NAIZ

Azpiazuren aurkako inputazio bat torturaren ondorioa dela salatu dute epaiketan

Garikoitz Aspiazu euskal presoa Madrilen hasi dira epaitzen astearte honetan, Parisek Espainiaratu ostean. Bere aurkako inputazioa (2002an Bilbon ETAk eginiko ekintza bat) torturaren ondorioa izan zela salatu du leku gisa deklaratu duen Gorka Martinezek.

Garikoitz Aspiazu, Auzitegi Nazionalean aurreko epaiketa batean. (POOL EFE)
Garikoitz Aspiazu, Auzitegi Nazionalean aurreko epaiketa batean. (POOL EFE)

ETAk 2002. urteko urtarrilaren 12an eginiko ekintza batengatik Garikoitz Aspiazu euskal presoa epaitzen hasi dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean, astearte honetan. Bonba-auto bat eztandarazi zuen egun hartan euskal erakunde armatuak Bilboko hirigunearen erdian, zauritu larririk ez baina kalte material handiak eraginez (milioi bat eurotik gorakoak).

Abuztuan Espainiaratu zuten Aspiazu auzi honengatik epaitzeko. Ez da lehen aldia, aurretik jada 2009. urtean, 2015ean eta 2019an eraman baitzuten Auzitegi Nazionalera, akusazio ezberdinak zirela medio.

Bere abokatuaren galderei erantzunez, ekintza horretan ez zuela parte hartu eta horretaz ez dakiela ezer ere ez adierazi du Aspiazuk. Fiskalaren galderei ez die erantzunik eman nahi izan. 32 urteko espetxe zigorra eskatzen du akusazio publikoak.

Lekuko gisa Gorka Martinez azaldu da epaiketaren lehen saio honetan, bideokonferentzia bidez, akusazioaren oinarrian berak komisaldegian eginiko deklarazioa agertzen da eta. Martinezek argitu duenez, torturaren bidez behartu zuten inkulpazio hura.

Xabier Atristain kasuan Europako Giza Eskubideen Entzutegiak estandar berri bat ezarri zuen, inkomunikaziopeko atxiloketa hauetan defentsa eskubiderik ez dagoela nabarmenduz eta epe horretan eginiko deklarazioak ez direla proba gisa baliogarriak garbi utziz. Hala ere, gogoratu behar da hasieran bi auzi ezberdinetan doktrina berri hori bere egin zuela Auzitegi Nazionalak, baina gero aurreko erizpideari eutsi zioten Atristainen kasuan, kondena baliogabetu gabe utziz eta espetxera itzularaziz.

Aspiazuren aurka, 32 urteko espetxe zigorra eta 75 urteko inhabilitazioa eskatzen ditu Fiskaltzak. Soto del Realen izan dute kartzelaratuta epaiketa hau abiatu arte eta bertan segituko duela aipatu dute polizi iturriek Europa Press ajentziaren bitartez.