NAIZ

Etxerik gabeko pertsonei arreta egokia emateko neurriak galdegin dituzte Barakaldon

Berri Otxoak bazterketaren kontrako plataformak deituta, Zabalgarbin hilik aurkitu zuten gaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Barakaldon, eta etxerik gabeko pertsonen errealitateari erantzuteko neurriak exijitu dituzte.

Barakaldoko Udaletxe aurrean astelehen honetan egindako mobilizazioa.
Barakaldoko Udaletxe aurrean astelehen honetan egindako mobilizazioa. (NAIZ)

Berri Otxoak bazterketaren aurkako plataformak elkarretaratze bat egin du astelehen honetan Barakaldoko Udaletxearen aurrean, iragan den maiatzaren 3an Zabalgarbiko erraustegian hilik aurkitutako gazte etxegabearen heriotza gaitzesteko. Hortaz gain, kale gorrian dauden pertsonen errealitateari erantzuteko «benetako neurriak» hartu behar dituztela esan diete erakundeei.

Izan ere, elkarretaratzean gogorarazi dutenez, Bizkaiko Aldundiaren tutoretzapean egon izan zen 20 urteko gazte migratzailearen gorpua joan den astearte goizaldean aurkitu zuten Zabalgarbiko erraustegiko langileek, zaborrez betetako zenbait kamioi deskargatzen eta hondakinak tratatzen ari zirela.

Gorpua aurkitu zuten orduari erreparatuta, gaztea Barakaldo edo Portugaleteko kontainer batera lo egitera sartu zela adierazten du hipotesi nagusiak. Halaber, plataformak kritikatu du astearte horretan bertan Bilboko Doña Casilda parkean etxerik ez zuen beste pertsona baten hilotza topatu zutela. Heriotza hauetaz gain, plataformatik arbuiatu dute Barakaldoko San Vicente auzoan 63 urteko gizon bat hilik aurkitu zutela iragan den martxoaren 26an.

Biktimen heriotzak deitoratu ostean, Berri Otxoakek Barakaldoko Udalari eta gainerako erakunde publikoei etxegabeen aferari aurre egiteko «benetako neurriak» har ditzatela eskatu diete.

70 etxegabe Barakaldon

Ildo honetatik, plataformak salatu du Barakaldoko Udalak hartutako «murrizketa politikek» gaur-gaurkoz ezkerraldeko udalerrian «70 etxegabe kalean bizirauten egotea» eragin dutela.

Horregatik guztiagatik, Berri Otxoaken aburuz, «baliabide gutxiegi eta harrera sareetara, aterpetxe eta erroldara jotzeko oztopoak» daude. «Udal zerbitzuen saturazioak eta etxegabe guztien beharrak asetzeko baliabide faltak, hamarnaka pertsonek kalean, portaletan edo herriko kutxazainetan lo egin behar izatea eragiten du», azaldu dute.

Testuinguru honetan, Berri Otxoak eragileak udal arduradunei exijitu dienez, «premiaz jokatu behar da pertsona etxegabe bakar batek ez duela egun bat gehiago kale gorrian pasatzen bermatzeko». Horretarako, udal zerbitzu sozialak areagotzeko galdegin dute: «Barakaldo bezalako herri batean urgentziazkoa eta nahitaezkoa da herriko pertsona eta familia guztien ostatu duina bermatzea».