Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Sustrai Colina gailendu da Irungo finalaurrekoan, 710 punturekin

Plaza ederra paratu dio Irungo Ficobak bertso txapelketari. 2.500 bertsozale baino gehiago bildu dira finalaurrekoaz gozatzera. Sustrai Colina gailendu da.

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal, Irunen kantuan.
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal, Irunen kantuan. (Andoni Canellada | FOKU)

Sustrai Colinak 710 puntu bildu ditu goitik jositako saioan eta txartel zuzena lortu du finalaurrekoen bigarren bueltarako. Hasi eta buka, arratsalde oso ona josi du Colinak, zorrotz, sakon, sustraietatik astindu du plaza. Bigarrena Nerea Ibarzabal izan da, 673 punturekin. Ibarzabal ere oso fin aritu da, langile eta argitasunez. Hirugarrena, Jone Uria, 660,5 punturekin. Uriak ere asmatu du saioa gora ekartzen eta ertz propioa sinatzen. Laugarrena Miren Artetxe, 644,5 punturekin. Zortziko txikian arratsaldeko une gorenetako bat sinatu Artetxek. Maddalen Arzallus izan da bosgarrena, 635 punturekin. Eta seigarrena Ane Labaka izan da, 631,5 punturekin. Lehenengotik seigarrenera, sortzaile denek asmatu dute ekarpen propioa egiten.

Irungo Ficoban plaza bikaina topatu du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. 2.500 bertsozale baino gehiagok berotu dute aretoa eta bertsolariek majo erantzun dute, taldean saio bikaina josiz, elkarri erantzunez, plaza gora ekarriz, zorroztasunez. Lehen bueltako azken finalaurrekoa datorren astean izango da Durangon. Puntuen eta zenbakien dantzak bizi-bizi jarraitzen du, oraindik ez baitago argi zenbat puntutan erosi beharko den Iruñeko finalerako txartela.

Gaurko puntuzioa, honakoa:

Sustrai Colina 710

Nerea Ibarzabal 673

Jone Uria 660,5

Miren Artetxe 644,5

Maddalen Arzallus 635

Ane Labaka 631,5