Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Pierria Henryren aklimatazio faltak emaitza txarra ekarri du, baina hau hasi baino ez da egin

Virginiakoak 18 minutu jokatu zituen Saski Baskoniaren elastikoarekin lehiatzen ari den bigarren aldian. Howardekin partekatu zituen minutu gehienak, nahiz eta dena atzekoz aurrera atera zitzaien biei ala biei. Ostegunean Maccabiren aurkako demarako konpenetrazio hoberik izango du taldekideekin.

Emaitza txarra izan bazen ere, ohiko inplikazioa erakutsi zuen Pierria Henryk.
Emaitza txarra izan bazen ere, ohiko inplikazioa erakutsi zuen Pierria Henryk. (@EUROLEAGUE)

«Zernahi irabazteko lehian egon behar dugu», esanda agurtu zituen bigarren aldiz Pierria Henryk Saski Baskoniako zaleak, eta agian Virginian jaio eta Senegalgo pasaportea ere baduen antolatzaileak arrazoirik izango du, baina bere debuta Baskoniaren elastikoa jantzita oroitzeko baino ahazteko modukoa izan da.

Asvel Villeurbanne taldeak aurkari egokia zirudien Euroligan laugarren garaipena lortu eta gasteiztarren fitxaketa berriaren aurreneko amarruak –asistentziak, ohostutako baloiak...– ikusten hasteko. Horrez gain, Pierria Henryk Astroballen jokatuko zuela jakiteaz gain, Markus Howard ere uste baino arinago sendatu zen Olympiacosen aurka ezker belaunean min hartu eta gero. Dena ezinhobeto!

Ezin zaio Pierria Henryri bere ohiko ausardiarik ez zuela erakutsi leporatu, ezta, partida goitik behera galduta ere, taldearen gurditik tiraka aritu ez zenik esan ere. Baina 87-61 galdu zuen Saski Baskoniak eta horrek ez du bueltarik. Pierria Henryk energia eta abiadura ezarri nahi izan zizkion jokoari, baina presaka aritu zen eta bestela ere nahi baino arinago oertu zen partida are eta gehiago okertu zen Baskoniarentzat Darius Thompsonek hirugarren falta egin eta Henry kantxara itzuli zenean. Hala, bistakoa beharko lukeena azaleratu zen: oraindik taldekideekin josi beharreko konplizitate hori falta zaiola gasteiztarren fitxaketa berriari.

Gutxi gorabehera, duela urte bi zen Pierria Henry da Astroballen jokatu zuen hau ere, baina taldea guztiz da ezberdina. Virginiakoaren azken partidan, ezustean 2020ko ACB Liga irabazi zuen hura, Luca Vildoza, Tornike Shengelia, Achille Polonara, Ilimane Diop, Micheal Eric, Youssoupha Fall edo Zoran Dragic zituen taldekide, besteak beste –Giedraitis, Raieste, Kurucs eta Sedekerskis ere han ziren– eta entrenatzailea Dusko Ivanovic zen. Alegia, taldeak ezberdin jokatzen zuela jokalari eta entrenatzaile ezberdinak zituelako eta, bistakoa den guztia esaten hasita, Baskonia hartako liderretako bat Pierria Henry bera zelako, eta ez astean zehar azken orduan iritsitako azkena.

Ondorioz, harritzekoa al da Pierria Henry eta bere taldekideen arteko itxurazko koordinazio falta hori? Entrenamenduak ere hala moduzkoak egin ditugu Pierria talde dinamikan sartzen joan dadin», onartu zuen Joan Peñarroyak berak talde fransesaren aurka jasotako adarkadaren mina oraindik aldean zuela.

Horrek nahitaez esan nahi du igande gaueko euskal derbian ere bere jokorik atera azinik geratuko dela Virginiakoa? Ez horixe! Asvel Villeurbannek ez du talentua sobera –nahiz eta mesede galanta egin dion Nando De Colo lako antolatzaile bat fitxatu ahal izateak–, baina gaitasun fisikoa barra-barra dauka. De Colo –eta lesioez josita dagoen Antoine Diot– izan liteke jokalari ahulena fisiko aldetik, baina gainontzean Lighty, Parker Jackson-Cartwright, Amine Noua, Yves Pons, Youssoupha Fall, Zacharie Risacher, Obasohan, Kahudi eta abarrak fisikoki oso jokalari jantziak dira, hain zuzen Pierria Henry lako jokalari bati, neurri handi baten bere jokoa bere gaitasun fisikoan oinarritzen duen jokalaria izanik bera, aurre egiteko aperoposak. Bilbao Basketek Adam Smith, Ludde Hakanson, Nikola Radicevic, Francis Alonso edo Xavi Rabaseda ditu kanpoko lerroan; hau da, ez dira hankamotzak hauek ere, baina Lyongo taldearen aldean maila bat behetik daude fisikoari dagokionez.

Zenbakiak

Pierria Henry kantxara atera zenerako ostiraleko partida hausten hasia zen, 19-10 aurretik baizihoan Asvel Villeurbanne, aurreneko laurdena amaitzeko pare bat minuturen faltan, eta Obasohanek erraz asko 21-10ekoa ezarri zuen bi jaurtiketa libre sartuta. Makina bat aldiz ikusi izan du Baskoniako zaleak erdi galduta zeuden partidak zernola irauli dituen talde gasteiztarrak Pierria Henryren eskutik, neurri handi baten Virginiakoak aurkarien erasoak eortzeko duen gaitasunagatik. Dela ohostutako baloi bat, dela antolatzailearen botea presionatuz baloia gal araztea, dela aurkariaren erritmoa erabat aztoratzea... adibideak sobera daude. Bada, 11 puntuz atzetik partida amaitzeko 32 minuturen faltan eta Pierria kantxan dela, ez da irauli ezinezko aldea, ezta gutxiagorik ere.

Aurreneko laurdenaren amaiera horretan Henryren eragin estatistikoa hutsaren hurrengoa da. Markus Howardek erosoago joka dezan laguntza eskaintzen dio, baina Howarden belauna ez zegoen jokalariak nahi bezain katoliko –«ezker eskubi astintzen zaituztenean, min guztiak azaleratzen dira», esan zuen Peñarroyak Howardi buruz– eta Baskoniak, faltak direla eta galdutako baloiak direla, aurreneko laurdena 24-10 amaitu zuen; hots, 3-0 Baskoniaren aurka Henry kantxaratu zenetik.

Frantsesen partzialak 30-10era arte iraun zuen. Orotara, 20-0, baina Pierria Henryren kolkorako, «3-0 bakarrik», bigarren laurdena hasteaz bat aulkira itzuli zuelako Peñarroyak antolatzailea eta ez zelako kantxaratu atsedenaldira iristeko lau minutu eskas falta ziren arte. Ordurako, markagailua 40-24 zegoen, eta gaitzerdi, 36-15 ere izan baitzen.

Beste behin, Saski Baskoniako entrenatzaileak oso segundu gurtxiren barruan Henry eta Howard elkarrekin jarri zituen kantxan, baina partidak ez zuen itxura onik. Howardek bere belaunean zerbait nabaritzen zuen eta Pirrria Henryk ahalegina jarri bai, baina askorik nabarmendu ezin. Antolatzailearen aurreneko aipamen estatistikoa galdutako baloi bat izan zen, atsedenaldira iristeko minutu bat pasatxo falta zela, eta hurrengoa, berriz, aurreneko erdia amaitzeko zazpi segunduren faltan kale egin zuen hiruko bat, Obasohanek errebotea hartu eta 48-30ekoa sartu aurretik. Ez punturik, ez erreboterik, ez asistentziarik, ez ohostutako baloirik... -2ko balorazio negatiboa eta emaitzaren bilakaera, -5, Pierria Henryk aurreneko erdian jokatu zituen sei minutu eskas horiek aintzat hartuta.

Gasteiztarren minuturik onenak Pierria Henry aulkian zela izan ziren; esan bezala, ez da harritzekoa Baskonia berri honekin astebete eskas baino ez baitarama. Markagailua 56-43 zela, Darius Thompsonek hirugarren falta egin zuen eta, bada, Peñarroyak Henryri aukera eman zion; artean sei minutu eta erdi falta ziren hirugarren laurdena amaitzeko.

Aldaketa hau burutzeaz bat, Asvel Villeurbannen 9-2ko partziala eta galdutako beste bakoi bat Virginiakoarentzat. Hori bai, Henryk falta bat atera zion Yves Ponsi eta bi jaurtiketa libreak saskiratu zituen. Hirugarren laurdenak aurrera egin ahala, bi puntuko jaurtiketa bat hutsegin zuen eta beste bat sartu, eta defentsako errebote bat hartu zuen. Aldea, alabaina, 20 puntukoa zen Baskoniaren interesen aurka eta defentsan sakatzen ahalegindu zen Pierria Henry, ohikoa duen legez, aurreneko lapurreta ere erdietsi zuen eta beste falta pare bat atera, baita jaurtiketa libre bat gehiago sartu ere. Sedekerskisi asistentzia bat ere oparitu zion, baina tartean baloi pare bat gehiago galdu zituen eta Lyongo taldearen aldea, 21 punturaino zabaldu zen: 73-52.

Iritsi ziren puntuak, asistentziak, erreboteak eta lapurretak, eta balorazio estatistikoa positiboa zen azkenean. Baina Baskoniaren aldea geroz eta gaindiezinagoa; are gehiago Henryrekin, -5etik -13ra pasa baitzen Virginiakoaren eragina markagailuan.

Partida galduta ikustean, azken laurdenean atsedena eman zien Peñarroyak Darius Thompson, Markus Howard, Rokas Giedraitis eta Maik Kotsarri. Gasteiztarren artean jokatzeko gogo gutxi eta minutuak ahal bait arinen igarotzeko gogoa besterik ez zen izan azken laurden horretan, zeinetan Henryk ia beste sei minutu jokatu zituen, partidako azken 5.47 minutuak. Esan bezala, ostiral gauean Astroballen ez zen miraririk gertatu azken minutu horietan.

Orotara, 18.15 minutu jokatu zituen Saski Baskoniaren azken fitxaketak; bost puntu, bi errebote, bi asistenzia, lapurreta bat, galdutako lau baloi, berak eginfako falta bat eta berari egindako hiru pilatu zituen Henryk. Balorazio estatistikoa, 3 kreditu, eta markagailuaren bilakaera bera kantxan zela, berriz, -16. Debut hoberik ezagutuko zuen saskibaloiak.

Ondoriorik, ez

Alabaina, lagina hain da murritza, lan hau ezin dela erreferentzia moduan hartu. Bai, ordea, Peñarroyak esan ohi duen moduan «oinak lurrean» izateko. Horrek ez du esan nahi Pierria Henryren hitzak, «zernahi irabazteko lehian egon behar dugu», ahoberokeria hutsa direnik, baina bai zaleen belarriak gozatzeko esandako esaldia.

Egia da, bestalde, Pierria Henryk askotan erakutsi duela partida txar bati buelta ematen badakiela. Igandeko Miribillako euskal derbiaren ondotik, Saski Baskoniak ostegunean, hilaren 3an, Maccabiren aurka jokatuko du Zurbaon –besteak beste, Wade Baldwin itzuliko da, horrek sortuko duen giroarekin, Israelgo taldea eotrtzea gutxi ez balitz– 20.15etan hasita. Ordurako, derbian zernahi geratuta ere, entrenamendu gutxi batzuek pilatuko ditu Pierria Henryk bere taldekide berriekin eta, gauzak ondo, bere eragina askoz positiboagoa izango da.