
‘Izpiz izpi’ izango da hurrengo Kilometroak jaiaren leloa. Azpeitiko Ikasberri ikastolari dagokio antolatzea eta Soreazu antzokian egin duten ekitaldian eman dute leloaren, logoaren eta webgunearen berri. Eguzki-lorea da hautatu duten irudia, askotariko hostoak dituena, ikastolaren izaeraren adierazgarri.
Olatz Prat ikastolako gurasoa aritu da aurkezle lanetan eta auzolanerako deia egin du: «Asko dugu egiteko. Elkar hartu eta, eskuz esku, pausoz pauso, izpiz izpi, goza dezagun bidea!». Halaber, aurkezpenean hiru helburu zehaztu dituzte.
Euskara da haietan lehena. Azaldu dute ikastolek funtzio «erabakigarria» bete dutela euskararen transmisioan eta prestigioan, eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa agertu dute.
Kulturartekotasuna da bigarren helburua, ikastolako guraso batek txinatarrez azaldu duena. Izan ere, adierazi du euskaldunak mundura zabalik egon nahi duela eta hori dela datorren Kilometroetako gakoetako bat.
Herrigintza izan da azaldu duten azken xedea, ikastolengandik banaezina den kontzeptua dela adieraziz: «Hain zuzen, auzolan handi baten eskutik sortu zen Azpeitiko Ikastola Ikasberri ere».
Logoaren aukeraketaren zergatien berri eman dute, ondoren, Igor Aranbarri eta Amaia Mendizabal ikastolako Artezkaritzako kideek. Eguzki-lorearen hosto guztiak desberdinak direla aipatu dute, baina «denak beharrezkoak lore eder hau osatzeko», ikastolarekin paralelismoa eginez.
Azpeitian egingo duten laugarren Kilometroak jaia izango da aurtengoa, 1979koaren, 2000koaren eta 2011koaren ondotik. Hala ere, Pratek adierazi du edizio bakoitzak baduela zerbait berria.
Kilometroetako materiala saltzeko denda irekita egongo dela gabonetan, herriko plazan, jakinarazi dute.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

PNV ganaría en Bizkaia mientras EH Bildu es la fuerza emergente, según un sondeo foral

Ertzainas acusan a los antifascistas del 12-O de usar «tácticas militares» en Gasteiz

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»
