NAIZ

Inspirazioz beteta abiatu dira Athleticeko zaleak Sevillara: lehoi eta guzti auto gainean

Kopako finalaren ondorioz, Sevillan sortuko den marea zuri-gorria ikaragarria izango da. Hainbat athleticzale jada iritsi dira Andaluziako hiriburura –bai eta herrialde horretako beste leku batzuetara ere, Cadiz edo Malaga, esaterako– eta beste batzuk ostegun honetan abiatu dira.

Athleticeko zaleak, Basaurin, Sevillarako bidea hartu aurretik.
Athleticeko zaleak, Basaurin, Sevillarako bidea hartu aurretik. (NAIZ)

Orotara, 60.000 eta 70.000 athleticzale espero dira Sevillan, larunbatean, Kopako finalaren ondorioz. Erdiak baino gehiagok ez dute finala ikusteko sarrerarik baina Andaluziako hiriburuan eratuko den giroan murgiltzeko grinak eraman –edo eramango– dituzte haraino.

Athleticek sortzen duen pasio izugarria han eta hemen sentitzen da, Bizkaia aldea zuri-gorri kolorez jantzita dago duela egun batzuetatik –taldeak finalerako txartela eskuratu zuenetik, kasik– eta balkoiak ere hasi dira apaingarriz betetzen.

Badira talde zuri-gorriarekiko duten miresmena harago eramaten dutenak ere: esaterako, Londreseko bi solairuko autobus famatuarekin, ongi atonduta, Sevillarako bidea hartu zutenak. Ez dira gutxi izango halako inspirazioa izango dutenak. Esaterako, Basauriko lagun talde batek Renault 4 kotxea (gazteleraz, ‘cuatro latas’ bezala ezagunagoa) zuri-gorriz apaindu du eta lehoi batek ere lagunduko die bidaian.

Zenbaitek aukeratu dute errepidez abiatzea Sevillaraino, autoz, autobusez –herri batzuetan autobusak antolatu dira–, furgonetan edota autokarabanan. Egiari zor, egunak ere aproposak dira, Aste Santuen osteko egunak baitira eta zenbaiten azken opor egunak ere bai.

Autokarabanarekin joan diren batzuk ere iritsi dira dagoeneko Andaluziako hiriburura eta leku ezinhobean aparkatu dute, Athletic Hiritik gertu dagoen lursail batean. Athleticzaleen topaleku bihurtuko da eremu hori, larunbatean, Sevillako kale guztiak, oro har, zuri-gorriz atontzen hasi aurretik.

Bilbon ere jende andana espero da

Sevillan ez ezik, Euskal Herrian ere igarriko da Athleticek finala jokatzen duela, batez ere Bizkaia aldean. Zehazki, Bilbon, bost pantaila erraldoi instalatuko dira: Santutxun, Iralan, Erreekalden, Ugalde Plazan eta Plaza Barrian. Hauez gain, San Mamesek ere ateak irekiko ditu partida bertan ikusteko (5 euro ordaindu beharko dute bazkideek eta gainontzekoek, 10) eta baita Euskalduna antzokiak ere, honek doan eskainiko du partida.

Hain espero da jende andana, tranbiako eta metroetako zerbitzuak areagotu egingo direla iragarri dute, partidaren aurretik bai eta bukatzen denerako ere.

Bizkaian, bestalde, zenbait herritan ere jarriko dituzte pantaila erraldoiak, Kopako finalaren emozioa bizi asmoz. Besteak beste, Muskiz, Ortuella, Balmaseda, Sopuerta, Getxo, Sopela, Leioa, Etxebarri, Durango, Zornotza, Lemoa, Igorre eta Bakion jarriko dira pantaila erraldoiak.