
Odola emateko deia luzatu du ostegun honetan Osakidetzak, Gabonen ostean defizit nabaria egiaztatu ondoren.
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak gogorarazi du odola ematea dela oraindik modu bakarra transfusiorako edo plasmatik eratorritako sendagaiak egiteko osagai ugari lortzeko, osasun jardueran ezinbestekoak diren osagaiak, hain zuzen ere.
Odol osagaien erreserba mailak ohiko mugetatik behera daude, eta egoera horri eragiten dio, gainera, urtaro honetan izaten den birus eta arnas infekzioen hazkundeak. Ia odol talde guztietan hobetu behar dira erreserbak.
Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak laguntza eskatu diete noizbait odola eman dutenei eta urratsa ematea pentsatu baina oraindik egin ez dutenei, behar duten paziente guztiei arreta medikoa bermatzeko.
«Odola ematea da Euskadin egunero 200 pertsona ingururen bizi tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra», zehaztu dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik.
Ildo horretan, gogorarazi dute odola ematen den bakoitzean dozenaka pertsonari lagundu ahal zaiela, odola hainbat osagaitan banatzen baita, eta, osagai horien bidez, hainbat behar mediko artatzen baitira, hala nola tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak edo larrialdiak, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaiak.
Odola emateko bete beharreko baldintzak dira 18 eta 65 urte bitarte izatea, osasun egoera onean egotea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko EAEko hiru lurraldeetan banatutako gune finkoak eta unitate mugikorrak eta haien ordutegiak webgune honetan kontsulta daitezke.
79.000 odol emate
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 79.032 odol emate erregistratu ziren 2024an, 46.844 emaileren aldetik, gehienak ohikoak eta modu erregularrean odola ematen dutenak (urtean bitan edo gehiagotan), eta 6.567 emaile berri izan zirela nabarmendu dute.
Globulu gorrien 70.225 kontzentratu, 11.211 plaketa dosi eta 23.664 litro plasma lortu ziren; horietatik 22.096 botikak egiteko erabili ziren, besteak beste, immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albumina eta abar.
Guztira, 30.000 pertsona baino gehiago izan ziren produktu horien onuradun, bizitza salbatzeko edo osasuna hobetzeko balio izan zietenak, eta Euskadiko 23 ospitale publiko eta pribatuetara banatu ziren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren bidez.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
