Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Gezurra egiatzat onartzera behartzea ez da etikoa

Bilboko manifestazioa baino lehen eta haren ostean azaldu zuten, argi asko. Azken aldiz, joan den igandean, Etxerat elkarteko koordinatzaile Gorka Garciak egunkari honetan. Eta Bilboko manifestazioa baino lehen eta haren ostean entzun dira manifestazio horren eta presoak etxeratzearen aurkako ahotsak. Batzuek ibilbide etikoa ere eskatzen diete euskal preso politikoei. Haien aldeko ekimenek funtsean legea aplikatzea eskatzen dute, baina batzuen ustez, legea aplika diezaieten ibilbide etikoa egin beharra daukate. Nondik nora lege batek behartu dezake inor jarrera etiko zehatz bat erakustera? Legeek oinarri etikoa omen dute, baina batzuetan, maiz, etikarekin talka egiten dute; esate baterako, salbuespenezkoak eta, beraz, diskriminatzaileak direnean.

Eragindako mina onartuz edo bizikidetza errazteko norabidean presoek adierazpenen bat egin izan dutenean, ez dela nahikoa esan izan diete. Norainoko ibilbidea egin behar dute? Noiz arte? Garaileen eta garaituen eskema onartu eta garaileen uztai umiliagarritik pasatu arte, erromatarrak samniten sarde kaudino haien azpitik nola? Alegia, alde bakarreko biolentziaren fabula onartu arte.

Alde bakar bateko presoak egoteak ez du esan nahi beste alderik ez dagoenik, beste alde horretan erabateko inpunitatea dagoela baizik. Zigorgabetasuna da, hain zuzen, gatazkaren adierazpide bortitz bien arteko alderik nabarmenena eta, horri dagokionez, bai, alde bakar bat da zigorgabeena.

Joan den astean Espainiako Gobernuak barkamena eskatu zuen Guardia Zibilak Almerian hiru gazte hiltzeraino torturatu eta erretzeagatik. 42 urte igarota. Hara zerk egin zuen hain lazgarria gertaera hura: txikitutako lagunak ETAkoak ez izateak. Haiek bezala, Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi eta beste hainbat ere hil arte torturatu zituzten, haien torturatzaileek ere inpunitate kontzientzia osoa zutela, duela 40 urtetik gora eta horren aspaldi ez dela. Eta beste asko. Milaka torturatu. Haien artean, euskal preso politiko gehien-gehienak. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta zentzuak diotenez, polizia etxean bakartuta eta konfiantzazko abokaturik gabe norberak edo besteek egindako deklarazioa ez da inor zigortzeko froga. Zenbat lagun daude horrelakoak frogatzat hartuz zigortuta?

Europar Batasuneko beste estatu batean egindako kartzela urteak aintzat hartu beharra dagoela dioen Europako erabaki markoa noiz beteko dute? Badago beste lege bat, ordea, legea saihesteko berariaz egina. Oso etikoa ez dirudien arren.

Hamarkadetako propagandak urteetan ziega urrun batean bakartuta zeudenen artean bilatzen zituen pribilegioak edo xanpainez topa egiten zutela «informatzen» zuen. Joxe Arregi atxilotu eta galdekatu zuen polizia taldearen buruak esan zuen: «Jakina da terroristek, autolesionatu eta gero, tratu txarren aurkako salaketak jartzen dituztela». Eta hedabideetan tortura salaketa faltsuen ipuin hark milaka torturaturen berri eman duen txostenak baino zalaparta handiagoak eragiten zituen. Non dago harako eskuliburua? Kuartelen batean? Doazela hara etika bila. •