Jon Garmendia

Nerea Ibarzabalek finalerako urratsa eman du

Markinarra nagusitu da Baionan, berak bildu ditu puntu gehien eta egoki kokatu da lehen aldiz final handian kantatzeko. Sustrai Colina izan da bigarren, puntu gutxira, aitzineko finalerdian bezala bertso erakustaldia eman eta gero. Bi mila bertsozaleek berotasuna eskaini diote saioari.

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionan.
Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionan. (Bob EDME)

«Soilik bizitzan behin igarotzen bada zerutik  Halley-a/barkatu urrun geratzen bazait bi mila ta hogeitaseia/Kill Billen Uma Thurman zein argi, Goenkalen Maria Luisa Galardi/eta Stars Warsen Leia/ Kaixo Baiona nik ez nuen nahi entzun gerrarako deia/gladiadore zaurituak ta epika gosez Pompeya/ baina lanza bat estomagoan/burua lehoi baten ahoan/ sartzea bada ideia/ ados, has dadila lehia!».

Bertso horrekin agurtu du Baionako Lauga Nerea Ibarzabalek, eta gerra egin, eman, eta garaitu egin du bukaeran. Anitz hitz egin da bertsozaleen artean aitzineko finalerdikoan ez zituela egindako lanak merezi zituen puntuak bildu, finaletik kanpo zegoela ia, baina gaurkoan murmurio horiek isilarazi, arantza kendu eta finalerako urratsa eman du, sendo.

Saio bikaina josi du, eta ganbarakoan artelan bat sortu du, tabuak hautsiaz, gai arantzatsu bati helduz eta hitzak kantuari josten maistra dela agertuz. Berdintsu egin du Sustrai Colinak, honek, umore beltzari heldu, eta satirari tiraka dotore, jolasti bete zuen lana. Urruñarra trebe ageri da, sendotasunez, eta txapelerako hautagai gisa eskaini du burua. Bien ganbarako jenialak ekarri ditugu lerrootara.

Beñat Gaztelumendi izan da hirugarren, eta finalari begiratzen dio añorgarrak, lan bakoitzari txukun erantzun dio, biziki goitik ibili zen, ofizioetan entzun eta erantzuten.

Julio Soto laugarren izan da, eta bera izango da finalerako langa ziurrenik, Joanes Illarregi edo bera sartuko da, Saioa Alkaizaren eta Jone Uria ahantzi gabe, saio borobil batekin aukerak dituztelako biek ala biek, beraz interesgarri jarri da lehiaren ikuspuntutik, nahiz jakin bertsoa horrez harago doala.

Unai Agirre gozatzen ikusi dugu, lehen finalerdian ez bezala, fresko ideietan eta argi kantaeran, erakutsiaz zergatik sartu zen duela lau urteko final hartan. Anitz eskertzen da bere bertsokera klasiko eta zuzena. Antzeko zerbait Eñaut Martikorenarentzat, bizi eta arin, bertsotan dakiela erakutsiaz, eta publikoarekin konektatuz beti.

Nerea Ibarzabalen ganbarakoa

«Gaur hamar urte eman genuen azkenengo besarkada/ta etxekoak ta ni ordutik dezente urrundu gara/hain desberdina nintzen izaki, haiek eguna, ni gaba/ bakoitzak bere bidezidorrak hautatuak badaezpada/ baina bizitza izan daiteke telefono dei bat, hara/izeba hila omen dago ta bihar doa lurpetara/ baina nik ez dut itzuli gura familia horretara».

«Ez dira egon nire minean pozean ta haserrean/ beste etxe bat sortu nuen nik beraien kontrakarrean/ ta orain denekin elkartu behar arratsalde bakarrean/ irri txikiak keinu lasaiak hoztasuna beharrean/ beilatokiko gezur artean ahapeko marmarrean/ horrek guztiak ipiniko nau oso umore txarrean/ famili on bat bagina legez herri osoaren aurrean».

«Beraz enaute han aurkituko beilatokiko atean/ ea bizitzak batzen gaituen beste aukeraren batean/ nik nahiago dut kandela piztu bakarrik bake bakean/ eta pentsatu izebarengan negarrean eta kean/ bere gorpua sartu ahala suzko labean, harpean/ barkatu izeba sentitzen dut zu joatea apartean/ baina pertsonak maite behar dira bizirik dauden artean».

Sustrai Colinarena

«Agian ni entzutea egingo zaizu arraro/ bizkarrean daramaten hilkutxa baten bainago/ familiko bazkaria bihar genuen ta klaro/ lehenagotik ere nengon preso hartuta zeharo/ dena ez denez konpontzen txuleta arkume ta ardo/ mundu hontatik joan naiz neure sen ta neure garbo/ min hau jasatea baino libre izatea nahiago/ bizitza antzerkia da ta heriotza gehiago».

«Elizan lehen ilaran ikusten ditut gehienak/ familiko bazkarian bihar egongo direnak/ konpartituko al dituzte euren min ta sentipenak?/ konturatu familian sortzen direla problemak/ nahiz ta liberazio bat ekarri azken orenak/ susmoa daukat nerekin joango direla denak/ oroitzapenen damuak damuen oroitzapenak/ sentitzen nituenak ta kontatzen ez nituenak».

«Jadanik alferrik ditut zuen txuleta ta arrai/ bilakatu bainauzue neure buruaren etsai/ elizan agurtzeraino nahiz eta nik ez nuen nahi/ nonbait ohiturak bigarren azala izaten darrai/ ikusten ditut Otegi Txibite ta Etchegaray/ bertsoa Egañak bota du, bai, oraindik bizi da bai/ nahiz eta  ̈Izarren hautsa ̈ bilakatzen den bizigai/ bihar ez naiz joango eta egin zazue lo lasai».

Baionako saioko sailkapena:

1 Nerea Ibarzabal 671,5
2 Sustrai Colina 668
3 Beñat Gaztelumendi 656,5
4 Julio Soto 643,5
5 Unai Agirre 639,5
6 Eñaut Martikorena 584