Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Ikergaztek ikerlari gazte euskaldunak bildu, saretu eta bultzatuko ditu

200 ikertzaile gazte euskaldun elkartuko dira asteazken honetatik ostiralera bitartean Ikergazte UEUren kongresuan. Topaketa Donostiako Kursaaletik at ere zabalduko da. Helburuak lana erakustea, harremanak sortzea eta euskarazko ikerketa sustatzea dira, beti elkarrekin momentu onak pasatuz.

Ikergazte kongresuaren bigarren edizioa Iruñean egin zen, 2017an.
Ikergazte kongresuaren bigarren edizioa Iruñean egin zen, 2017an. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ikergazte asteazken honetan hasi eta ostiralera bitartean eginen da Donostiako Kursaal jauregian. 200 ikertzaile gazte euskaldun bilduko dira. «Pozik gaude, sekulako lana izan da dena prestatzea, eta orain gozatzeko unea dator», adierazi zigun Olatz Arbelaitz kongresuaren zuzendariak bezperan. Lan serioa egiten dute, baina elkarrekin gustura partekatu ere bai, momentu on bat pasatuz. Arbelaitzekin izan genuen elkarrizketan jada sumatu genuen hori. ‘ElkarEkin’ da UEUren lema; horrela ateratzen dute guztia aitzinera.

Durangon hasi zen Ikergazte, eta lurraldez aldatu da Euskal Herri osoko ikusmira duelako. Iruñea, Baiona eta Gasteiz igaro, eta Donostiara iritsi da bosgarren edizioan.

 

Guztira 172 lan jaso dituzte bosgarren edizio honetan. Aunitz zientzien eta natur zientzien arlokoak, kimikarekin eta biokimikarekin zerikusia dutenak bereziki. Euskarazko ekoizpena ikaragarri handitzea eragiten du kongresuak.

 

«Ikertzaileok ohituta gaude lan guztiak ingelesez egitera, gure curriculumean balio duten argitalpenak horiek direlako. Euskarazko produkzioa izugarri igotzea dakar Ikergaztek. Hiztegia lantzea ere bai, punta-puntako ikergaiak baitira euskaraz egiten direnak», azaldu zigun zuzendariak. Informatikaria da bera.

Komunitate bat sortu

Ikergaztek helburu gehiago ere baditu: nazioartean egiten den ikerkuntza euskaraz komunikatzea, ikertzaile gazte euskaldunen lana plazaratzea, eta elkar ezagutzea eta komunitate bat sortzea. Izan ere, inguruan eta antzeko gaiekin dabiltzanak ezagutu ohi dituzte, eta bertze jakintza arloetako jendea ezagutzeko aukera aparta da kongresua.

 

Lehenengoz, proiektu deialdi bat zabalduko dute, ikertzaile gazteei egitasmo baten buru izateko aukera emateko. Diziplina ezberdinetako lagunak batzera eta elkarrekin proposatzera gonbidatuko dituzte.

 

«Ikertzaile bat gaztea da, ez jaio zen urteari begira, baizik eta bere ikerketa ibilbideari begira. Bere ikerketa hasten ari denean, tesia egiten ari den bitartean edo tesia irakurri eta ondorengo lau urteetan da gaztea. Hortik aurrerakoak ‘madurikerrak’ gara», argitu zuen Arbelaitzek irribarrez.

Ikerlarien osasun mentalaz

Ikerlari euskaldun eta ez euskaldun, bizitza nahiko prekarioa daramatela kontatu zigun. «Baldintzak ez dira izugarri onak. Tesi bat egiteko ordaintzen diren bekak ez dira bizitzeko adinakoak. Mirariak egingo dituzte Donostian soldata horiekin, mileuristak direlako. Bestalde, presio handia jasaten dute. Gainera, euskaraz egin nahi baduzu, zure denbora horretatik kanpo egin behar duzu. Gobernuei ahoa betetzen zaie ikerkuntzaz hitz egitean, baina gero baliabideak ez dira onenak».

Bizitza prekario horrekin estu lotzen da osasun mentala. Hitzaldietako batean landuko dute eta hausnarketa eginen dute horretaz.

 

Hitzaldi nagusietan pil-pilean dauden gaiei helduko diete: Unai Pascual klima larrialdiaz ariko da, Mari Luz Esteban antropologiaz eta feminismoaz (omenaldia eginen diote basauriarrari), Sophie Scott barrearen neurozientziaz eta Maia Duguine, hizkuntza- aldakortasunaz.

 

Hitzaldiak, lanen aurkezpenak eta saio osagarriak egonen dira. Ikertzaile gazteei ea zein gai interesatzen zaien galdetuz osatzen dira azken horiek. Orotara 172 lan jaso dituzte eta horietatik 155 aurkeztuko dira. Horrek erran nahi du guti gelditu direla kanpoan eta kalitatea badela.

Aurten, lehenengoz, proiektu deialdi bat zabalduko dute, ikertzaile gazteak proiektu baten buru izan daitezen. Askotariko diziplinetako ikertzaileak juntatu eta proposatzea nahi dute, eta horretarako dinamika bat antolatuko dute elkar ezagutzeko. Ekainean eginen dute deialdia, eta irailera arte izanen dute epea proiektuak aurkezteko.

Bertze Ikergazteetan bezala, kongresuak aukera emanen du Donostian daudenez jendeak jakin dezan hemen badela ikertzaile euskaldun multzo bat nazioarteko ikerketa egiten. Ikertzaileek ere izanen dute aukera Donostiako berri jasotzeko. Adibidez, Piratak ezagutuko dituzte, eta Gladys del Estali buruzko dokumentala ikusiko dute. Saio batzuk kalean eginen dituzte, eta ostegunean afarian elkartuko dira Doka kafe antzokian.