Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Euskararen kultur sistemaren SOS deia: Alarmak piztu dituzte sortzaileek eta ikus-entzunezkoek

Bost eskakizun zehatz jarri ditu Legebiltzarreko mahaiaren gainean Lanarteak, euskararen langile profesionalen elkarteak, sortzaileen prekaritatearekin amaitzen hasi aldera. Euskal kulturgintzaren egoera hauskorraren isla izan den saioan, euskarazko ikus entzunezkoen alarma-hotsa ere entzun da.

Garbiñe Ubeda, Amagoia Gurrutxaga eta Miel Angel Elustondo, Parlamentuaren aurrean.
Garbiñe Ubeda, Amagoia Gurrutxaga eta Miel Angel Elustondo, Parlamentuaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Nekatuta gaude kulturaren alde daudela esan bai baina kulturgileen aldeko neurri zehatzak planteatzen ez dizkiguten politikariez. Neurri zehatzak nahi ditugu. Ezinbestekoak zaizkigu, iraungo badugu», aipatu du Garbiñe Ubedak, Euskal Idazleen elkarteko lehendakari ohiak, Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirolaren batzarraren aurrean asteazken goizean egin duen agerraldian. Lanartean elkarteko partaide bezala ari zen Ubeda, hain zuzen ere, 2020an sortu zen Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen izenean, bertako bazkidea baita beste hainbat sortzaile eta interprete bezala.

Legebiltzarreko batzar honen saio hau euskararen kultur sistemaren egoera hauskorraren adierazle izan da. Pandemiak agerian utzi zituen kulturaren sektorearen prekaritatea, are prekarioago euskaraz egiten den kultur ekoizpena eta sormenari buruz mintzatzen bagara. Mahai gainean, bi egoera: bat, sortzaile eta egileena, Lanartean berak egin duen txosten batean islatuta: bigarrena, industriarena, zehazki ikus-entzunezkoen industriarena. Eta entzundakoa ez zaie gozoa suertatu parlamentariei.

Ikus-entzunezkoak, desagertzeke

Ibaia, ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak, gaur egun 34 enpresa kide ditu. Marian Fernandez, Ignacio Rotaetxe eta Mario Artetxek agerraldia «egoera larri baten benetako argazkia» erakutsi nahi izan diete. Alegia, «2016. urtetik batez ere, sektorea trena galtzen ari da». Publikoaren galera gero eta handiago da, baina, eman dituzten datuen arabera, kezkagarriagoa da sektoreak berak pairatzen duen euskal erakundeen interes falta.

Datuak hor daude: Estatu espainiarrak hizkuntza gutxienenentzat bideratutako diru funts multzoaren banaketan, Euskal Autonomia Erkidegoa atzean gelditu izan da betidanik. 2008-2011 urteen artean, Kataluniak funtsen erdia baino gehiago eskuratu zuen (%52a), atzetik Galiza, Valentzia eta laugarrena Euskal Erkidegoa, %10arekin. 2021 urtera arte funts hauek geldirik egon dira, ez dira banatu, baina 2022an berriz martxan jarri zirenean Kataluniak herena baino gehiago jaso zuen (%71a). Atzetik, Galizia, Valentzia eta Euskal erkidegoa. Beraz, berriz laugarren, %7,2arekin.

Funts hauek martxan jartzen diren proiektu eta inbertsioei ematen zaizkie; hau da, zenbat eta gehiago ekoiztu edo proiektu gehiago egin, laguntza gehiago jasoko duzu.

Beste arazo bat dago: 2021ean, ohi denez, gurean laguntzak gaztelaniazko ikus entzunezkoen alde jo dute nabarmen. Euskaraz grabatutako ekoizpenek aurrekontuaren %25koa jaso dute; gaztelaniazkoak, %75a. Katalunian, esaterako, Ibaiak aipatu duenez, sei milioiko aurrekontua gehitu dute katalanez soilik ekoitziko diren telesailentzat. «Gurean, ordea, programa hauek ez dira gutxitu, izoztu dira», esan dute.

Proposamen zehatzekin joan zaizkie parlamentariei ikus-entzunezko sektoreko ordezkariek: deialdi propio bat jar dezala Gobernuak euskarazko proiektuentzat, gaztelaniazkoekin batera lehian egon gabe; eta, datozen hiru urteei begira, neurri urgente batzuk, dirulaguntza sendo batzuk egin ditzaten. Iaz, esaterako, 500.000 euroko soilik eman ziren. Aurten, esaterako, 2,4 miloi gehitzeko proposamena egin dute.

Sortzaileak, nekaturik, pobretuta

2020an sortu zen Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea, nahiz eta pandemiaren aurretik martxan zegoen. Idazle, musikari, aktore, bertsolari, irudigile, kazetari, itzultzaile zein dantzari, askotariko artistak daude bertan. Ohorezko bazkideen zerrendan, euskal kultura itzal luzea duten izenak: Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Xabier Amuriza, Benito Lertxundi, Amaia Zubiria edo Joseba Sarrionandia, esaterako.

Amagoia Gurrutxaga, Garbiñe Ubeda eta Miel Angel Elustondo izan dira asteazkenean Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirola batzarrean elkartea aurkezteko eta, bide batez, sektore prekarizatu, hauskor eta funtsezko honek dituen gabeziak eta eskaerak ikusarazteko. «Gizarteak ez gaitu subjektu ekonomiko gisa ikusten, irudi erromantiko eta bohemio samarra dauka gutaz. Hodeietan bizi garelakoan, txaloek eta noizbehinkako sariek asetzen gaituztelakoan. Gure entzule, irakurle eta erosle gehienen begietara ez gara langileak. Eta administrazioak ez digu ematen gure jardun profesionalak behar duen arreta eta errespetua», argitu du Garbiñe Ubedak.

Kultur egileek orokorrean pairatzen dituzten arazoez gain, hizkuntza gutxituen langileak izatearen zama daramate egile hauek. Zentzu honetan, Madrilek onartu berri duen Artistaren Estatutua motz gelditzen zaie, ez baitu barnean hartzen euskararen sisteman lanean ari diren langile hauen egoera bereziak. Esaterako, bertsolariak.

«Neurri zehatzak nahi ditugu», aipatu dute, «hil arteko tratamendu paliatiboak behingoz atzean utzita, hau ez baita plazebo kontua, hau politika kontua da». Miel Angel Elustondok aipatu duen bezala: «Hau SOS dei bat da».

Horretarako, «hil ala biziko» neurriak eskatu dizute. Adibidez, EITBn euskal kulturari berebiziko ikusgarritasunaren emateko kuotak proposatu dituzte.

Bost eskari zehatz

Beraien aldetik, «artisten aldeko politikak eraikitzen» has gaitezen, oinarrizko eskakizun zehatz hauek luzatu diete Parlamentuan dauden alderdiei:

1.-Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta ‘ebento’ erraldoietik.

2.-Hizkuntzaren aldagaia zehar-lerro gisa ezartzea sektoreari buruz egindako datu bilketa eta azterketa guztietan.

3.- Ogasun politika arrazional bat, artisten errealitatea erantzungo diona. Administrazioaren prozedura surrealistak omen dira askotan, aipatu dutenez. Esaterako, 120 euro kobratzeko, hitzaldi bat ematearen truke, esaterako, sei eragiketa administratibo egin behar dituzte egileek. Berebiziko garrantzia eman diote puntu honi, 1.000tik gora sortzaile biltzen dituzten Euskal Idazleen Elkartea, Itzultzaile Elkartea, Bertsozale Elkartea eta Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean definitu dituzte erakunde desberdinei honi buruz helarazi dieten txosten zabala.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ogasunei eskatzen diete euskal sortzaileen diru sarrerak lan etekintzat hartzea, aktibitate profesionalen etekintzat jo beharrean. Horrek zer suposatzen du? JEZen alta eman beharrik ez izatea, BEZarn deklaraziorik egin beharrik ez izatea, Tiket Bai sistema erabili beharrik ez izatea eta gizarte segurantzan Langile Autonomoen Erregimena ezarri beharrik ez izatea.

Hon lotuta badaude beste eskaera batzuk, esaterako, bertsolariak ahozko literatur sortzaileak hartuak izan daitezen.

4.-Euskarazko kultur proposamen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan, EITBn azpimarra berezia eginez, euskaraz ari diren profesionalentzako gutxieneko plazak eta masa kritikoa ziurtatzeko oinarrizko neurri gisa.

5.-Aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko: kultura horrentzako zirkuituak sortzea eta indartzea etxean bertan.