
Hasiera berri bat irudikatu du Euskaltzaleen Topaguneak larunbat goiz honetan Bilboko Kafe Antzokian: jada ez da gehiago Topagunea izanen, baizik eta ‘Taupa, euskaltzaleen mugimendua’. Izena ez ezik, izana ere aldatuko du.
Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuz, eraldaketa sozial sakon bat eragin nahi dutela adierazi du Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaile orokorrak: «Badakizue aldaketa norberarengandik hasten dela; horregatik ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera».
Hausnarketa prozesu baten emaitza da aldaketa. Jendartearekin konektatzeko bokazioz, euskararekin harreman ezberdina duten Euskal Herri osoko ia 200 lagunen bizipenak eta iritziak aditu dituzte. Bi bide egin dituzte: batetik, ‘Batera Jauzi’ jendarte laborategian euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak aztertu dituzte; eta bertzetik, Nafarroako herritarren artean euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat egin dute askotariko talde baten eskutik, ‘Gero eta aldeko gehiago’ izenekoa.
Ondorioa argia izan da, Taupako zuzendariaren hitzetan: «Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute, eta jauzia eragiteko, gu geu gauden tokitik mugitu behar gara».
Elkarteak gaindituz
Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak azaldu duenez, euskara elkarteak izan dira eta izanen dira mugimenduaren muina, baina hemendik aitzinera, elkarteetan antolatuta egon gabe ere euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izanen dute. Halaber, elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako erreferentzia berri bat izanen dute.
«Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera», laburbildu du.
Modu berriak, oraingo oinarrien gainean
Aunitz dira, izan ere, antolatuta egon edo ez, nork bere erara, euskarari eta hiztun komunitateari ematen diotenak. «Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker izan da», baloratu du Irati Iciar Taupako lehendakariak. «Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?», egin du galdera.
«Euskarak behar duen mugimendua izango genuke», erantzun dio Zapatak.
Herrigintzatik egin izan dugu euskararen alde, eta horretan sakondu behar dugu. Gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunitate anitz, berdinzale eta justuago baten aldekoa.
Parte hartzeko modu ezberdinak eskainiko zaizkie euskaltzaleei taupamugimendua.eus webgunearen bidez: informatzeko eta ahalduntzeko edukiak jasotzea, aktibatzeko proposamenak jaso eta egitea, eta mugimendua diruz babestea.
Aktibatzeko era berriak eskaintzea eta jendeari proposamenak egiteko aukera eta espazioak ematea izanen da erronka, dagoeneko abian diren ekintzak oinarri hartuta. Batzuetan aktibismo digitala izanen da, eta gehienetan, kalekoa. Proposamenak indibidualak izan litezke, ala kolektiboak.
Euskaraldia
Euskaraldian jarri dute begirada. Izan ere, milaka herritar aktibatzen dituen ariketa sozial masibo bat da, ariketa bera gainditu, eta euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua eragin nahi duena; honenbestez, jendea saretzeko aukera ezin hobea da.
320.000 herritar baino gehiago dira ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; hamarretik bat mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?
«Datozen hilabeteetan, taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jarri behar ditugu, berriz ere, erraldoia izan dadin. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; hamarretik bat euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?», egin du gogoeta Zapatak.
Irekidura ariketa bat, komunitate zabala bilduz
Euskararen ardatzean komunitate zabala biltzea izanen da Tauparen bertze erronka nagusia. «Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu», defendatu du Iciarrek.
Azaldu du euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzea ez dagoela soilik euskaltzaleen esku, eta ekosistema komunikatiboaren eta kulturgintzaren eragina, adibidez, sekulakoa dela. Alor horietan eragiten saiatuko dira, eta kultur sorkuntza herrikoia bultzatzen segiko dute. Baina kanpora ez ezik, barrura ere begiratzeko beharra azpimarratu du: «Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko».
Euskararen ardatzean komunitate zabala bildu nahi badugu, euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatu behar ditugu
Hizkuntza harrera komunitarioa
Hizkuntza, kultura eta jatorri aniztasunaren kudeaketaz jardun da Zapata, eta harrera sare oso bat antolatzeko premia aldarrikatu du. «Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea egiteko estrategikoa da, eta euskaltzaleen mugimenduak, beste eragile batzuekin elkarlanean, zeregin handia du».
Iciarren hitzetan, herrigintzan dago erantzuna: «Euskararen ardatzean komunitate zabala bildu nahi badugu, euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatu behar ditugu».
28 urteko ibilbidean, zentzu batean, horrela jokatu izan dutela azaldu du, eta tokiko komunikabideak edo Kafe Antzokia bezalako kulturaren arnasguneak jarri ditu horren adibide: «Herrigintzatik egin izan dugu euskararen alde, eta horretan sakondu behar dugu. Gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunitate anitz, berdinzale eta justuago baten alde egiten duena, eta bestelako mugimendu sozial eraldatzaileen intersekzioan kokatzen dena», definitu du.
Ezerosotasunean segitu, eroso bihurtu arte
Eneko Gorri kideak erran bezala, datorrena «erabileraren aroa» izan dadin, luzaroan beharko dira egoera eta eremu ezerosoetan euskaltzaleak euskaraz mintzatzen, eta beharko dira, baita ere, jarrera hori bultzatuko duten konplizitate berriak, defendatu du Mendizabalek. «Ezerosotasunean aritu beharko gara Euskal Herrian euskaraz aritzea ohikoa eta erosoa bilakatu arte».
Argi utzi du egiturazko baldintzetan ere eragin beharko dela: «Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu».
Euskalgintzaren Kontseilutik akordio berri horien alde bultzatzen segituko dute.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza


