NAIZ

2011tik hona langile bakoitzak batez beste 6.135 euro galdu dituela egiaztatu du LABek

Ipar Hegoa fundazioak eginiko ikerketa batean ondorioztatzen denez, 2011. urtetik hona batez beste 6.135 euro galdu ditu langile bakoitzak Euskal Herrian. Aldi berean, kapitalaren irabaziak handitzen doaz eta gastu militarra ere bai.

Oihana Lopetegi eta Edurne Larrañaga (Ipar Hegoa), ikerketa eskutan dutela.
Oihana Lopetegi eta Edurne Larrañaga (Ipar Hegoa), ikerketa eskutan dutela. (LAB)

Ipar Hegoak, LAB sindikatuaren ikasketa sindikaletako fundazioak, ‘Ikusmiran Egoeraren Azterketa, 2022ko udaberria’ txostena kaleratu du astearte honetan. Datu bat nabarmentzen da guztien artean: «Azken 11 urteetan langile bakoitzak, batez beste, 6.165 euro galdu ditu. Pentsioen kasuan ere, nabarmena da erosahalmenean izaniko galera».

Ildo honetatik, Ipar Hegoak salatu du, beste behin, herritarrei sakrifizioak eskatzen zaizkiela beraien erosahalmena murrizten zaien bitartean. Bereziki, «sektore zaurgarrienen eta langileen pobretze prozesuak ez du etenik», deitoratu du Ipar Hegoak.

«2021ean KPIak azken urte luzeetako igoerarik handiena izan zuen, %6,5 inguru, eta 2022ko maiatzean %8,7ra iritsi da. Igoera honek eguneroko erosketa saskian eragin handia izan du: olio eta koipeak %32 garestitu dira; irinak eta bestelako zerealak %14,3; pastaren prezioak %21,4ko igoera izan du; argindarra %107,8 garestitu da; eta ibilgailuen erregaia %40,2. Herritar guztiok gure poltsikoetan nabaritu arren, etxe xumeetan gehiago nabaritu da, aurrekontuaren %66 baino gehiago erabiltzen baita etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak eta elikagaiak zein alkoholik gabeko edariak erosteko», arrazoitu du Ipar Hegoak.

Hala ere, ikasketa sindikaleko fundazioak salatu du KPIa igo arren, soldatak honen «azpitik eguneratu» direla eta, ondorioz, azken 11 urteetan behargin bakoitzak 6.165 euro galdu dituela bataz bestean.

Egoera honen aurrean, Ipar Hegoak abisatu du Euskal Herria «prestatu» egin behar dela «datorkigunari aurre egiteko»; bestela, «datorkigunak hartuko gaitu». Era berean, «herritarron ongizate osoa» lehenetsi dadin eskatu du eta, horretarako, «erabaki politikoak» hartu behar direla aldarrikatu du. «Herri erabakiak hartzeko garaia da, lehentasunak ezarri eta politika publiko ausartak garatzekoa», ebatzi du.

Gastu militarra

Azken krisiari, Ukrainaren aurkako inbasioari dagokionez, Ipar Hegoak gogorarazi du 2021ean espainiar eta frantziar estatuek BPGaren %1,4 eta %1,9 bideratu zutela hurrenez hurren gastu militarrera. Era berean, ikasketa sindikaleko fundazioak ohartarazi du Gobernu espainolak eta frantsesak gastu hau epe motzean handitzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri zutela.

«Argi eta garbi, gastu militarrera bideratuko den dirua ez da herritarron eskubide sozialak bermatzera bideratuko», gaitzetsi du.

Gerrak ikusarazi duen menpekotasun energetikoaren harira, Ipar Hegoak kritikatu ekologikoki iraunkorra ez den ereduak «uko egin» diola berotegi efektuko gasen isurketen afera «prozesu kolektiboen bidez abordatzeari». Are gehiago, klima aldaketaren erantzukizuna «norbanakoan zamatu» dela deitoratu du.