NAIZ

«Togak mendekurako tresna gisa erabiltzea» salatu dute apirileko azken ostiralean

Apirileko azken ostiralarekin, elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan. Bertan, Fiskaltzak eta Justiziak «gradu progresioen eta espetxe baimenei dagozkien erabakien aurka» egin dutela gogora ekarri eta «togak mendekurako tresna» gisa ez erabiltzea eskatu dute.

Donostian izandako mobilizazioan harturiko irudia.
Donostian izandako mobilizazioan harturiko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ostiral honetan, apirileko azkenekoa izanik, berriro ere elkarretaratzeak izan dira Euskal Herriko hainbat plazatan, Sare eta Etxerat elkarteek deituta. Sarek emandako datuen arabera, 3.000 lagun bildu ziren 74 herritan egindako elkarretaratzetan. Ohar batean gogora ekarri dutenez, datorren astelehenean beteko da urtebete Donostiako Artzai Onaren atarian «etapa berri baten aurrean dauden oztopoen irakurketa» plazaratu zutela.

«Bertan aipatu genuen urruntze politika gainditzeak ez zuela berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera eta azalera ekarri zituela egungo espetxe politika honek zituen arazo eta oztopoak», adierazi dute.

Horren aurrean, Fiskaltzak eta Justiziak, «berezko botere politiko bilakatuta», EAEko agintari eskudunen espetxe politika «ezbaian jarri dutela» eta, «euskal presoen kalterako, espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakien kontra, gradu progresioen eta espetxe baimenei dagozkien erabakien aurka» egin dutela nabarmendu dute. Horren eredu jarri dute Joseba Borde eta Juan Karlos Subijanaren aurka jarritako elegiteak, biak hirugarrenez espetxera itzularaziz.

«Salatzen ditugu, beraz, beren togak mendekurako tresna bihurtu dituzten horiek eta honen aurrean urratsak ematen jarraitzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari», adierazi dute. «Espetxe politika arrunta aplikatze bidean aurrera pausoak ematen jarrai dezala eta espetxeetako juntek beren irizpide profesionalak aplikatzen jarrai dezatela, Fiskaltzaren eta espetxe zaintzako epailearen jarreren aurrean», eskatu dute.

«Elkarbizitza, konponbidea eta bakea» jarri zituzten jomuga gisa eta horretarako «salbuespeneko jokaeren amaiera» beharrezkoa dela berretsi dute. «ETAren jarduna bukatu eta urte askotara, oraindik, euskal presoen eskubideak urratzeko baliatzen direnak».

Hala ere «giltzak gure eskuetan» daudela aldarrikatu dute. «Euskal gizartearen gehiengoaren babesarekin atzeraezinezko bide batean jarri gaituzten etapak gainditu ditugu, elkarbizitza eta konponbidearen alde».