NAIZ

Palestinaren erresistentziaren aldeko oihua ez da eten Euskal Herrian

Palestinako erresistentziaren aldeko mobilizazioak izan dira gaur Euskal Herriko hiri nagusienetan, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta. Estatu sionistaren desegitea eta Jordan ibaitik itsasoraino zabalduko den Palestina aske bat aldarrikatu dute gaur manifestazioetan.

Palestinako erresistentziaren aldeko mobilizazioa.
Palestinako erresistentziaren aldeko mobilizazioa. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Palestinaren erresistentziaren aldeko mobilizazioak ez du etenik Euskal Herrian eta gaur manifestazioak izan dira hiri nagusienetan, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta eta hainbat eragileren sostenguarekin.

Goizean, Maulen, Hendaia eta Irun artean eta Iruñean izan dira mobilizazioak. Arratsaldean, berriz, Bilbon eta Gasteizen.

«Palestinarekiko elkartasun olde hau geldiezina da eta Euskal Herrian palestinarren erresistentziari, Estatu sionistaren desegitearen aldarrikapenari eta gobernu eta erakundeen lankidetza eta konplizitatea Palestinako herriaren genozidio sionistarekin salatzen duen babes zabala erakusten du», nabarmendu dute antolatzaileek goizeko manifestazioetan.

«Palestina libre izango da edo ez da izango. Guretzat, irtenbidea Israelgo erakunde sionistaren desegitea da, deskolonizazio-prozesu baten bidez Palestina ibaitik itsasoraino libre eraikitzea, palestinar errefuxiatu eta erbesteratuen itzulera; eta preso politiko palestinar guztien askatasuna ahalbidetuko duena», azaldu dute.

«Guk ez dugu beste alde bat begiratuko! Ez dugu herri palestinarra bakarrik utziko Palestinaren kolonizazio sionistaren aurreko borrokan!», aldarrikatu dute.

Gasteiz eta Bilbo

Arratsaldean, bi mobilizaziok Palestinaren egoera salatu dute Bilbon eta Gasteizen, baita Israelgo Estatuarekin «gobernu eta erakundeen lankidetza eta konplizitatea» ere.



Bilboko hitzorduan, ‘Gora Palestinar Erresistentzia. Sionismoa Genozida’ lelopean, antolatzaileek elkarretaratzea egin dute Gobernu espainolak hirian duen Ordezkaritzaren aurrean, eta Palestinako herriak pairatzen duen egoera eta «PSOEren gobernuak sionismoarekin duen konplizitatea» salatu dute.

Era berean, ‘Palestinarekin Elkartasuna’ ekimenean bildutako taldeek azpimarratu dute ez dutela «beste aldera begiratuko» eta ez dutela «herri palestinarra bakarrik utziko».