Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Erkoreka Xuhar «erruduntzat hartzeko kanpaina» egiten ari dela salatu du herri plataformak

Lakuako Segurtasun sailburuak Ertzaintzak larriki zauritu zuen gazteari gertatutakoari buruz eman zuen kontakizun «sinesgaitzari» erantzun dio Xuhar Herri Plataformak. «Biktima izaera ukatzeaz gain errudun izaera ezarri nahi izatea inpunitatearen apologia egitea da, Erkoreka jauna», salatu du.

Erkoreka sailburuari erantzuteko prentsaurrekoa eman du Villabonan Xuhar Herri Plataformak.
Erkoreka sailburuari erantzuteko prentsaurrekoa eman du Villabonan Xuhar Herri Plataformak. (Jon URBE | FOKU)

Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak Ertzaintzak foam balaz larriki zauritu zuen Xuhar gaztea «erruduntzat hartzeko kanpaina» abiatu duela salatu du Xuhar Herri Plataformak asteazken arratsalde honetan Villabonan egin duen prentsaurrekoan. Lakuako Segurtasun sailburuari «inpunitatearen apologia» egitea leporatu dio, eta galdegin Xuhar poliziaren biktima gisa aitortu dezala.

Prentsaurrekoaren aurretik, plaza inguruan Xuharrek eta bere gertukoek entzun behar izan dituzten esaldiak jasotzen dituzten kartelak jarri dituzte herritarren bistara. Titular pare bat: «Erkorekak dio Tolosan Ertzaintzaren karga batean zauritutako gaztea ‘liskarretan parte hartzen ari zela’» eta «Erkorekak zalantzan jarri du Ertzaintzak Villabonako gaztea zauritu izana». Arantzazu Rojo Villabonako EAJko zinegotziak otsailaren 28ko osoko bilkuran botatako esaldia, herritarrak haserrarazi zituena: «Xuhar ez zen tirokatua izan». Ertzaintzaren %76 ordezkatzen duten sindikatuek emandako mezua, agenteek jokabidea «profesionala eta kirurgikoa» izan zela esanez.

«Gezurra galanta guztia», esan dute, dozenaka lagunez inguratuta, Ertzaintzak larriki zauritu zuen Xuhar Pazos gazteari babesa adierazteko plataformak asteazken honetan Villabonan egin duen prentsaurrekoan. Astearte honetan Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak esandakoari erantzun diote agerraldi honekin, «sinesgaitza» baitzaie ordezkari publiko honen bertsioa.

Sailburuak biktimari egotzi zion otsailaren 12ko goizaldean gertatutakoaren errua, baieztatuz Xuhar inauterietako gau hartan sortu ziren liskarretan parte hartzen ari zela. «Zauritutako pertsona ez zegoen han kasualitatez, ez zegoen paseatzen. Istiluetan sartuta zegoen. Botilak, harriak, jaurtitzen zituzten eta aurpegiak estalita zituzten pertsonen ondoan zegoen bere grabazioa egiten», esan zuen prentsaren aurrean.

Honekin, «Hollywood-eko gidoilari onenei ere bururatuko ez litzaiekeen kontakizun sinesgaitza» eraiki du Erkorekak, Beñat Uribe Xuhar Herri Plataformako bozeramaileak ebatzi duenez.

Lakuako Segurtasun Saila «Xuhar erruduntzat hartzeko kanpaina» hauspotzen ari da, plataformako kideen ustez. Gogora ekarri dute foam balak lesio atzeraezinak eragin dizkiola gazte billabonatarrari eta «biktima izaera ukatzeaz gain errudun izaera ezarri nahi diotela» Lakuatik. Hori, argi adierazi diote Erkorekari, «inpunitatearen apologia egitea da».

«Zaurgarri sentitzen gara gure segurtasuna behar duten horiek direnean, hain zuzen, gure giza eskubideak urratu eta larriki kaltetzen dituztenak. Umiliatuak sentitzen gara giza eskubideen urraketa horiek ekidin beharko lituzketen arduradunek biktima izaera ukatu eta erruduntzat jo nahi gaituztenean», agertu dute.

Kosta ala kosta, Ertzaintzaren defentsan

Bestalde, sailburuaren hitzek zalantzak piztu ditzakete, gutxienez bi norabidetan. Batetik, ustez istiluetan parte hartzen ari zen jendearen «ondoan» egotea ez litzateke nahikoa Xuharren inplikazioa iradokitzeko. Bestetik, prentsara filtratu zen ikerketak baieztatzen badu ere ertzainek foam balak gerritik beherako altueran jaurti zituztela, Erkorekak esan zuen botila bat jaurtitzera zihoan gazte baten besoan jo zuela lehenik Xuhar zauritu zuen jaurtigailuak. Gogoan hartu behar da, halaber, Tolosako kargan zauritutako beste pertsona batek sudurrean jaso zuela foam jaurtigailu baten kolpea, otsailaren 17an egin zuten agerraldian Jon Pazosek, Xuharren aitak, jakitera eman zuenez.

Gertatutakoari buruz Ertzaintzak egindako barne epaiketa Tolosako Instrukzio Epaitegira bideratu zuen Segurtasun Sailak. Erkorekak iragarri zuen laster Kontrol eta Gardentasun Batzordera bidaliko dela dokumentua, honek bere ebaluazioa egin dezan.

Ertzaintzak eta, oro har, polizia ereduak aktualitatearen erdigunea hartu dute azken asteotan. Tolosako oldartzeaz gain, Polizia autonomikoak kargak egin ditu Errealak eta Athletic-ek azken partidak jokatu dituzten egunetan eta Gasteizko Martxoak 3ko manifestazioan. Gasteizko kasuak eztabaida bizitu du, infiltratutako agenteak antzeman zirelako manifestazioan eta Erkorekak iradoki zuelako istiluen atzean «sigla» jakin batzuk izan zitezkeela.

Oldartze hauek ere aipatu dituzte Villabonako prentsaurrekoan, eta esan «testuingurua edozein dela ere», egungo polizia ereduak «beti» aurkitzen duela «inpunitate osoz egiten dituen esku-hartzen neurrigabeak justifikatzeko aitzakia».

Kasu guztietan, Segurtasun Sailburuak Ertzaintzaren oldartzeak defendatu ditu, «proportzionatuak» izan direla baietsiz. Eta bide beretik hitz egin du Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak ere. Euskadi Irratian galdegin du istiluak eragiten dituztenengan jar dadila fokua, eta ez hainbeste Ertzaintzarengan.

Horren harira, Xuhar Herri Plataformak kritikatu du instituzioak ez direla onartzen ari egindako akatsak, ez eta ardurak hartzen ari. «Xuharri indarkeria polizialaren biktima izaera onartu eta arduradunei egia azaltzea eta ardurak hartzea eskatzen diegu», aldarrikatu dute.

Jadanik lelo bilakatu duten esaldia errepikatu du Beñat Uribek: «Bada garaia gauzak aldatzeko». Horixe bera aldarrikatzeko, eta indarkeria poliziala salatzeko, martxoaren 16 goizean mobilizatzera deitu dituzte herritarrak eta eragile sozial, politiko eta sindikalak.