NAIZ

Orbik Cybersecurity start-up teknologikoa kooperatiba bihurtu da

Mondragonen eta Ikerlanen arteko hitzarmenari esker, Orbik Cybersecurity start-up teknologikoa kooperatiba bihurtu da. Akordioak hamar milioi euro baino gehiago mobilizatuko ditu datozen lau urteetan.

Mondragonen eta Ikerlanen arteko hitzarmena, Orbik Cybersecurity start-up teknologikoa kooperatiba bihurtzeko.
Mondragonen eta Ikerlanen arteko hitzarmena, Orbik Cybersecurity start-up teknologikoa kooperatiba bihurtzeko. (IREKIA)

Orbik Cybersecurity start-up teknologikoa kooperatiba bihurtu da Mondragon korporazioaren eta Ikerlan zentro teknologikoaren arteko hitzarmen bati esker, Lakuaren laguntzarekin.

Sozietate mugatua kooperatiba bihurtzeko prozesua astelehen honetan formalizatu dute Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Mondragoneko presidente Pello Rodriguezek, Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak eta Orbik Cybersecurityko zuzendari nagusi Salvador Trujillok, zentro teknologikoak Arrasaten (Gipuzkoa) duen egoitzan egindako ekitaldi batean.

Orbik Cybersecurity Ikerlan zentro teknologikoaren start-up bat da, eta, Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2023ko hasieran sartu zen zibersegurtasun industrialaren merkatuan, produktu elektronikoen zibersegurtasunean eta nazioarteko arauen araberako kanpoko akreditazio zigilu bat eskaintzean zentratutako enpresa gisa.

Orain, kooperatiba bihurtuko den lehen start-up teknologikoa izango da, «ekintzailetza teknologikoko modu berri baten eredu bihurtuz».

Hitzarmenaren bidez, kooperatiba berriak hamar milioi euro baino gehiago mobilizatu nahi ditu datozen lau urteetan, taldearen aktibo teknologikoak merkatura transferitzea sustatzeko, eta Jaurlaritzaren laguntza izango du, SPRI taldearen Basque Tek Ventures programaren bidez.

Sortu zenetik zehaztutako bide orriari jarraikiz, eta 1,8 milioi euroko finantziazio erronda itxi ondoren, Orbik Cybersecurity-k astelehen honetan amaitu du kooperatiba bihurtzeko prozesua, eta, gainera, bultzada handia jaso du datozen urteetan hazten jarraitzeko.