Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Zailen zitzaizkionak ere konbentzitu ditu EH Bilduk

2020ko hauteskunde autonomikoetatik erakutsi duen goranzko joera azkartu eta zabaldu du EH Bilduk, eta aldaketa gauzatu du hainbat udalerritan. Ez soilik azken bozetan lehia galdu eta bigarren egin zuen herrietan, zenbait feudo ebatsi baitizkie EAJ eta PSEri. Beste askotan nabarmen egin du aurrera.

EH Bilduren Mahai Politikoaren bilera.
EH Bilduren Mahai Politikoaren bilera. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu igandeko hauteskunde autonomikoetan. 2020ko uztailetik metatzen ari zen boto-saldoen gorakada progresiboa –orduko Gasteizko Legebiltzarrerako bozetan ez ezik, hazi egin zen 2023ko Kongresu espainolerako eta udal eta foru hauteskundeetako bozetan ere–, finkatu bakarrik ez, modu esanguratsuan azkartu eta zabaltzea lortu du oraingoan, 341.735 babes jasota, ustez erraldoia eta gaindiezina zen EAJren parera iristeraino. Talaia horretatik, EAEko mapa politikoa aldatuta ikusten du EH Bilduk eta, era berean, Lakuan gobernatzeko aukera errealak dituen talde gisa irakurriko dute aurrerantzean herritarrek eta gainontzeko alderdiek, ziurrenik oposizioan egongo bada ere.

Ageriko ohar pare bat, erkidegoko mapan zoom egin aurretik: hauteskundeetara deituta zeuden hiru euskal lurraldeetatik bitan irabazi du, Gipuzkoan eta Araban. Hiriburuei dagokienez, Gasteizen garaile izan da, eta Donostian 800 botogatik geratu da bigarren. «Berdinketa teknikoa» aipatzen zuen atzo Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak hauteskundeen biharamuneko analisian. Oraindik EAJrengandik urruti dago Bilbon, baina hozkada handia eman dio 2020an banatzen zituen tarteari: 24 puntuko aldea zuten orduan, 17koa orain.

Bestetik, badirudi herritarrek zigortu egin dituztela 2023ko foru eta udal hauteskundeetan eskuinarekin batera egin ziren aliantza baztertzaileak: EAJ-PSE koalizioak EH Bilduk gobernatzea ekiditeko PPren babesa erabili zuen leku guztietan Otxandianoren taldea izan da lehen indarra: Gipuzkoa eta Gasteizez gain, Durangon eta Bastidan irabazi du. Azken honetan PPk alkatetza du, Arabako EAJko zuzendaritzaren erabakiz.

Suziri-jaurtitzailea Gipuzkoa izan bada ere, koalizio abertzaleak igoera orokorra izan du hiru lurraldeetan, eta igandera arte zail zitzaizkion espazioetan hartu duen indar esanguratsuak iradokitzen du, joerari eustea lortzen badu, denbora kontua izan daitekeela inguru hertsienetan ere lehen aukera izatea. Dagoeneko lortu du leku batzuetan: EAJ eta PSEren artean aukeratu izan du Eibarrek –jeltzaleek irabazi zituzten 2020ko autonomikoak, eta sozialistek, iazko udal eta foru hauteskundeak–, baina oraingoan Pello Otxandianoren alde egin dute herritarren %32,11k, EAJri hiru puntuko aldea aterata. Berdin gertatu da Lasarte-Orian ere: boto gehien jaso dituen taldea izan da, bigarrenari (PSE) 6,82 puntuko aldea aterata, eta 7,36koa, EAJri.

Igoera are handiagoa izan da Irunen, nahiz eta koalizio abertzalea ez den lehenengo indarra Gipuzkoaren ekialdeko udalerri horretan. Hirugarren egin zuen 2020an, baina bigarren postura goratu dute igandeko emaitzek, eta ia 6.000 boto lortuta, PSEri aurrea hartu dio eta EAJrengandik banatzen zuen aldea erdira (9,43 puntura) jaitsi du.

Egun, EH Bildu ez dena salbuespen da Gipuzkoan eta, lehenengoz, kolore bakarrez tindatu du Urola Kosta, Azkoitian eta Aian garaitu ostean; eta soilik Beasain eta Olaberria (EAJ) falta ditu Goierrin, EAJri gailendu baitzaio Urretxun eta PSEri Zumarragan.

Amurrion, Arabako hirugarren udalerrian, EH Bilduk 2.053 botorekin irabazi du, 2020an baino 500 gehiago lortuta. EAJk 1.922 lortu ditu, ehun gutxiago. EH Bilduk harrapatu eta aldearekin pasatu ditu jeltzaleak EAEko hainbat udalerritan

EAJ izan zen 2020an boto gehien jaso zituen alderdia Araban, eta oraingoan ia berberak izan dituen arren, EH Bilduk aurrea hartu dio. Hainbat udalerritan gauzatu du aldaketa, kasurako, Errioxarekin mugakide diren udalerrietan Oion, Lagran, Urizaharra eta Bastidan. Halaber, Bernedon, Kanpezun eta Añanan EAJ gainditu du, eta EAJ eta PSE, Iruña Okan.

Baina EH Bilduren arrakasta hiriburuan oinarritu da. Ezker subiranistak 29.959 boto lortu ditu, 2020an baino ia 10.000 gehiago. 2.500 botoko aldea atera dio EAJri, eta 9.000koa, PSE eta PPri.

Gainera, emaitzak hobetzea lortu du 2020ko uztailean irabazi zituen udalerrietan; esaterako, Agurainen botoen %50 baino gehiago lortu du; Asparrenean %67,47; Urkabustaizen %67,42 eta Zigoitian %61,95.

Bizkaiko mendebaldeko herrietan EAJ izan ohi da talde nagusia, eta ekialdean lortzen ditu emaitza hobeak EH Bilduk. Baina koalizioaren gorako joera hasi da jada Bizkaiko errealitate politikoa aldatzen –edo alderantziz–, eta EAJren feudoetan aurrera egin du. Guztira, 21 udalerritan pasatu da bigarren indarra izatetik alderdi bozkatuena izatera; udalerri txikiak gehienak, baina hala izan da Gernikan ere.

Ezkerraldean izan duen gorakada da EH Bildu espazio berrietara zabaltzen ari den froga. Barakaldon, Bizkaiko udalerri jendetsuenean, bigarrena; Basaurin eta Sestaon, hirugarren izatetik bigarren indar izatera pasatu da PSEri aurrea hartuta, eta boto-portzentajeak 5, 6 eta 7 puntuan hobetu ditu, hurrenez hurren. Ez du halakorik lortu Portugaleten, boto-eskukada bat (500) falta izan zaio PSE pasatzeko.

Bilbo, oraindik, urruti du EH Bilduk, baina hauteskundez hauteskunde, oraingoan bezala, 13.000 botoko hozkadaka segitzen badu, agian, Lasarte-Orian, Eibarren edo Araban gertatu den aldaketa gauzatu dezake. Agian denbora kontua da. Agian politika kontua.