Bere heriotzaren XI. urteurrenean, Txillardegik oraindik ez du liburutegirik

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, oroitu dute bere heriotzaren hamaikagarren urteurrenean. Pasa den urtean abiatutako egitasmoarekin jarraituko dutela aldarrikatu dute, Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzearekin, alegia.

Txillardegiren omenezko ekitaldia
Txillardegiren omenezko ekitaldia (Andoni Canellada | FOKU)

Larunbat honetan egin da Antiguan, Txillardegi hil eta hamaika urtera, urteroko ekitaldia, Gaskonia plazako bere muralaren aurrean. Gaurko ekitaldiaren «beharrik» ez zutela izango uste zuten pasa den urtean, hori aitortu dute ekitaldi hasieran Txillardegi Udał Liburutegia ekimeneko kideek. Izan ere, Donostiako Udaleko alderdi eta eragile guztiekin elkartu dira, baita kultur munduko jendearekin ere, eskakizun zehatz batekin: Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzea. Baina ezezkoa izan da Udalaren erantzuna. Horregatik, gogoratu eta aldarrikatu dute larunbat goizean kantuan eta lagun artean.

Fito Rodriguez idazleak hartu du hitza Txillardegi Udał Liburutegia herri egitasmoaren izenean. Txillardegiren bizitzaren errepasoa egin du, eta «bere herrian ezkutatu nahi dutena ikusarazteko» plazan zehar QR kodeak jarri dituztela kontatu du, bertan sartuz gero Txillardegiren bizitza eta ibilbidea azaltzen dituen webgunera bideratuta. 17 hizkuntzatan dago informazioa, «memoria historikotik eta gure paisaia linguistikotik» ezabatua izan ez dadin, adierazi du Rodriguezek.

Iragan urteko ekitaldian Gaskonia plazari, «Txillardegiren plaza» zioen plaka jarri zioten, baina aurtengo ekitaldia baino lehen «desagertu» egin da. Horregatik, plaka berria jarri diote, eta plazako lorategian lau Txillarre berri landatu dituzte.

Fito Rodriguez Txillardegiren omenezko ekitaldian
Fito Rodriguez Txillardegiren omenezko ekitaldian

Bertaratutakoen artean eskuorriak ere banatu dituzte, abestien letrekin eta Rodriguezek irakurritako testuarekin. Plazaren eskuin aldean Udal Liburutegiari izena aldatzeko sinadura bilketa egon da, eta baita informazioa ere.

Musikak eta kantuak ezin zuen hutsik egin Txillardegirentzat egindako ekitaldi batean. Eta larunbat goizean ere, abestuz oroitu dute donostiar euskaltzalea. ‘Guk euskaraz’, ‘Euskal Herrian euskaraz’, eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek, Txillardegik liburutegia merezi duela aldarrikatzeko sortutako bertso sorta kantatu dituzte; dultzaineroek ere hartu dute plaza ekitaldiaren erdi aldera. Musika doinuek geroz eta jende gehiago erakarri dute plazara, eta azkenerako 150 bat lagun elkartu eta argazkia atera dute muralaren parean. Zazpi jauzi dantzatzen hasi, eta dantza zein kantu artean eman diote amaiera ekitaldiari.

Gaskoina plazari Txillardegi izena jarri diote
Gaskoina plazari Txillardegi izena jarri diote

 

Txillardegi gogoan

Jose Luis Alvarezek Euskal Herriaz izan zuen kezka «mugagabea» izan zela azaldu du Rodriguezek, eta «esistenzialista, polemikazalea eta intelektuala» zela. Euskaltzaindiak maite ez bazuen ere, berak euskara eta jakintza maite zituela gogoratu dute: «Hizkuntzalaria, dialektologoa, fonetista, soziolinguista eta glopolitikaren berri ematen ziguna zen».

Bere idazle alderdia ere azpimarratu dute, «literatura berria euskaraz eman zigun idazle urbanoa, laikoa eta iraultzailea». Nazioarteko kultur erreferentzia garaikideak euskal naziora ekarri zituen abertzale ez kosmopolita bezala definitu du Rodriguezek. Eta bere konpromiso eta ibilbide politikoan jarri du azpimarra. «Bere izena eta izana gure memoria historiko inklusiboan iraunaraziz, berau baztertu nahi duten setati guztien aurrean» Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute, «merezi zuelako, merezi dugulako eta merezi dutelako».