Sarrionandiaren eskutik munduari bira eman diote literaturazaleek Azkainen

Juan Sebastian Elkanori buruz Joseba Sarrionandiak idatzi duen liburua eskutan hurbildu dira astearte honetan literaturazaleak Azkaineko Biltoki gelara. ‘Munduari bira eman zion ontzia’ obran jorratzen diren gai anitzen itzulia egin du idazleak bere gogoeten bidez.

Joseba Sarrionandia Azkaineko irakurketa taldeak antolatu solasaldian.
Joseba Sarrionandia Azkaineko irakurketa taldeak antolatu solasaldian. (NAIZ)

Munduari, Juan Sebastian Elkanoren bizitzari eta historiari itzulia eman diote astearte honetan literaturazaleek Joseba Sarrionandiak Azkainen partekatu dituen hausnarketen bitartez. ‘Munduari bira eman zion ontzia’ azken liburuan idatzitakoak eta atzean ezkutatzen diren ideiak gogotsu entzun dituzte bertara hurbildutako hamarnaka lagunek.

Lapurdiko herriko irakurle taldeak gonbidatu du bizkaitarra, euskal idazleak eta haien obrak ezagutzeko antolatu ohi duen solasaldian parte hartzera. Biltoki gela normalean baino beteagoa izan da, azkaindarrez gain, inguruko (eta ez hain inguruko) herrietatik ere hurbildu baitira irakurleak.

Historian lehen aldiz munduari bira eman zion itsasontziaren kapitaina izan zen marinel getariarra, eta liburuan bidaia horren nondik norakoak kontatzen dizkio amama batek bere bilobari. Iraganari buruz mintzo den liburua izanik, horri buruzko hausnarketak izan ziren nagusi, eta euskal gizarteak ez duela historia komuna egitea lortu adieraziz abiatu du solasaldia.

Gai horri buruz komunitatean eztabaidatzeko gunerik ez dagoela baieztatu du. Gune sektarioak soilik daude bere hitzetan, non garai bakoitzari buruz mintzatzeko eremu eta joera politiko jakin batzuetan biltzen diren, baina eremu horretatik kanpo zenbat gai «erdi tabu bilakatzen» ari direla. Horren adibide gisara, Nafar Erresuma Nabarralderen inguruan edo Errepublika garaia EAJrenean biltzen ari direla adierazi du.

Momentu jakin batera arte Elkano ere «gai tabua zen, nazionalismo espainiarreko gaitzat» hartua izan zen, baina bidaiaren 500. urteurrenarekin Ares lagun marrazkilariarekin gaiari heldu ziola azaldu du. Ilustratzaile kubatarrak nabigatzaile euskaldunaren historia irakurriz narrazioari forma eman zion, errelatoa osatuz. Orokorrean begiratuta «abentura handia eta heroikoa» kontatzen dutela azpimarratu du idazleak.

Liburuan ontziz ontzi

Liburua irakurri ez dutenentzat, edo marinelaren historia ezagutzen ez dutenentzat, sarrera laburra eta esanguratsua egin du. Fernao Magalhaesen gidaritzapean bost itsasontzirekin abiatu zen, eta Elkanoren zuzendaritzapean 1522an itzuli zen itsasontzi bakarraren bidaiaz honakoa baieztatu zuen: «Guztia desastrea izan zen maila guztietan».

Bidaia horren kontakizunean, orriz orri idatzia den istorioan zehar, gure gizarteko oinarriei buruzko hausnarketa gaiak atzematen dira: dirua, propietatea, jainkoa, indarkeria…

Historiari buruzko gogoetak izenburutik abiatzen dira, hasierako «ontzia» ez baita bukaerako bera. Elkanoren itsasontziaren ideiarekin abiatzen da, baina liburuaren ibilbidea eta hausnarketa, eguneroko eguneroko zereginetarako emakumeek erabili dituzten ontziekin amaitzen da: gatzontzia, argiontzia, ura edo janaria gordetzeko ontzia… Historia matxista dela planteatu nahi izan du, bakea emakumeen eta ontzien artean gertatu izan dela: «Benetako balorea bakea eta harreman sozialak dira. Protagonista ontzia da, emakumeen tokiaren eskasia nabarmendu nahi izan dut».

Elkano, bere ustez, nolakoa zen galdetu dio azkaindar batek, eta galdera horren atzean dagoen ikuspegi historikoaren konplexutasunarekin erantzun du: «Historia ez da epaiketa morala, moralismoa sentitzen dut gaur egun gizartean. Elkano pertsonaia bitxia izan zen, garrantzitsua ez da epaiketa egitea, ulertzea baizik».

Epaiketa moralista

Gaur egun pertsonaia historikoen gainean dagoen begirada kritikatu du, elkarrizketa sozialaren beharra nabarmenduz, eta zentzu horretan literatura, gauza ederrak idaztea baino gehiago ere badela.

Sabino Arana jarri du adibidetzat: «Batzuentzat inpresentable bat zen, eta horregatik ez da aipatu behar, eta besteek loriatu egiten dute. Denak gaude historian sartuta, historia ez da pasatu, gure artean dago».

Bide horretan, Donostian Gaskonia plazari eta liburutegi bati Txillardegiren izena jartzearen alde egin zen ekitaldian izan zuen esperientzia azaldu du. Bertara heltzeko Jose Matia kaletik pasatu zen, XIX. mendeko esklabista izan zena eta hortik irabazitako dirua zahar-etxeak eraikitzeko utzi zuena, gaur egun fundazioa eta kalea badituena. Aldiz, hizkuntzalaria, dialektologoa, fonetista eta soziolinguista izan zen Jose Luis Alvarez Enparantzak ez duela inolako onarpenik, ETAko kidea izan zelako Franco garaian. 

Horrekin ez da esklabistaren izena ezabatzearen alde agertu. Sarrionandiaren ustez, Matia bezalako pertsonaiak kanpo uzten badira «historiatik kentzen dira, baina ezagutu behar da nor zen eta zergatik egin zuen, horregatik historia moralista soberan» dago bere iritziz. Jon Mirande idazlea ere aipatu du: «Ez nago ados berarekin, baina nire kontzeptuak zalantzan jartzen laguntzen dit».