan emanaldi bakar bat ez edukitzea, ia talde denei gertatu zaien moduan. Orduan esan genuen, bueno, karpa eman dago, nahi baduzue kontzertu egin dezakezue».

«Gauzak oso era naturalean gertatzen direnean, gehiegi tenkatu gabe, uste dut ona dela», esan du Galartzak. Jarraian, «uztartzeak onak badira» saiatu egin behar dela, eta kultur eragileengandik proposamenak jaso ezkero, elkarlanerako «prest» daudela jakinarazi du aktoreak. Alabaina, oraingoz ez dute gonbidatu berezirik espero.

Estreinaldia, Durangon

Durangon eskainiko dituzten hamalau emanaldietarako, Otamotzenako parkean altxatu dute pailazo, akrobata eta malabaristaz betetako karpa, lehen hiltegia egon ohi zen tokian. Galartzak ebatzi duenez, «ez dakit nik sekula iñongo parketan gure karpa hain ondo mimetizatu den».

Hilaren 22an eskainiko dute azken emanaldia Durangaldean, eta, jarraian, Arabara joango dira hiru urtez bertatik pasa gabe egon ondoren. Konkretuki, Amurrio izango da zirkuaren hurrengo geltokia eta artistek hamar emanaldi eskainiko dituzte maiatzaren 27tik ekainaren 5era bitartean. 

Dena den, pisuzko bi arrazoi izan ditu zirku ibiltariak bira Durangon hasteko: batetik, pandemia hasi aurretik jada bertara joateko asmoarekin zebiltzala eta behin eta berriz hitzordua atzeratu behar izan dutela osasun krisia tarteko, eta, bestetik, Durangaldea «apustu segurua» dela.

«Egia esan, pittin bat berekoiak izanda, kolpe segurua jo eta ondo hasi nahi genuen. Gure Zirkuari gustatzen zaio apustu ezberdinak egitea eta txoko diferenteetara joatea. Norbaitek akaso pentsatuko du beti beti betetzen dugula, baina ez dugu beti beti betetzen. Durangaldea bagenekien oso leku ona zela horretarako», azaldu du Galartzak.

Gure Zirkuak ez du kale egin aurreikuspenekin, izan ere, dagoeneko agortuta daude Durangoko emanaldi guztietarako sarrerak. Dena den, artistek esplikatu dute online saltzen diren sarreretatik at, beti gordetzen dituztela emanaldi bakoitzeko 30 sarrera inguru txarteldegian, internet erabiltzeko ohiturarik ez duten eta zirkuaz gozatu nahi duten herritarrei begira. Amurriorako, ostera, online sarrerak eskuragai daude oraindik. 

Udaletxearen izenean, Durangoko Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziek eskerrak eman dizkiete Gure Zirkuko beharginei herritargoa euskalduntzeko eta zirkuaz euskaraz gozatu ahal izateko egiten duten lanagatik.