NAIZ

Hainbat emakumek salatu dute drogatu egin dituztela Alemaniako SPD alderdiaren festa batean

Berlinen SPD alderdiaren udako festa baten ondotik salaketa aurkeztu dute hainbat emakumek drogatuak izan zirenaren susmoaz. Salaketa aurkeztu duen lehen biktimak 21 urte ditu eta ez du festaz ezer oroitzen; Poliziak ikerketa abiatu du. Olaf Scholz kantzilerra ere bertan zen.

Olaf Scholz iaz SPDk egindako ekitaldi batean.
Olaf Scholz iaz SPDk egindako ekitaldi batean. (DPA/EP)

Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren festa batera joan eta bertan drogatu egin zituztela salatu dute bederatzi emakumek Berlinen. SPD alderdiak salaketak baieztatu dizkio AFP agentziari eta gertatutakoarekin «oso larrituta» daudela adierazi dio aipatu alderdiko bozeramaile batek AFPri, Berlingo ‘Tagesspiegel’ egunkariaren informazioa berretsiz.

Berlingo poliziak adierazi duenez, aurreneko salaketa 21 urteko emakume batek aurkeztu zuen. Iragan asteazkenean ospatu zen festan alkoholik ez edan arren, festaren biharamunean inongo oroitzapenik ez zuela ohartuta, ospitalera joan zen ondoezik. Komisaldegian kasua salatu zuen jarraian.

Egoera berean egon daitezkeen kasuak azaleratu asmoz, eta zalantza izanez gero, salaketa jartzea eskatu du Poliziak baita alderdiak. Orain arte bederatzi biktima zerrendatu dira, baina Legebiltzarreko bozeramaileak ez du baztertu gehiago egotea.

Asteazkenean Berlingo Kantzelaritzatik gertu ospatu zen udako jai honetan orotara mila pertsona inguruk parte hartu zuten sasoiko etenaldi parlamentarioaren aurretik, SPD alderdiko kide den Olaf Scholz kantzilerra barne, baina baita diputatu eta laguntzaile asko ere.

«Barne ekitaldi bat zen, eta gonbidapen bidez baino ezin zer sartu», gogorarazi dute.

Poliziak esan du orain arte beste lau kasuren berri izan dutela. «Droga bortxatzaileak» deiturikoek goragalea eta zorabioak eragiten dituzte. Biktimaren edarian isurtzen dira ondoren, lapurreta, indarkeria edo sexu-erasoak egiteko.