«Irrist egiten ari naiz, Sergei!». Horiek dira Dmitri Golovtxekoren azken hitzak denda barruan zela korridore batetik amildu eta zendu aurretik egin zituenak. Sergei Nilov sokakidearekin GIV mendiaren hego-ekialdeko ertza eskalatzen ari zen.
Duela astebete, GIV mendiaren (7.925 m) kanpaleku nagusian alarma guztiak piztu ziren. Muturreko jaitsiera egin eta gero, Sergei Nilov leher eginda eta izozketekin heldu zen altxatutako kanpaleku horretara. Bakar-bakarrik. Non ote zen Dmitri Golovchenko? Hots, Nilovekin batera zazpimilako ikoniko horren hego-ekialdeko ertza lehen aldiz igotzen saiatzen ari zen sokakidea?
Bada, lehen hitzak, oso laburrak, honakoak izan ziren: desagertu da. Aipatu dugun oinarrizko kanpalekuan bakarrik zeuden; ez zegoen beste alpinistarik. Errusiarrekin batera sukaldari eta laguntzaile bana ziren.
Nilovek eskatutako erreskatea martxan jarri zen, baina helikopteroak ezer gutxi egiteko aukera izan zuen. Eguraldi txarraz gain, Golovtxenko garaiera handian zegoen, eta helikopteroa ezin zen hurbildu.
Bien bitartean, Nilov erietxe batean artatu zuten, eta, ondoren. Errusiarra itzuli zen. Hain zuzen ere, bere herrialdean alpinista honek sokakideari gertatutakoaren berri eman du.
Lehen lerroko alpinistok kanpaleku nagusia abuztuaren 18an utzi zuten. Zeramaten tresneria mendiaren oinarrira hurbildu eta 21ean eskalatzen hasi ziren. Ez omen zituzten baldintza egokirik izan eta mantso joan ziren. 7.000 metroko kotan lo egin zuten, eta azken hartu-emana hilaren 30ean izan zen.
Nilovek aurreratu du biharamunean izan zela istripua: «Pendiz txiki batean denda altxatu eta atseden hartzen ari ginen. Erlaitza txikia zenez, hura zabaltzea erabaki genuen. Baina ez zen nahikoa izan. Lo egiteko prestatzen ari ginela, ohartu ginen denda irrist egiten ari zela. Tresneria guztia ondo lotu eta aseguratu ondoren, dendatik atera eta modu egoki batean kokatzen saiatu nintzen. Segundo batzuk igaro zirenean, Dmitriri entzun nion irrist egin eta erortzen ari zela».
Golovtxenko denda txiki horren barruan zegoen, eta ezin izan zuen ezer egin handik ateratzeko. Ondoan zuten korridoretik amildu eta hil zen.
Jaitsiera
Gaua bakarrik igaro zuen Nilovek. Dendarik zein tresneriarik gabe. Biharamunean, jaisten hasi zen, eta hamabost rappel egin zituen. Hain zuzen ere, Golovtxenko erori zen lekuraino. Errusiarrak esan du bere kidea dendan bertan bildu eta han utzi zuela. Nilovek jaitsierarekin jarraitu zuen, eta, denera, bost egun behar izan zituen oinarrizko kanpalekura heltzeko. Protagonistak gehitu du sekzio zail batzuetatik jaitsi zela; ordurako ez zuen janaririk ezta gasik ere. Gauak, gainera, elurrean eginiko kobetan igaro zituen; bederen, bi lo-zaku zituen babesteko.
Alpinista handia
Golovtxenkok GIVan izan zuen istripuaren azalpenak dira, Nilovek berak emandakoak. Bada, aurreratu behar dugu alpinismoaren izen handi batek utzi gaituela. Zendutakoa ez zen profesionala, eta egin zituen espedizio ia gehienak aurrekontu oso txikiarekin egiten zituen. GIVkoa antzekoa izan zen.
Baina bere curriculumari begiratzen badiogu bitxia egiten da profesionala ez izatea. Espedizio asko eta asko Nilovekin egin zituen: egungo sokada eraginkorrenetakoa eta indartsuenetarikoa zen. Zailtasuna, konpromisoa, igo gabeko bideak… Eta, jakina, estilo arina (batzuetan arinegia) edo alpinoa. Oso tresneria gutxirekin maila handia zuten paretak igo zituzten.
Voytek Kurtyka alpinista historikoarentzat estilo alpinoa erabateko askatasuna zen. Alpinista errusiar hauentzat, ordea, inprobisazioaren artea zen. Gailur bat aukeratu eta honakoa aldarrikatzen zuten: erria txikota!
2017. urtean, adibidez, Dmitri Grigoriev-ekin Urrezko Pioleta irabazi zuen Thalay Sagar mendiaren iparraldeko horman bide berri bat zabaltzeagatik. Sari entzutetsu hori beste bitan irabazi zituen. Horietako bat Jannu mendian kokatu behar dugu. Beste behin, Nilovek eta Golovtxenkok soka gerrira lotu eta 2019. urtean mendiaren ekialdeko murrura hurbildu ziren. Birtuoso hauek 18 eguneko sinfonia bat jo zuten partiturarik gabe.
Hormatzarra gainditu, gailurra zintzilik utzi eta jaitsiera epikoa edo oso muturrekoa egin zuten. Golovtxenkok berak aitortu zuenez, helburua handik bizirik ateratzea zen: «Ez genuen han bertan betirako geratu nahi. Ez genuen hil nahi. Menditik at beste bizitza bat dugu. Eta, jakina, gure senitartekoek etxera onik itzultzea nahi zuten. Eta hori egin genuen».
Zailtasun eta konpromiso handiko aktibitateak izan dira: Thalay Sagar, Jannu, Muztagh Dorrea… GIV mendiak, berriz, betirako harrapatu du Golovtxenko.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Identifican los restos de Bengaray, líder del Frente Popular navarro y directivo de Osasuna

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
