Matxista uztak
Nola jarraitu dezakegu gosaltzen albistegietatik kafesnera egunero-egunero emakume erailak erortzen zaizkigun bitartean?
Gaitzespenak gaitzesten hastekotan naiz, ez baitakit zerbaiterako balio ote duten. Haserrea eta amorrua trabatzen zaizkigu egunero eztarrietan eta aurrera segitzen dugu, kaleetan gora eta behera, ezer egin ezin duela sentitzen duenaren pausaje tristeaz. Indarkeria matxistara ohituta gaude, azala gogortuta daukagu. Batzuetan ematen du, gainera, dosi batzuetara eginak gaudela. Emakume hilen gorpuak mahai gainean pilatzen direnean asaldatzen gara. Hau gehiegizkoa da, inoiz gutxiegi izan balitz bezala.
Askotariko moduak erabiltzen ditu hiltzaile matxistak bere biktima akabatzeko. Batzuetan bere buruaz beste egiten saiatzen da ondoren, beste batzuetan krimena gordetzen saiatzen da, behin baino gehiagotan Poliziaren aurrera agertzen da, «nik akabatu dut» esanez, matxiruloen koderen bateko balentria ekintza bat balitz bezala. Beste askotan, seme-alabak akabatzen ditu, emakumeari hil arteko mina eragitearren.
Alegia, batean eta bestean trebatutako erasotzaileak ematen jarraitzen du gure jendarteak, sagarrondoak sagarrak nola. Sagarrondoak sagarrak emateko baldintza batzuk behar ditu; ura, eguzkia, gaitzetatik libre egotea... Agian arazoa da gure jendarte honek erasotzaile matxistak oparo hazten segitzeko baldintzak sortzen dituela oraindik. Matxista uztak biltzeaz kokoteraino. •

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

PNV ganaría en Bizkaia mientras EH Bildu es la fuerza emergente, según un sondeo foral

Ertzainas acusan a los antifascistas del 12-O de usar «tácticas militares» en Gasteiz

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»

