Gurasos-ek erraustegia behin behinean gelditu eta irtenbide bat erdiesteko deia egin du

Arkaitzerrekako dioxina isuriak Añarbeko saneamendu sarearen bidez Zurriolako itsasora desbideratzeko aukera azkenaldian erraustegiaren inguruan eman diren albiste larrien artean azkena da. Gurasos-ek azpiegitura behin behinean gelditu eta eskua luzatu die erakundeei behingoz eseri eta hitz egiteko.

Gurasos elkarteak mobilizazioa deitu du Zurriola hondartzaren bueltan.
Gurasos elkarteak mobilizazioa deitu du Zurriola hondartzaren bueltan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zaharrak berri Zubietako erraustegiaren auziaren bueltan. Sei urte bete dira hondakinak erretzeko makro instalazioaren aurkako mugimenduak Gurasos elkartearen izena hartu zuela eta borrokak dirau. Egun, arazo berriekin eta larriekin, ohartarazi dutenez.

Igande eguerdi honetan manifestazioa deituta zegoen Donostiako Zurriola hondartzaren bueltan. Ez da kasualitatea lekua, izan ere Añarbeko saneamendu-sarearen bidez isuri toxikoak Arkaitzerrekatik Monpas ingurura desbideratzeko asmoa agertu dute GHKko arduradunek. Hala, Zurriola hondartzako itsasoa kutsatuko litzateke.

Ehunka lagunek babestu dute Gurasos-ek eginda zuen deialdia eta hiritarren artean arraunlari eta surflari mordoa batu dira. Surf egiteko taula edo arraunean aritzeko arrauna eskuetan, itsasoarekiko lotura estua duten kirolariek kezka agertu dute. Tartean, Gros auzoko Indarra surf eskola eta elkarteko kide den Arkaitz mintzatu da NAIZekin.

Arraunlari eta surflariek ez dute haien kezka ezkutatu. (Gorka RUBIO I FOKU)

«Gure kezka handia da, hau da gure medioa, bizitzaren erdia itsasoan ematen dugu», dio olatuei begira. «Nola egin dezakete halako zerbait? Isuria kontrolatu eta gelditu beharrean, planteatzen dutena da isuri hori estali eta hona ekartzea, itsasoan botatzeko. Etorkizunarekin kezkatuta gaude, eta honek ekar ditzakeen ondorioekin».

Surflariaren ustez «denak ez du balio», eta galdegiten du zein izango den hondartzaren etorkizuna dioxina tasa altuarekin. «Bainatzea debekatuko al lukete?», galdegiten du.

Ingurumena eta osasuna

Joseba Belaustegi da Gurasos elkartearen ordezkaria eta aurpegi ezagunenetakoa. Berak ere gogor kritikatzen du Añarberen bidez Oriako dioxina isuriak desbideratu eta Zurriolan botatzeko aukera. «Ez Orian, ezta Zurriolan», adierazi dio NAIZi.

Sei urtez luzatzen den borrokaren ostean, bere iritziz azken hilabeteotan eta bereziki azken asteotako gertakariek arrazoia ematen diote mugimenduari, «hastapenetatik ohartarazi genituen ondorioak» direlako. ‘Orain Bai, Gelditu! Elkarrizketa eta Konponbidea’ lemapean, pankartako mezuari erreferentzia egin dio Belaustegik.

«Azpiegitura gelditu egin behar da behin behinekotasunean. Ez gara hitzegiten ari zein den gure nahia, baizik denok ados egon gaitezkeen puntuaz». Alegia, konpondu arte behintzat funtzionamendua etetea. «Arazoa onartu egin da publikoki. Ados. Kutsatzen dute, eta ezin da kutsatu, orduan gelditu eta konpondu behar da hori».

Eta gero hitz egin behar da arazo sistemikoaz, uste du, izan ere «ez da kutsadura arazo soil bat: transformadoreak ez du funtzionatzen, labeek ez dute funtzionatzen, isurketak gelditzeko sistemak ez du funtzionatzen…».

Bere esanetan, oso esanguratsua da Arantza Tapia sailburuak onartu izana erraustegiak ez duela sistema automatiko bat labeak gelditzeko isuritzen dituenean atmosferara sustantzia kutsatzaileak. «Instalazio kutsagarri honetaz hitz egin behar dugu, eta kontrol demokratiko bat ezarri behar da. Eta kontrol demokratikoa esaten dugunean da ezin dela ezkutatu informazioa, jendeak jakin behar duela, parte hartu behar duela eta erabaki behar duela denon osasunaz ari garelako».

Hurrengo urratsa da eztabaida eta elkarrizketarena, gonbidatu du Belaustegik. Erakundeei eta ordezkariei interpelazio zuzena egin zaio gaur, eta Markel Olanori eskua luzatu zaio «bihar bertan» elkartu ahal izateko.

«Orain arte ostrukaren jarrera izan da beraiena. Arazoa oraintxe hasi dira onartzen partzialki bada ere; ez bere osotasunean ezta bere gordintasunean, baina hasi dira. Arazoa baldin badago konponketa behar du. Baina beraiek bakarrik hau ezin dute kudeatu. Abisatu genuen hau gertatuko zela, eta ez ziguten jaramonik egin», tamaldu da.

Deialdiak ehunka lagun bildu ditu (Gorka RUBIO I FOKU)

Gurasos elkartearen aurretik, gogoratu duen bezala, bai erraustegien aurkako mugimenduek baita medikuek ere ohartarazi zuten halako instalazioek arazoak ematen dituztela. «Duela sei urte ez ziren bildu herritarrekin, eta orain zer egin behar dute?», jakin nahi dute Gurasos elkartetik.

Proposatzen dutena da biltzea, arazoa aztertzea eta «denen artean» irtenbide bat ematea. «Alderdiek, gizarte eragileek, zientziak eta medikuek. Irtenbideak ordea ingurumena eta osasuna lehenetsi eta bermatu beharko ditu. Bigarren auzia hondakinen kudeaketa bermatuko duen irtenbidea topatzea izango da, baina lehenengoa osasuna eta ingurumena dira. Soluzioak hori beteko ez badu ez da soluzioa», amaitu du.

Kontsentsua erdietsi

Amaieran irakurri duten manifestuan jaso dutenez, «totema bihurtu zuten erraustegia, totem teknologikoa», ordea, «bi urte nahikoak izan dira erraldoiari buztinezko oinak ikusteko».

Punta puntako berrikuntzak aplikatuak zituen instalazioa izango zela iragarri arren, emandako arazo guztiak aipatu dituzte. Besteak beste, argindar eraldagailu nagusiak ez du bere lana betetzen, ez baitu balorizatzen. Bi labe dituenez («batekin nahikoa izan arren»), etengabe itzali eta piztu beharrean dira. «Zehazki, 86 izan dira urtebetean itzali eta piztu diren aldiak, ohikoena urtean gehienez bat eta hiru artean izan arren». Operazio hauek, jakitera eman dute, «kutsakorrenak» dira.

Labeak homologatu gabe daudela salatu du Gurasos-ek eta, ondorioz, ingurua dioxinaz bete da. Iragazgaiztasunak ere huts egin du. «Zirkuitu itxia eta hermetikoa behar lukeenak, dagoeneko onartu dute ez dela horrela. Hortaz, lur-azpiko urak ari dira kutsatzen eta Arkaitzerrekako erreka, baita Oria eta itsasoa ere».

Donostiako bi epaitegi GHK-ko eta erraustegiko arduradun batzuk ikertzen ari direla ere gogoratu dute, hala nola ustez Lakuak irregulartasunak egin dituela eta Fiskaltzak ere ikerketa eskatu duela Ingurugiro saileko ikuskari batek ez ikusiarena egin ote zuen argitzeko.

Honekin guztiarekin, eta hauteskundeak hurbil dauden honetan, gaiak agendan egon behar duela eskatu du Gurasos-ek. Era berean, prestutasuna agertu dute erakunde zein alderdietako ordezkariekin bildu eta eztabaida prozesua abiatzeko. Helburua, eman ez zen kontsentsua erdiestea.